Ane Larrinaga: “Estatuaren helburua euskal kultura berreskuratzea litzateke”

Ane Larrinaga: “Estatuaren helburua euskal kultura berreskuratzea litzateke”

“XXI. mendeko abertzaletasunaz”

ane larrinagaAne Larrinaga Renteria EHUko irakaslea “Parte hartuz” ikerketa taldeko kidea da, eta Ipar Hegoa fundaziorakoEuskal Estatua irudikatzen lanean ekarpena egin du.

Bere hitzartzea, “Estatua, abertzaletasuna eta euskara”, hiru zatitan banatu du.

.

1.- Euskararen aldeko eragileen iritziak Euskal Estatuaz

Hainbat elkarrizketa egin ondoren atera ditu ondorio hauek Larrinagak. Estatuaren ezinbestekotasuna ez da zalantzan jartzen eragile hauen artean, bai ordea estatu proiektua bera: helburuak, subjektu politikoa eta proiektuaren egokitasuna. Euskalgintzaren gehiengoarentzat estatua ez da erabateko lehentasuna, nazio kulturala egikaritu edo bermatzeko tresna baizik. Ikuspegi kulturalean oinarri etnikoa da erroa, estatuaren helburua euskal kultura berreskuratzea litzateke, euskal hiztunen komunitatea erdigunean jarri eta trinkotzea. Bi diskurtso bereizten dira euskalgintzan:

  • Nazio kulturala eta estatu eraikuntza bateragarri ikusten dutenak.
  • Nazio kulturalaren eraikuntza gainetik jartzen duena.

Lehenengoan subjektu demokratikoa hartzen da aintzat, bigarrenean, aldiz, nazio kulturala; hots, estatu bat sortzeak motibazio asko izan ditzake (ekonomia, bizitza duina, nortasunak…), baina azkenekoentzat nazio kulturalak dauka lehentasuna. Bi diskurtso hauek testuingurua konpartitzen dute:

  • Ziklo amaieraren diagnostikoa: hizkuntza politikak agortuta eta euskalgintza ahul.
  • Ardura: abertzaletasunak euskara desplazatuko al du estatu proiektua egikaritzeko?
  • Egungo egoerak ez du nazio kulturalean oinarritutako estatua ahalbidetzen.

.

2.- Euskal nazioaren formulazioa historian.

  • XIX. mendea: foruetatik naziora egin zen jauzi, eta arraza jarri zen oinarri.
  • 60ko hamarkada: nazioaren birformulazioa, euskarak zentralitatea irabazten du.
  • 80ko hamarkada: nazioa osagai politiko zibikoez garatzen da. Abertzaletasunera erdaldun ugari gerturatu ziren, kontserbadore zein ezkerreko. Abertzaletasunaren imaginarioan ez da euskal nazioa ezabatzen, baina praktikan nazio inklusiboa lehenesten da.
  • XXI. mendea: diskurtso berriak agertu dira. Nazioaren eraikuntzatik estatu eraikuntzara. ETAren borroka armatua amaitu osteko testuinguruan burujabetza beste termino batzuetan ulertzen da. Hemen Larrinagak antzekotasunak ikusten ditu 60ko hamarkadako gazteen eta gaurkoen artean. Proposamen berriak egiten dabiltzanak gazteak dira, akademiakoak, eta egungo korronteetatik edaten dute, aldaketa ildo bat mahai gainean jarriz. Elementu berritzailea zera da, fokoa ez dela nazioa, estatua baizik (Katalunia eta Eskoziako prozesuen eragina izan daiteke); hori lortzeko hegemoniak nola osatzea da kontua. Adibidez, balio unibertsalak (demokrazia) gure egin, eta hori babesteko estatua eskaini tresna gisa. Diskurtso identitarioak garrantzia galtzen du estatu eraikuntzan.

.

3.- Euskararen aldeko mugimenduaren bilakaera.

60ko hamarkadatik hona euskalgintza abertzaletasunarekin aritu da aliantza inplizituan. Eredu hau bi unetan jarri da auzitan:

  • Instituzionalizazio autonomiko garaian.
  • ETAren borroka armatua amaitu osteko agertokian.

Orain arte euskara ikastea ekintza politikoa ere izan da, ez zen hizkuntza bat ikastea soilik, euskalgintza eta abertzaletasuna norako berean zihoaztelako. Egoera normalizatuagoetan hizkuntza eta politika bereizita leudeke, bi esparruen interesak ezberdinak liratekelako. Baina frankismoan euskalgintza eta abertzaletasun berria elkarrekin jaio ziren. 80ko hamarkadan mugimenduaren despolitizazioaren aldeko lehen ahotsak entzun ziren, Txepetxena, esaterako; euskara bilgune nahi zuten.

.

Euskalgintzari honako erronkak ikusten dizkio Larrinagak aurrera begira:

  • Marko kognitiboaren krisia.
  • Mugimenduaren erakundetzea.
  • Euskal hiztunen dibertsifikazioa.
  • Esparru politikoan abertzaletasunarekiko autonomia. 
Ane Larrinaga
ane larrinaga
abertzaletasuna, ane larrinaga, EHU, estatua, euskal estatua, euskara, ipar hegoa, jakin, udako ikastaroak, XXI. mendea, zuzeu
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude