Zerrendak

ZerrendakTriste-triste nago, kolpe latza izan baita; asteburuaz geroztik, lur joa nabil, eta ez dakit gaur nola jaiki naizen testu hau idazteko, nola bildu dudan adorea dutxara sartzeko, arropa bilatu eta janzteko, autoa hartu eta gaurko gogoeta egitera irratira joateko. Erruduna nor den bederen badakit. Vargas Llosa. Vargas Llosak du nire egoera penagarriaren kulpa. Asteburuan ikusi bainuen aldizkari batean hark prestaturiko zerrenda: hil baino lehen irakurri behar diren bederatzi liburuak. Bederatzi nobelak, zehazkiago erranda, eta bederatziak 20. mendekoak, baina berdin da, beti bezala desbideratzen ari bainaiz: nik bi bertzerik ez dut irakurriak.

Nolanahi ere, eskertzekoa da Vargas Llosak bere nobelarik sartu ez izana top nine zerrenda horretan. Ez zatekeen hain arraroa izanen halere: azken buruan, Nobel saria eman ziotenean, zera erran omen zuen, “uste nuen gaurgero nitaz ahaztuak zirela”, eta, bidenabarkoan, sei hitzetan bere egoaren tamaina zehatza eman zigun.

Duela urte batzuk, César Vidal pisuko kazetariak liburu bat idatzi zuen –beharbada, ausartegia izan naiz idatzi aditza hautatzean: Carlos Prieto kazetariaren arabera, 2006an 22 liburu berri eman zituen argitara Vidalek, hau da, liburu bat egin zuen hamasei egunetik hamasei egunera, eta hamar urtean ehun liburutik goiti publikatu ditu, eta ez preseski liburu meheak: susmoa dut Copeko bekarioek badutela denbora zertan pasatu–; duela urte batzuk, beraz, César Vidal pisuko kazetariak liburu bat kaleratu zuen, El camino hacia la cultura española izenekoa. Hau ere, Vargas Llosaren zerrendako gehienak bezala, ez dut irakurri, baina hori ez zait hainbertze damutzen; nolanahi ere, kontua da akaberan liburuak zerrenda bat dakarrela: kultura espainoleko 150 lanik hoberenak. Genero eta garai guzietakoak, alegia. Eta, tartean, César Vidalen beraren ez bat, bi nobela baizik.

Nik ere zerrendak egiten ditut, etengabe eta nonahi, koaderno batean, orri solteetan, zenbaitetan ostatuetako ezpainzapietan, ordenagailuko artxibo berezi batean: hemendik abendura bitarte irakurri nahi ditudan liburuen zerrenda –beteko ez dudana–; heldu den astean ikusi nahiko nituzkeen filmena –bat bera ere ez dut ikusiko–; aste honetan egin behar ditudan eta egin nahiko nituzkeen gauzen zerrenda paraleloak –bien artean bat-etortze bakar bat ere ez–; biharamun goizean goizkara jaikitakoan egin beharreko lanen zerrenda –errealismoan hasi eta nahitaez utopiara lerratzen dena: klasea prestatu, idazlanak zuzendu, pixka bat irakurri, alemana ikasi, aspalditik hasia dudan saiakeran zer edo zer idatzi; ez naiz ia-ia inoiz bigarren zereginetik pasatzen–. Denbora hobeki aprobetxatze aldera, Zaldi Eroak gomendatu zidan hiru zerrenda egiteko: lehen mailako zeregin funtsezkoak, behar-beharrezkoak ez diren zereginak, zakarrontzira botatzeko moduko zabor-zereginak. Ideia ona da, baina ez naiz gauza deus ere hirugarren zaretto horretan, hemendik aitzinat eginen ez ditudan gauzen zerrendan alegia, sartzeko –B serieko film txarrak ikusteko gustua?; Twitterren minutuak xahutzeko joera?; itzultzaile bihurtzeko eginahal alferrikakoa? Naski azkena sartuko dut materia organikorako nire borzgarren edukiontzi pertsonal horretan, bertan ustel dadin–.

