Peio Etxeberri-Aintzart: “Ipar EHko elkargo bakarra ukazio baten fruitua da”
Peio Etxeberri
Peio Etxeberri Aintzart historialaria Elkar argitaletxeko editorea da egun. Hitzaldia hasi aitzin ikusleei ohartarazi die berea ez dela diskurtso objektibo bat, historialaria eta militantea baita. Horretaz gain Iparralde asko daudela azpimarratu du, eta berak eskaintzen duen ikuspegia pertsonala dela.
.
NON DIRA ABERTZALEAK?
Hego eta Ipar Euskal Herria asimetrikoak izan dira. Iparraldea beti izan da txikia, landa eremukoa, hiri handirik gabe eta pobrea. Parisek ikaragarri zentralizatu du estatua, eta euskal lurraldeek izan duten garapen eskasa antolakuntza honen ondorioa da. Kontutan hartu behar da euskaldunek behin baino gehiagotan borrokatu dutela Frantziaren alde; oso sustraituta dago euskalduntasuna, baina txikira jokatuz, hots, aberri txikia aberri handian, hots, Pays Basque Frantzia handian. Lurralde erakargarria da hainbat ikuspuntutatik begiratuz gero, eta horrek ondorio txarrak izan ditu enpleguan, etxebizitzan, ikuspegi sozialean… Abertzaletasunari dagokionez, Ipar Euskal Herriko mugimendua beti sentitu izan da gutxietsia, arreba edo anai gaztea bezala, Hegoaldeko abertzaletasunaren aurrean.
.
NORTZUK DIRA ABERTZALEAK?
Mugimendu gaztea da, 1963an abiatutakoa; horrek esan nahi du egun sortzaileak eta belaunaldi berriak elkarrekin dabiltzala lanean. Ondoren antolakunde ezberdinen inguruan aritu da:
- EAJ 1895ean sortu zen, Ipar Euskal Herrian mende bat beranduago, 1996ean (EAJ-PNB).
- ENBATA – EHAS – EB (sozialdemokrazia, federalismo europearra).
- IK – EMA ezkerra, adar militarrarekin.
- PATXA – Herriaren Alde. Mugimendu heterodoxoa, ezkerrekoa.
- 1996an Abertzaleen Batasuna osatu (Enbata+EMA+HA+HB).
- 2001ean Abertzaleen Batasuna zatitu (AB eta Batasuna).
- 2011an EA+Batasuna+AB = EH BAI.
.
NORA DOAZ ABERTZALEAK?
- Borroka instituzionala: Euskal Herriko Elkargoa ukazio baten fruitua da, Estatuak egindako erdibideko eskaintza haserrea eta sumindura heda ez zedin; dena den, lehen errekonozimendu ofiziala izango da.
- Hizkuntza ofiziala: Estatuak ito egin du beti, ez du babesik. Hiztun zaharrak hiltzen ari dira, kanpotar ugari, ikastolek ez dute mundu guztia euskalduntzen, euskaldun askok bazter uzten dute; nazio kulturala itotzen ari da.
- Laborantza ganbara: Tokiko ekonomiaren garapena.
- Eraikuntza nazionala:
Abertzaletasunak sekulako erronka dauka arlo sozioekonomikoan. Ipar Euskal Herria eskuindarra, sozialdemokrata eta frantziarra da orohar, eta abertzaletasunak diskurtso zabalagoa garatu behar du gobernatu ahal izateko. Proiektu politiko serio bat definitu behar da, eta hori ez da erraza, EH BAIren barruan korronte politiko asko baitaude.
.
NOLA DOAZ ABERTZALEAK?
Militanteak motxila handiak dauzkate, fronte askotan aritu behar dira lanean, ardura asko dituzte, eta horrek indar sakabanaketa dakar. Abertzaletasunarentzat zaila da indarrak batu eta arrakasta politikoak kapitalizatzea.
Barnealdea eta kostaldea arras ezberdinak dira, landa eremua eta giro urbanoaren talka, abertzaletasunaren presentzia nabaria da batean eta marginala bestean. Horretaz gain, militantziaren krisi baten aurrean gaude, eta adibide bezala ikastoletako haurrak jarri ditu. Lehen ikastolen alde jo eta su aritu behar ziren borrokan, eta haurrak txikitatik ohitzen ziren mobilizazioetan parte hartzera; eskolatik irtetean, militante bihurtzen ziren. Gaur egungo belaunaldia ikastola baten alde borroka egin behar izan ez duen lehena da, eta ez dira militante bihurtzen nerabezaroan.
Nabarmendu du gazte mugimenduak errepresioaren aurkako erantzuna eta nortasuna asko latzen dituela, baina ez bertako gazteriaren problematika errealak. Amaitzeko, nabarmendu du EH BAIren arrakastaren ondorioz zinegotzi gehiago daudela, kide berri gehiago, eta jende hori aldentzen ari dela EH BAIren oinarri batzuetatik; Labeguerye jarri du adibide.
“kanpotar ugari”? Zein arrazista!!
Jonan, kariƱo guztiarekin,
Plantea hezakeen “kanpotar” eta “bertako” hitzen inguruko eztabaida; ekar hezakeen kolonialismoaren eta migrazio mugimenduen arteko loturei buruzko gaia; saia hintekeen , gutxienez, hizlariak esandakoa ulertzen… baina betiko errazkeria eta txotxokerietara jotzea, ez, mesedez!
Gure zapaltzaileek izugarri disfrutatzen dute haiek asmatutako zekenkeriak gure artean eztabaidagai direla ikustean!
Zu saiatu zintezkeen ironia ulertzen. Baina gehiegi eskatzen ari naiz…
Ironia izan ala ez, Etxeberri-Aintzarten hitzaldiaren zehaztasun eta edertasunaren aldean, zuk esandakoa euli kaka baino ez zait iruditzen, Jonan. Datorren astean jarri asmotan gabiltza hitzaldi guztiak bideoan, ikustazu Peioren mintzaldi aparta, segur ulertuko didazula
Behi kaka da jasan behar duguna kanpotar gehiegi egoteak euskarari kalte egiten diola diogun bakoitzean. Ikusiko ditut bai bideoak.
Noski euskarari kalte egiten diola kanpotar gehiegi egoteak, kalte egiten dion bezala euskara jakin eta erabiltzen ez duten euskaldunak, edota inoiz euskara eta euskal kulturara murgilduko ez diran milaka eta milaka basko. Elementu guzti hauek (etorkinak barne), dira, funtsean,,euskararen hilobia eraikintzen ari direnak
Ados.