Arriya

Ez al zaizue harritzekoa iruditzen izena bera, “Arriya”? Ez naiz ari juzgatzen ondo ala gaizki dagoen filmaren izena euskara batuan ez egotea, neronek ere ez daukat garbi kontu hori, baina azkenean izen hori jartzen badiote atentzioa emateko modukoa denik ezin ukatu. Neronek ere grafia hori –“iya” eta, gipuzkera estiloko gauza batzuk– erabili nuen Zarauzko “Txaparro” herri-aldizkarian, bertsoak idatzi nituenean; formatu jakin batzuetan erabili dut eta erabiliko nuke idazkera hori, baina beste batzuetan ez. Ez naiz hitz egiten den bezala idaztekoaren aldekoa, ahozkoa eta idatzia hizkuntza diferenteak direlako eta bakoitzak bere legeak behar dituela iruditzen zaidalako. Eztabaida aberatsa izan daiteke, baina nik ez daukat une honetan askorik aportatzeko.

Argazkian ikusten duzuenak ere badirudi hautsak harrotu dituela: alegia, filmari izena ematen dion harriari tira egin behar eta, grabazioan zaldia jo egin zutela –ez dakit seguru nola izan zen, baina astindu batzuk eman zizkioten behinik behin– eta baten batzuk ez zutela ondo hartu. Esplikazioak eta guzti eman omen zituzten, esanez lasai egoteko, animalia horiek ohituak daudela tratu horretara. Horretaz zerbait jakingo du Alberto Gorritibereak, festa-egitarauak betetzen aritzen den “Gorriti” kastakoa baita bera. Kontuak kontu, ez dakit ba ez ote garen ari gauzak bere onetik ateratzen; gero eta sensibleagoak gara ikusten dugun biolentziarekin, baina beti bezain itsu segitzen dugu ikusten ez dugunarekin. Gezurra ematen du Afrikan egunero jendea goseak hiltzen dela.

Ni grabazioan egon nintzen egunean ez zegoen ez zaldi eta ez mando, bai ostera dantzariak. Zarauzko Iratzarri dantza taldearekin jarri ziren harremanetan orain dela pare bat hilabete, eta esplikatu ziguten Urola bailaran film baten grabazioa egin behar zutela eta dantzari-txikiekin osatu behar zituztela eszena batzuk. Harrezkero etenik gabeko kontaktu eta prestaketa-lanak izan ditugu: protagonista aukeratzeko casting-a, dantzari taldearen osaketa, arropa eta materialaren aukeraketa, ensaioak eta, azken-azkenean, ailegatu zen grabazio-eguna ere.

Ez nuke grabazio-eguneko detaileekin inor aspertu nahi. Guretzat oso nekagarria izan zen, grabazioak berez neketsuak izanik, hogei haur egun guztia grabazio batean edukitzea ez delako gauza erraza. Gainera, estudioan egiten ez diren grabazioek konplikazio handiagoa dute: plaza osoa isildu beharra, eguraldia, eszena horietan mobilizatu behar den jende multzo izugarria…

Noiz edo noiz proiektu jakin baterako jende asko mobilizatzeko lanetan aritua naiz, dantza talde osoak egindako aktuazioak preparatu ditugunean esaterako, baina, hala ere, film baten grabazioak horiek denak gainditzen ditu; harritu ninduen hainbesteko jerarkiak eta jende sail handiak, gauza bakoitza egiteko lan-talde bat egoteak. Telefonoz nahiz aurrez aurre, harremanetan egon izan naiz bai zuzendaritzarekin –eszenaren grabazioa erabakitzeko eta, gero, Zestoan bertan, grabazioa egiteko–, produkziokoekin –baliabideak ematen dituztenak dira, gastuak, autobusa, jan-edana…–, bestuariokoekin –dantzarien jantziak goitik behera nolakoak behar duten izan–, atrezzo-koekin –osagarriak, alegia, ezpatak, makilak, arkuak, bandera eta horrelakoak– eta bakarren bat ahaztuko zitzaidan.

Grabazioa bukatu eta Zestoatik bueltan Zarautza, autobusean sartuta, haurrak kantari zeuden bitartean pentsatzen aritu nintzen askotan amestu izan dugula guk ere baliabide handiak edukitzearekin, gauzak antolatzeko nahi haina jenderekin, tajuzko aurrekontuarekin, eta gure lanaren ospe edo estimazio minimoarekin. Ez ote gara gehiegitan aritu bakar antzera eta laguntza handirik gabe lanean? Beste burutazio batzuk ere etorri zitzaizkidan segidan, justu kontrakoa pentsatuz: ez ote garen ari beti kejatzen, beti eskean, gure problemak besteek konponduko dituztelakoan. Gauza guztiek baitute bere ospea eta bere ajea batera; film kontuetan ni baino jakitunagoa den Bertol Arrieta lagunak esaten zidan lehengoan, ez dela lan makala film batean mobilizatu behar den jende guztia eta preparatu behar diren lanak ondo koordinatzea.

Proiektu handia zein txikia, kejatu nahi duenak beti izango du motiboren bat; dirua irabaztea beste gauzarik buruan ez duenari gertatzen zaiona bezalakoa da: ez duela mugarik. Gutxi daukanak asko nahi, eta asko daukanak, gehiago. Eskarmentuak erakusten du zer gauza diren inportanteak edozein proiektu burutzeko; niretzat, garbi dago: proiektu horretan kolaboratzaile edo bidelagun onak, konfiantzakoak aukeratzea, harriari geurekin batera tirako dioten lagunak; eta bakoitzak berea ahalik eta ondoen, buru-belarri, konpromiso osoz egitea. Satisfazio handienak eta etorkizunerako hazi interesanteenak –pertsonalak, batik bat– hortik etortzen baitira. Gainontzean, autokritikarik gabe beti aitzakia bila aritzeak –edo beti negarrez, edo beti kulpanteak besteak diren ustean–, ez du ezertarako balio.

Izan ere, eta hau da aspaldian daukadan intuizio benetakoena, proiektuetan nahiz bizitzako erabaki inportanteenetan, handi edo txiki, berdin dio, beti gaudela argazkiko zaldia harriari tiraka bezala: bakarrik.

Bakar-bakarrik.

"Arriya" filmaren grabazioa Zestoako plazan

Irudia | "Arriya" filmaren grabazioa Zestoako plazan | Ainara Garcia | LGPL

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....

Zer duzu buruan “Arriya”-ri buruz

  • Oso ondo idatzita dago. Gustatu zait. Zure intuizioarena egia borobila da!!