Idurre Eskisabel “Ezkerrak kontutan hartu behar du herri identitatearen aldarrikapena”

Idurre Eskisabel “Ezkerrak kontutan hartu behar du herri identitatearen aldarrikapena”

Idurre Eskisabel Larrañaga kazetaria eta antropologoa da. “XXI. mendeko abertzaletasunaz” udako ikastaroan, EHUko irakaslea galdera potolo bati erantzuten saiatu zen bere berbaldian, “Abertzaletasunarekin zer?”.

Idurre EskisabelGaldera bat argitu baino “kezka batzuen plazaratzea” egitera zetorrela onartu zuen irakasleak. “Abiapuntuan dago nortasunez euskaldun naizela, borondate politikoz euskal herritar eta horrenbestez derrigorrean abertzale eta independentista”. Garai berrietan herri kultur identitatearen aldarrikapena “itsusi” gertatzen zaigula onartu zuen Eskisabelek, “itsusitze bat eman da”, baita bere perfilekoetan ere.

Zergatik? “Batetik mendebaldeko pentsamendu izate hegemonikoagatik. Ezaugarritzen gaituena lilura bat da; egun askatasuna norbanako bakoitzean mamitzen da hasi eta bukatu. Horra fede berria, norbera nahi duena da!

“IKEA jendea gara, `Nire etxeko errepublika independentea´. Etxeko pareta gotortuen artean gara nor, hormek egiten gaituzte libre”. 

“Pentsamendu izate hegemoniko horren lerroetako bat kosmopolitismoaren ideologia da -jarraitze du Eskisabelek-. Ustez itxiak diren identitate kolektibo eta komunitarioetatik ihes egitea norberarena askatasunez eraiki ahal izateko”.

“Kultur askotarikotasuna, aukera, borondatea, elkar-bizitza, askatasuna, unibertsaltasuna, hiritartasuna, bidaiatzea… kontzeptu funtsezkoak gure artean. Horrekin lotuta likidoa garela diogu, isuri malgu, irristakor etengabea, nahi dugun identitatera biltzeko gai. Baina horrek eragiten digu askotan ezin garela ezertan gatzatu, ezin garela ezertan mamitu, eta gorputzaldi likido horretan, nazioa, herria eta zer esanik ez aberria, berdin zaizkigu, sama ikaragarriko lasta”.

“Era berean, eta kontraesanki, likidotasuna bera norberetasunaren galgarri zaigu, hau da, gure hezurdura sakoneko ni diferentziatu eta berezi horien premia gauzatzeko zailtasuna. Horrenbestez behar ditugu ainguratxoak isuri horretan niari eusteko, eta ainguratze horren parte da herri nortasuna”. Horretara murrizten ei da egun herri identitatearen neurri egoki eta zilegizkoa.

.

Desirak eta gauzatze materialak

Bestetik, mugimendu eraldatzaileetatik datorrena, “kezkagarriagoa. Herri aldarrikapena itsusitzeko joera hartu du ezkerrak ere, bere proposamenetan baliabideak era justuagoan banatzea xede duen pentsamendua dute, eta ematen du egun bere borroka zilegi bakarra baliabide materialeen eta haien kudeaketarako botereen banaketa hobe baten aldekoa dela, bizimodu justuagoan eta bizitza bizigarriagoaren aldekoa, beti ere baliabide materialetan oinarrituta”.

Ikuspegi klasikoagoetan esanda, klase parametroetan ezartzen da afera. “Eztabaida iturri izan daiteke, baina oso zaila egiten zait egun klaseen definizioetan eroso aritzea, konplexua da. Gure inguruan gutxi-asko kasik denok gara klase ertain izate sakonean, nahiz eta gero eta prekarioagoak izan baliabide eta ondasunetarako irismenean. Sekulako kontraesana sortu zaigu; gure espektatiba eta desirak batetik eta horren gauzatze material bestetik”.

“Mugimendu eraldatzaile horietatik herri identitatearen afera kanpoan uzteko joera sumatu dut, askotan eskumarekin lotzen delako, edo gutxienez, bigarren mailako auzitzat jotzen delako. Eta galdera da, zer da independentismoa herri identitatearen aldarrikapena ez bada?”.

Hasierara bueltatuta, pentsamendu hegemonikoak herri identitateen aldarrikapena zokoratu izana ulergarritzat jotzen du Eskisabelek, “baina askoz bitxiagoa egiten zait ezkerrak, eraldaketarako gogoa duen pentsamendu eta praktiken multzo bezala ulertuta, arbuiatzea herri identitateen aldarrikapena” -sexu orientazioari dagokionez bestela gertatzen dena, hemen nor izatearen aldarrikapena egiten baita-. Diskurtsoetan behin eta berriro bizitza bizigarri baten beharra aipatzen bada ere, zergatik egiten da soilik baliabide materialeei zuzendua? “Bizitza duina ez da bakarrik egiten baliabide materialez, ogiaz eda aski. Horretarako bereziki funtsezkoa da norbera nor izatea, hau da, bakoitzak bere buruaz zein inguruaz duen ikuspegia, ulermena eta errekonozimendua egiaz, lasai eta libre gauzatzeko aukera izatea, zilegitzeko posibilitatea”.