Zerrendak, teorian, mundua ordenatzeko egiten ditugu, gure helburu praktikoak hobeki bete ahal izateko: supermerkatuan, adibidez, benetan behar duguna ahalik eta agudoen erosteko. Baina, ageriko funtzio horren gibelean, zerrendak gure fantasia eta gure frustrazioa –biak batera– adierazteko toki aproposak dira. Bihar goizean ere, goizeko ordu bietan jaikiko banintz ere, ez dut filmik ikusiko, ez dut naski deus ere irakurriko, ezta nire saiakeran lerrorik idatziko ere. Ez naiz hasiko buruan dudan ipuin hori idazten: iratzargailuak ordu bietan edo hiruretan jota ere, laurak edo bortzak artio ez naiz ohatzetik aterako, eta orduan klasea prestatzeko eta idazlan batzuk –ez guziak– zuzentzeko baizik ez dut astirik izanen, baina gaur idatziko dudan zerrendan –ikastola ondoko ostatuan, papereko ahozapi batean, semea ateratzeko ordua noiz ailegatuko zain nagoen bitartean– gauza horiek guziak apuntatuko ditut –klasea eta idazlanak, filma eta saiakera, irakurri nahi dudan ipuina eta idatzi nahiko nukeena–, gaurko nire fantasiaren adierazle, biharko nire frustrazioaren ispilu.

Zerrenda lurtar eta praktikoenetan ere ez da diferentea izaten: erosketak egiteko zerrendetan, gure ni arrazional eta apetarik gabearen fantasia osatzen dugu, txokolaterik edo goxokirik edo gasna berezirik eta gustu exotikoko jogurtik gabe bizi daitekeen ni baten fantasia; baina zerrenda horretako niaren inguruan frustrazioa dago, zerrendatik kanpo utzi behar izaten ditugun gauza gozagarri guzien frustrazioa: erosketako zerrenden agindua hautsi egin behar da, zerrendan ez dagoen zer edo zer erosi behar da, zoriontsu izanen bagara.

Vargas Llosak hil baino lehen irakurri beharreko bederatzi nobelen zerrenda eskaini digu. Baina zer da gozagarriagoa, zerrenda hori betetzea, edo zerrenda hori osatzera eraman duen prozesua, hau da, zerrendakoekin batera zerrendatik kanpo gelditu diren gainerako liburu guziak irakurtzea –batzuk onak, batzuk txarrak, batzuk erdipurdikoak, baina, nolanahi, maisulanak bederatzi baino gehiago dira, segur aski–? Vargas Llosaren zerrenda fantasia bat da: hil baino lehen, funtsezko liburu guziak –bederatzi, alegia– irakurtzen ahal ditugun fantasia. Fantasia horren bidez, irakurri nahiko genituzkeen liburu guziak irakurriko ez ditugula jakiteak sorrarazten duen frustrazioa uxatu nahi genuke, baina zerrenda bera frustrazio iturri izan liteke –batez ere, nik bezala, zerrenda motz horretatik bi liburu bertzerik ez baduzu irakurri–.

Zerrendek pedantekeria puntu bat ere badute: helduaroan, kasik klasiko bihurtu ondoren, jakinduriaren talaiatik egiten dira horrelako listak; nerabezaroan, berriz, dena da erakargarri. Asteburuan, elkarrizketa batean, Bernardo Atxagak mespretxatu zituen mp3 bezalako tramankuluak: zertarako bildu hiru mila kanta horrelako aparatu batean?, egin zuen galde: Politena zure gustukoen hogeita hamarrak eskuar edukitzea da. Vargas Llosaren zerrenda inprimatu eta nire gelako paretan itsatsi dut, baina betiereko nerabezaro batean atxikia, uste dut momentuz zerrendatik kanpoko liburu bat hasiko naizela irakurtzen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Zerrendak”-ri buruz

  • Egon lasai, nik ere Vargas Llosaren zerrendako liburu bi irakurri ditut (“Opiniones de un payaso” eta “El corazón de las tinieblas”) eta ez bata ez bestea ez zitzaidan asko gustatu, beraz, Llosaren zerrendak ez duela Nobela irabazteko beste balio.