Bankete izugarriak

Baina ez da hala izango. Bodak eta banketeak, gai ederra iruditu zait nire uda parteko eskritore-ahaleginari bukaera emateko.

Izan ere, Txirritak bere ezkontzari jarritako bertsoekin akordatzen naiz maiz, ezkontzetako “bankete izugarrietan”, nostalgiaz betetako pentsamenduak etortzen zaizkidanean. Ez dakit izango ote den nik ere, Txirritaren antzera, urruti samar ikusten dudan nire ezkontza imajinatzen dudalako, edo Txirritaren bertso horiek entzutean lagun artean kantatuz pasatako momentuekin akordatzen naizelako: “…dozenerdi bat urdai-azpiko zintzilik dauzkat jarriyak, saltxitxoi eta lukainka asko Aragoitik ekarriyak…”. Eta, ezinbestean, Xabi eta Martin lagunak imajinatzen ditut nire albo banatan, kantari baldarren moduan eztarriko bena puztu-puztua dugula; bertso-jarrien txanda bukatutakoan kopla saioa hasiko da eta, bukatzeko, bat-bateko bertso bana ezkonberriei.

Ezkontza-egunaren antolaketa lan mardula da, gero eta mardulagoa azken urteetan. Antolaketa zenbat eta konplikatuagoa, askoz joera handiagoa izan dezakegu antolaketa hori hainbat profesionalen eskuetan lagatzeko; eta, ezkontzen inguruko eztabaidak luzerako eman badezake ere, niri orain gai hori da interesatzen zaidana: zeinek antolatzen du ezkontza bat, eta zeinek erabakitzen ditu ezkontzako uneak eta erritmoak? Irudipena baitaukat, ezkontza asko eta askotan, profesionalek hartzen dituztela sekula hartuko beharko ez lituzketen erabakiak; haiei utzi diegula gureak diren arduren erabakia.

Azken aldian ez ditut horrenbeste ikusten, baina gogoan ditut ezkontzetako bideoak produzitzeko ardura hartzen zuten bideo-profesional haiek. Neronek ikusia da andregaia kotxetik sartu eta ateratzen hiru aldiz, profesionala grabazioarekin gustura ez zegoelako. Gero, igual hasiko zitzaizun grabatzen profesional hura bera bazkalondoko koadrilakoen baldarkeriak, ezkontza batean sarri egiten direnak baina bideo batean ikustea nahi ez genituzkeenak. Motibo gutxiagorekin eskandalizatu gara kaleetan kamerak jartzea erabaki zutenean! Eta, kontuz, ez dira profesionalak langintza horietan aritzen diren bakarrak: japoniarren estiloa imitatuz, asko dira unean unekoa disfrutatzea baino, irudi onak eternitaterako hartzearekin obsesionatzen direnak, jendearen sensibilidadearen kaltetan sarri.

Bazkalondoko musikarenak ere zer pentsatu handia ematen dit. Musika-profesionalen tirania sufritua naiz ezkontza batzuetan. Ezkontzetako musikariek izan behar lukete kapaz dantzan egin nahi duena dantzan jarrarazteko, eta patxara ederrean purua errez berriketan egon nahi duenari –hori ere galaraziko digute halako batean!–, musikaren alegrantzia transmititzeko ere bai. Batzuek badakite lan hori oso ondo egiten. Beste batzuek ez, ordea: ez da harritzekoa izango egon nintzen azken ezkontzan neure buruarekin hizketan bukatu izana, DJ-aren nabarmentzeko nahiak aretoko konbertsazio guztia jaten baitzuen. Han ez zegoen ondokoarekin hitz egiterik, hura zen burrunda, hura! Faltan bota nituen pare bat trikitilari on, edo ezkontzetako konjuntoren bat, lau-bost musikariz osatua. Pentsatu nuen bakoitzari antzeman egiten zaiola zein den bere jatorria: zuzeneko musikariena berbena da, eta berbena estiloan joko dizute ezkontzetan; DJ-ena diskoteka da, bolumena gainezka jarriko dizute eta jende guztia dantzan egotea nahi izango dute, horretarako animo eta oihuak eginez. Musika-estiloan ere, nabarmena da bakoitzaren joera zein den.

Eta, inportanteena: edozein musikarik gai izan beharko luke etxetik pentsatua dakarren ordena estutik inprobisazioari leku egiten, flexible izaten. Ez al zaizue inoiz gertatu musikariekin edo DJ-ekin borrokatu behar izana ezkonberriei zerbait –kanturen bat, bertsoren bat…– eskaini  nahi izan diozuenean?

Neroni ere aritua naiz ezkontzetan “profesional” lanak egiten: dirua biltzeko sistema ona izan da dantza taldeetan enkarguzko ezkontzetara joatea. Horretan aritu denak badaki zer diferentea den taldeko baten edo ezagun baten aurrean dantzatu, norbere gogoz, edo enkarguzko ezkontza batean, inork ezagutzen ez zaituen inguru batean. Planteatu beharko genuke gehiagotan ea ez ote litzatekeen egokiagoa inguruko lagunen parte hartzea, hain “profesionala” ez izanagatik, sentimendu handiagokoa baita.

Ezkontzetako “bankete izugarriak” festa behar luke izan lehendabizi; eta festak, berezkoa du ohiko ordenaz kanpokoa izatea; antolatuegia ez izatea. Horregatik gustatzen zaizkit protokoloak puskatzeko eta festa-giro inprobisatua jartzeko gai direnak: ezkontzako bankete luzean bi edo hiru aldiz mahaitik altxa eta “umblembe” esaten dutenak, edo musikoei mikrofonoa kendu eta ezkontza guztietan kantatu ohi duen kanta ederra ezkonberriei eskaintzen diena. Eta, zer esanik ez, Txirritaren ezkontzako bertsoak kantatzen dituztenak: “…lau kapoi-pare eta sei oilo agindu dizkit erriyak, ni ezkontzian izango dira bankete izugarriyak!”.

Hala bedi.

Txirrita eta Saiburu bertsolariak (1930)

Irudia | Txirrita eta Saiburu bertsolariak (1930) | Indalecio Ojanguren (Gipuzkoako Artxibo Orokorra) | LGPL

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....