.

Kapital soziala

Kapital ekonomikoarekin batera, hor dugu kapital soziala ere, eta kulturala eta sinbolikoa. “Alde horretatik, jakin badakigu ondasun eta baliabide kultural guztiek, hizkuntza guztiek, ez dutela kapital bera, ez dutela balio bera. Eta beraz, kapital sinboliko gehiago ala gutxiago emango digula. Frantsesez, espainolez ala euskaraz idazteak, esaterako, leku diferentean jartzen gaitu”, ondo dakigunez.

Idurre Eskisabel“Ikasleekin sarri gertatu zait. Euskarazko eta gaztelerazko lerroak daude, eta hautazko ikasgaietan taldeak osatzen ez direnean irudika dezakezue nortzuk sakrifikatzen diren. Euskal ikasleek gazteleraz ikasi behar dute, eta aurkezpenak egiterakoan lotsatu egiten dira, parean dituzten erdaldun elebakarrak ez bezala. Pentsa hizkuntza batek ematen digun kapital kultural eta sinbolikoa eta besteak ematen diguna”.

Egungo pentsamendu hegemonikoaren muinean mundua nian hasi eta nian bukatzen dela sinestea da Eskisabelen irudiz, “baina funts monolitiko eta aldaezin baten bermatua, norberaren buruaskitasunaren liluran; kontsumituz elikatzen eta asetzen dena. Geroz eta gehiago kontsumitzearen bidez sortzen dudan hura naiz”. Kontsumismo basatian oinarritutako kapitalismo basatiaren logika, zilindro homogeneizatzaile batek zapaldua. “Munduko biztanle guztiak berdinak, erreferentzia, espektatiba eta desioetan. Zorionerako erreferentzia bakarra, kontsumitzea”.

“Horrenbestez klase borroka bezain askatzaile eta eraldatzailea da herri kultur, hizkuntza eta nortasun azpiratuen aldeko borroka. Eta beraz, ezinbestekoa da bizitza denentzako bizigarri eta duinik lortuko bada, nortasun hori ere, nor izate hori ere, aldagarri eta eraldatzaile bezala hartzea. Funtsezko tresna da, askatasuna askotariko eskaintzaren mozorroz jantzi baina egiaz desioetan homogeneo egiten gaituen kapitalismo kontsumistari aurre egiteko”.

.

Herri identitatearen aldarrikapena

“Herri identitatearen aldarrikapena egitearen alde nago, edo borroka eraldatzailetan oso kontuan hartzearen alde”. Nola kokatu ordea?

Gu eta haiek, muga aldagaitz horren kolonizatu eta kolonizatzaile ariketa ezinezkoa ez du balekotzat jotzen Eskisabelek, ezta gezurrezko ikuspegi batez askatasuna eta borondatea modu aratz eta berezkoan, bestelako aldagairik gabe dagoenaren sinesmena ere. “Behar dugu nolabaiteko herri identitatearen aldarrikapena independentista garenok, tresna hori landu XXI. mendean ere baliagarri izan dakigun. Horretarako, abertzaletasunak berak historian zehar egin dituen ekarpenak berrikusi eta zer aprobetxa dezakegun eta zer ez aztertzea proposatzen dut”.

Euskalduna da hizkuntzaren jabe dena eta bertakoa bertan lan egiten duena. Joseba Sarrionandiak asabiya deitzen dio herriek beraien izatea osatzeko argamasari `Moroak gara lainopean´ liburuan, eta euskara da gure asabiya”.

“Abertzaletasunak egin du lehen ere gutasunaren lanketa, eta gutasunak badu indarrik -dio irakasleak-. Amaiur mito fundatzaile berri bat beharko genuke, emakumeena, prekarioena eta euskaldunena. Demokratizazioan eta justizia sozialean sakonduko duena”.

Idurre Eskisabel / Idurre Eskisabel / Idurre Eskisabel / Idurre Eskisabel

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “Idurre Eskisabel “Ezkerrak kontutan hartu behar du herri identitatearen aldarrikapena””-ri buruz

  • Onartezina, eskal alderdiak, bai PNV eta bai BILDU, nora ari diren gure herria suntsitzen interes partidistengatik.
    Euren esistentzia eta herrien kontrola nahi dute soilik, dena urbanizatu eta geure semeak ez direnez betetzeko. Euskal herriaren interesen kontra doaz haien interesak.

