Sautrela 389 saioaren aurrerapena (Itxaro Borda)

Sautrela 389 saioaren aurrerapena (Itxaro Borda)

Itxaro Borda

Itxaro Borda dugu gure artean idazle oparoenetakoa, eta baita, zergatik uka, bikainenetakoa ere. Genero ugari jorratu izan du bere ibilbide luzean baina ez dio sekula poesia idazteari utzi. 1984ean argitaratu zuen Maiatz argitaletxearen eskutik genero hartako lehena, Bizitza nola badoan. Ordutik hainbat poema liburu argitaratu du eta berrikitan etorri zaigu azkenekoarekin, Zure hatzaren ez galtzeko. Hain berea duen idazkera eta poetika darabil Bordak poema berrietan ere: espazio zehatzen presentzia handia, ni indartsu baten gazi-gozoak, adiskideei egin omenaldiak, gai sozialagoak… Liburuari buruz mintzatzeko ekarriko dugu Itxaro Borda, bada, aste honetako saioan, baina horretaz gain beste zenbait gairi buruz ere ariko gara; dela feminismoa eta femenitatearen lekua literaturan, dela Arestiren poetika —oso presente dena liburuan—.

Erreportaje berreskuratuen atalean gaurkotasun handiko bat ekarriko dugu aste honetan. Izan ere, azken boladan euskara batua eta herri hizkeren arteko eztabaidak presentzia nabarmena hartu du euskal kulturaren baitako eztabaidetan. Euskara batuaren bizitasun faltaz mintzatu dira zenbait, herri hizkeren mugez beste zenbait. Hala ere, zelako eragina dute auzi horiek guztiek euskal literaturan? Ze eredu da baliagarri literatura egiteko, baldin eta eredu bakarra baldin bada erabilgarri? Nola uztartzen dira euskal literaturan batua eta euskalkiak? Horretaz guztiaz ariko zaizkigu Iñigo Aranbarri, Andolin Eguzkitza zena eta Itxaro Borda bera.

Azkenik, Beñat Sarasolak euskal literaturak eman duen obrarik muturrenetako bat —muturrenekoa ez bada— gogoratuko digu: Patri Urkizuren Sekulorum sekulotan. 1975ean argitaratu zen artefaktu literario hori, nobela bat —antza—, baina ohiko nobeletatik aski urrun dagoena. Puntu eta komarik gabeko testua da, bakarrizketa luze hordigarria.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Sautrela 389 saioaren aurrerapena (Itxaro Borda)