Artikutzaz gozatzeko parada, larunbatean
Eguerdian, Oiartzun eta Goizuetako pilota eskoletako gaztetxoen arteko partidak izango dira –frontoia dago finkan-. Bazkalostean, bertsolariak eta erromeria antolatu dute. Goizeko 08:00etatik bisitatu ahal izango da finka –urteko gainerako egunetan ikusteko baimena eskatu behar da-.Donostiako Udalak erosi zuen lur saila, ur hornidurarako. Bertan dago Enobieta urtegia. Inguru zoragarria da. Zuhaitz eta animalia asko dago. Ez hori bakarrik. Baita trikuharriak, mairubaratzak eta tumuluak ere, antzineko hobiak alegia. Historialarien arabera, duela 30.000 urte iritsi ziren lehen gizakiak bertara. Paraje ederra izaki, hainbat filmetarako baliatu dute. Urrutira joan gabe, Bosque de Sombras (Koldo Serrak zuzenduta eta Gary Oldman aktore ezaguna protagonistaren larruan) errodatu zuten duela urte batzuk, egun gutxi barru Zinemaldian estreinatuko duten Izarren Argia-ko lan taldea bertan jardun zen eta uda honetan bertan Bernardo Atxagaren Bi anaia liburuan oinarritutako pelikula errodatu dute. Balbemendi telesaila ere inguru horretan egin zuten.