Ordainpeko telebista espainolak salba gaitzala

telebistaBerriki zabaldu da Eusko Jaurlaritza eta Canal +en arteko akordioa dela eta urtean 100 telesai eta film azpitituluatuko direla euskaraz, jatorrizko bertsioan ematen direnean euskarazko azpitituluekin ikus daitezen. Lehen emisioaren ostean, azpitituluak Eusko Jaurlaritzaren jabetza izango omen dira, eta erabili ahal izango ditu beste ekimen edo telebista kate batzuetarako. Horretarako 191.000 euro inguru jarriko ditu Jaurlaritzak.

Euskarazko azpitituluak pilatzea berri ona da dudarik gabe, baina moda modako film edo serieen testuak itzuliko badituzte ere, usain txarra nabaritu diot albisteari. Gero ahalegindu kirats hori nondik zetorkion asmatzen. Hona zenbait apunte:

Pribatua, ordainpekoa eta espainola

Gauza jakina da Canal + telebista kate pribatua dela, baina ez hori bakarrik, bada ordainpekoa ere. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak irabazi asmoko enpresa batekin egin du hitzarmena, soilik horregatik ordaintzeko prest daudenak ikusi ahal badute ere. Gutxi balitz, frantziar jatorrikoa da eta zehazki hitzarmena sinatu duen taldea, espainola. Haiek al dira euskara salbatu behar dutenak?

Nork probestuko du?

Hego Euskal Herrian 74.000 lagun omen dira Canal +eko bazkide. Horien artean, zenbat izango dira euskaraz dakitenak? Zenbat nahiago izango dutenak filmak euskaraz ikusi gaztelaniaz ikustea baino? Ez dakit 10.000ra ere iritsiko ote litzatekeen…

EiTBri azken labankada

EiTBren audientziak kaskarrak izanada, eta etengabe diru falta salatzen badute, ba ote du zentzurik euskarazko produktuak kontsumitu nahi dituztenak kate pribatu batera bideratzeak? Ez al da hori ETB1 behin-betiko ondoratzeko jokaldia?

Zer egin daiteke EITBn diru horrekin?

EiTBk 124,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean, eta ez dirudi 191.000 euro gora behera, emisioaren eta edukien kalitatea asko aldatuko denik. Dena dela, bada dirua, eta ziur, ETB1eko hainbat saiok eskertuko lukete eurei dagokion pastelaren zatia apur bat puztea, etengabe ito beharrean ez aritzeko.

1986-(...)

2 pentsamendu “Ordainpeko telebista espainolak salba gaitzala”-ri buruz

  • Guztiz ados idazten duzunarekin.
    Telebista kate itxi eta ordainpeko bat horrelako dirutza?
    Zergatik ez da diru hori BEHAR gehiago dagoen beste esparru batera bideratzen?

    Daflipat…

  • Trve Olentzero 2014-11-19 19:56

    Ez al zuten esan ETB1n pelikula berriak botako zituztela hizkuntza originalean euskal subtituloekin? Nik oraindik ez dut bat bera ere ikusi (esan beharra daukat TB gutxi ikusten dudala eta ETB1 askoz gutxiago).

    Eta mesedez, utz dezatela ETB3 Kamera Izkutuarekin spameatzeari, hori bai dela terrorismoa. Horren ordez Dragoi Bola botako balute ikuslegoak gora egingo luke.

    “Haiek al dira euskara salbatu behar dutenak?” Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritza da euskara salbatu behar duena?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude