Joseba Zulaika: “Ezker abertzaleak aldebakartasunaren alde egitea iraultza politikoa da”

Zulaika: “Ezker abertzaleak aldebakartasunaren alde egitea iraultza politikoa da”

“Bakea eginda dago EHan?”. Probokazio gisa galdera horixe luzatu du Joseba Zulaikak “Abertzaletasunaz XXI. mendean”, Jakin eta Zuzeuk antolatu duten EHUko udako ikastaroan egin duen berbaldian, “Mundu handitik mundu txikia eta alderantziz”.

Joseba Zulaika: "Ezker abertzaleak aldebakartasunaren alde egitea iraultza politikoa da"Amerikartatutako antropologoak sarreran esan duenez, bere belaunaldia zalantzak zirenean ere kolokan jartzen ez zen axioma baten bueltakoa da, “Nire aitaren (amarena ere bada, gehitu zuen) etxea defendatuko dut”. Arestirena eta ETArena baita bere belaunaldia.

Zulaikak bi ardatzen gainean eraiki  du ikastaroari egin dion ekarpena, mugarri bezala Agirre lehendakaria eta azken urteetan ezker abertzaleak abiatu duen hausnarketa hartuta; “Nazionalismoaren bi momentu apurtzaile”. Gainera, mezu nagusi bat azpimarratu gura izan zuen beste ezeren gainetik: zein garrantzitsua den pentsamendu berri baten beharra edozein mugimendu politikotan. “Abertzaletasunak behar du!”.

Bi ardatz nagusien eta azken mezuaren aurretik baina, berriro Arestiren etxea hartu du ahotan. “Etxeak itxidura dakar, muga. Bizi dugun mundu kosmopolitan gure lekuari nahi diogu muga bat eman. Baina nolakoa behar du izan etxeak? Oinarrian fideltasuna zor diogu gure gertakizun oinarrizko bati, euskaldun garela. Eta historian horrexegatik mila errepresio bizi izan ditugula, beti ertzean, bi Estatu handiren artean. Gure etxeak nolakoa izan behar du? Euskal kulturan bilatu behar dugu”.

.

Agirre Lehendakaria

Agirre Lehendakaria “gizon paradikmatikotzat” du Zulaikak. “Bidegurutzeak izan zituen, eta erabaki argigarriak hartu beharra: demokrazia  eta fazismoa, erlijioa ala Lenin -kristaua zelako jarri ei zen azken honen alde-. Nazionalista eta internazionalista zen, Estatu gizona. Euskal nazionalismoa eraiki zuen aranismotik abiatuta. Hegemonia berri bat artikulatzen jakin zuen Prietorekin, jakin zuen ulertzen antagonismoaren frakasoa”. Akats bat jartzekotan, bakarra jarri dio, “Amerika handian fede gehiegi” agertu izana. Berbaldia bukatu ondotik, eta galderen txandan, Zulaikak lehendakariaren figura goraipatu eta aldarrikatu izana gogor kritikatu duenik ere izan da aretoan.

Agirrek kanpotik etorritako indar nagusiago batek askatuko gintuenaren sinesmena, zentzu tragikoan, bere belaunaldiak bizi izan zuen ETAren pasioarekin ere parekatu du. “Sakrifizio behar hori, agertu dugun masokismoa edo super egoa, aberriaren alde inoiz nahikoa eman ez izanaren sentipena”.

.

Ezker abertzalearen iraultza politikoa

Antropologo gipuzkoarraren esanetan, “bidegurutze garbietan ezker abertzalearen portaera anakronikoaren ondoren, nola irten zulo horretatik, lehentasuna militarrek ala politikariek zuten planteatu behar izan du”. Zulaikaren aburuz nozio klabe bat agertu da erantzunean: “Otegik unilateralki jokatu beharra esateak faktore erabakiorra da, benetako iraultza politikoa”.

Iraultza da “beste handi hori, Estatua,  alde batera uzten delako. Eta horrek esanahi sakona du: zuek ez duzue gure bizitza erabakiko”. Aldaketa  horrekin  militarki galdu edo utzi egiten da, politikoki irabazteko; “berriro hegemonia artikulazio ezberdina bilakatzen da”.

Beste  alde batetik, Zulaikak uste du ezker abertzaleak asmatu duela euskal gatazka publiko internazional baten aurrean jartzerakoan ere. “Bakegintza birtuala egin da, antzerki politikoa -bake akordio formalik izan ez delako-. Eta erreala izan gabe, internazionalki, zein garrantzia izan duen!”.

.

Mundu handitik mundu txikira

Puntu honetan, bere berbaldiak “Mundu handitik mundu txikira eta alderantziz” izenburua zuenez, eta nazioarteko ikuspuntua aipatzen hasita, New York Times-en euskal aferaren berri nola eman duten ere agertu du; estatubatuar egunkaria mundu globalizatuaren ikurra begitantzen zaiola kontuan hartuta. “Bakea  gauzatu al den galdetuz gero, zein da erantzuna? -esan du hedabide itzaltsuan 2014an, Eskoziaz eta Kataluniaz mintzo zirela irakurri zuen editoriala aipatuta-. Zera zioen gatazkari buruz, euskal separatistekin izandako gerra luzea amaitu zela alderdi nagusiek negoziatzea erabaki zutenean (!?!)  Zergatik?  Ignorantziaz? Eta egia bazioten?”, itaundu du adarra jotzeko gogoz.

J. Zulaika: "Ezker abertzaleak aldebakartasunaren alde egitea iraultza politikoa da"“Nork du boterea, nazioartean, zer gertatu den edo gatazka bukatu den erabakitzeko… espainiar Estatuak ala NYT-ek? Kontua da norena den azken hitza, eta hor kokatzen da aldebakartasuna: gatazka  amaitu da guk erabaki genuelako!” -presoen aferak hor dirauen arren-.

“ETAren borroka opari bat zen Estatuarentzako -dio Nevadan bizi den bizar zuriak-, terroristak zarete eta ez duzue legitimitaterik nazioartean esan zezan”. Eta aldebakartasunak kolokan jarri du sistema zaharra areago finkatzen zuen jokamoldea.

“Honek erakusten du pentsamendu berri baten beharra zein inportantea den politikan. Errealitatea berdina da, baina ezberdin ikusten dugu; zu mugitzen zaren bezala mugitzen da ikuspegia trenean ere”. Izan ere, antropologoaren esanetan, “antagoniko jartzen bagara oker gabiltza, bestearen existentziak nirea ukatzen du, beraz, suntsitu behar dut esatera baikaramatza”. Horra arestian aipatutako super egoa, masokismoa, sakfrifizioa. “ETAren belaunaldiaren zentroa borroka eta destrukzioa zen, baina sustrakzioa, ukazioaren alde afirmatiboa, baliagarriagoa da”. Hau da, lehengo egoeratik baliagarria dena hartzea aurrera egiteko. “XXI. mendeko nazionalismoak lehengoan, Agirrerenean, egon behar du sustraitua, beste harreman hegemoniko batzuk artikulatuz; forma berri bat emanda, beste m0du batera bizi”.

“Nazionalismoak behar du deskonbertzio bat, bere buruarekin gustura egon ez eta postabertzalismoa  interesgarria egin… Unamunoren angustia existentzialaren kultura eta ETAren masokismo iturritik ihesi”.

“Gure kultura bihurtu behar dugu gozamen iturri handi bat”.

Zulaika / Zulaika / Zulaika

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Joseba Zulaika: “Ezker abertzaleak aldebakartasunaren alde egitea iraultza politikoa da””-ri buruz