    Zerainen gertatu dena adibididez:

    http://nabarralde.com/es/egunekoa/13635-herria-hil-da-gora-alderdi-politikoak

    http://www.gitb.eus/azken-berriak/7465-abstentzioa-eskatu-du-zeraingo-herri-kandidaturak

    http://goierri.hitza.eus/2015/04/28/zeraingo-herri-kandidatura-erretiratu-egingo-da/

    http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2015/05/14/politica/hauteskundeak-2015/bildu-irrumpe-en-zerain-y-pone-fin-a-36-anos-de-sistema-comunal-para-gobernar-el-pueblo

    Alderdi politiko hauek EUSKAL HERRIAREN ETSAI

  • Gustiz ados:
    Mugimendu eraldatzaile horietatik herri identitatearen afera kanpoan uzteko joera sumatu dut, askotan eskumarekin lotzen delako, edo gutxienez, bigarren mailako auzitzat jotzen delako. Eta galdera da, zer da independentismoa herri identitatearen aldarrikapena ez bada?”.Eskumarekin lotzen Euskal lurretatik kanpoko den ezker bat inportatu nahi baduzu, espainiako PODEMOS en estilokoa, BILDUK nahi

    Baina ze kuriosoa beti estaturik gabe eta aske ez diren herri txikien borroka dela dudan jartzen dutena ezkertiak hauek, inoiz ez Espainia bezelako estatu handiena, Estatua,Bandera,Hizkuntza, ez da arazoa eurentzat, ezta Alemaniarena ere, gureak, herri txikienak soilik molestatzen die. esistitzeko “eskubiderik” ez duten herri txikien identitatea defendatzea orain eskuindarra izatea ote? Eta berriz, Espaniarren inposaketa eta gure eskubideeen eta hizkuntzaren zapalkuntza berriz ez da arazoa “ezkerreko” alderdi hauentzat.
    Tortilla patata jan dezagun denok eta “faralaeak” ikusi gure herrietan auteskunde bezperan, baina kontuz!! ez hasi gure marmitakoa edo mamia defendatzeko “mierda nazionalista” hoiekin.

    Zorionak Madril, ez dakit nola, ze medioekin edo noren laguntzat, baina lortu duzu azkenean Euskal Ezker Abertzaletasunaren gotorlekuan sartu eta dinamitatzea, beste edozein espainiar edo Eueropear ezkerra ekarriaz.

    Zorionak Madril, lan ona, ikastolak kendu zenizkuguzuen, geure “euskara bultzatzeko” izango ziren komunikabideak, eta orain ABERTZALEOK alderdirik gabe utzi gaituzue, ezker edo eskuineko alderdirik gabe.
    Banekien bai nik hemen jende askok maskara atzean beste zeoze zuela.

  • Barkatuko didazu Xab baina jartzen dituzun link guzti hoietan erantzunkizuna ezker abertzalearena da, eta ez EAJrena. Zerainen herri kandidatura zapuztua izan bada ezker abertzalearen erabaki bertikalarengatik izan da. “Interes partidista”ren katramila ezker abertzaleari ipiniozu, mesdez, kasu hontan.

    Gero ze jatorra den Idurre zenbait ogi apur ematen baitizkio euskal abertzaleari esanez txokotxo bat dutela ezker unibertsalaren bihotz handiaren lekuan.

    Nire ustez ezker abertzalearen kontzientzi globalaren demasiak ageri dira hemen ere. Gure gizartea partikularra eta zehatza da eta ezin daiteke munstro global baten arabera. Portzierto, euskaldunok historian zehar, herri etsaiez inguratuta egonda ere, jakin izan dugu garaian garaiko erronkei gure erantzun propioa ematen. Ezker abertzalea beti lez errezeta internazionalak dakarzkigu eta bere ereduak urrutiko intxaurretara begira ari dira beti.

  • “IKEA jendea gara, `Nire etxeko errepublika independentea´. Etxeko pareta gotortuen artean gara nor, hormek egiten gaituzte libre”… Espainiako edo Frantziako federazioen baitan. Ezkerraren IKEA balio berriez ari denean, ahaztu egiten zaio Idurreri esatea, kezkak eta kultura eta hizkuntza alboratzeak Estaturik gabeko herrionak direla. Espainiar edo frantziar ezkertiarrek ez dute halako konplexurik. Podemosek lotsatu barik azpimarratzen du “aberria” kontzeptua. Horiek, IUtarrek, Equotarrek edo PSOEko azken ezkertiarrek ere, argi daukate lehenik espainiarrak direla, eta gero gerokoak…
    Konplexuak abertzaleonak dira, eta horri gehitu behar zaio, abertzale erdaltzale amorratuei abagunea heldu zaiela testuinguru honetan, euren izaera erdaltzalea aldarrikatzeko, eta euskaltzaletasuna mugatzat aurkezteko.
    Izan ere, abertzaleen artean ez da soilik eskuina/ezkerra borrola gertatzen. Erdaltzalea/euskaltzalea gatazka ere bizi-bizi doa. Berriatarrak eta Garatarrak, nolabaite esateko. Eta oraingoz, berriatarrak galtzen…