Gipuzkoako desgobernu, inposizio eta ezetzaren ondorioak
Gezur bat mila eta bat aldiz errepikatuta ere ez da egia bihurtzen. Eta Gipuzkoan azken legegintzaldian esan direnetarik asko eta asko gezurrak dira. Podemosekin Espainian orain esaten den bezalaxe, Bilduk boterea lortu ahala, Gipuzkoa Venezuela bilakatu behar omen zuen. Beldurraren estrategia. ‘Desgobernua’, ‘inposizioa’ eta ‘ez’ hitzak Bilduren eskutik joan dira beti herrialde historikoko egunkari hegemonikoak argitaratutako lerroburuetan, nahiz eta, datuek aurkakoa esan ia beti. Bataila komunikatibo zikina izan da arau EHBilduren eta oposizio, zein, hedabide zenbaiten artean, baina, Prospekzio soziologikoen kabineteak argitaratu zundaketari erreparatuz gero, argi geratzen da gezurrak beti direla gezur, eta badirudiela EHBilduk segiko duela Gipuzkoako lehen indarra izaten.
Azterketak dioenez, EHBilduk bozen %32,9a erdietsiko luke, EAJk baino 7 puntu gehiago (%25,8), zeina, oposizioko lehen indar eta alternatiba bihurtuko baiten, hondoratutako PSE-EEri 10 puntu atereaz (%14,1). Podemosek berriz, bozen %8,5arekin, PP gaindituko luke (%8,2) berebiziko garrantzia izanaz Gipuzkoako gobernagarritasunerako.
Gipuzkoaz esan diren 3 gezur
Desgobernua
Gipuzkoako hedabide hegemonikoak eta oposizioak desgobernua esan duten lekuan, EHBilduren gobernuak azken denboretako erreforma fiskal sakonena ipini du. Estatuko PFEZ tipo altuena ezarriz, hau da, errenta altuenei zerga gehiago ordainduaraziz. Hondakinen kudeaketaren gai zaila mahai gainera ekarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, perspektiba ekologistatik ekarri ere. Eta hondakinen tratamendurako sistema berriak ezarri ditu, aspaldidanik itxita behar luketen zabortegiak behingoz itxiz eta errauskailua geldituz. Foru Aldundiaz ari gara, baina udalerriek ere neurri erabakiorrak hartu dituzte, etxebizitza hutsen arazoak konpontze bidean jarri (IBIa igoaz) eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko bidean.
Inposizioa
Gipuzkoako hedabide hegemonikoak eta oposizioak inposizioa esan duten lekuan, EHBilduren gobernuek orain arte zientzia fizkioa ziren prozesu parte hartzaile jendetsuak jarri dituzte. Aurrekontuak egiteko eta erabaki garrantzitsuenak hartzeko esaterako. Auzoz auzoko bilerak urteroko tokian tokiko gobernuen dinamikan txertatu dira, legegintzaldian zehar, urtez urte hobetuz gainera. Soldatei eta Udal zein Foru Aldundiko diru kontuei dagokienez, inoizko gardentasuna erakutsi dute erakundeok.
Ez
Ba badirudi baietz, edo ikusteke da behintzat maiatzean zer gertatuko den. EHBilduk gauza batzuk ez ditu ondo egin, baina, esango nuke partida salbatuko duela. Eta ez da marka txarra, kontutan izanik zelako baldintzatan osatu behar izan zituen 2011eko zerrendak. Gauza asko egin dira, erronka asko bete, eta inolaz ere ezin da onartu, gezurrak eta difamazioa erabiltzea. Gezurrak eta difamazioa ‘kastaren’ mesedeko, hain modan dagoen hitza ekarriz. Espainian ere gertatzear den bi ereduren arteko talka izan baita EHBilduk gobernatzen duen lekuetako polemiken iturria. Bulego garestietan orkestatutako polemikak gehienak. Maiatzean berriz bi ereduok hautesontzietan dira lehiatuko.
Nire ustez datorren legegintzaldirako giltzetako bat izango da EHBilduk eta Podemosek elkarrekin osatutako ehunekoa, EAJ, Psoe eta PPk osatutakoa baino handiagoa izatea. Hortxe hortxe ibiliko da nire ustez balantza. EAJ, Psoe eta PPk elkar hartuta gobernua osatzea aukera probabletzat hartu beharko genuke, izan ere, interes amankomun handia dute!
Gaurkoan ere berriro agerian geratu den bezala:
http://goo.gl/eI1ebV