Ramiro Pinilla. Oroitzapen bat
Ramiro Pinilla idazlea hil dela ikusi dut gaur Interneten, eta oroitzapen batzuk hurbildu zaizkit.
Neskatila nintzela parte hartu nuen ekologiaren inguruan Getxon antolatutako ipuin lehiaketa batean, eta nire ipuinarekin eta beste batzuekin batera liburutxo bat atera zuten (gaztelaniazko eta euskarazko testuak ziren).
Kontua da aurkezpenera joan ginela nire aita zena, bi lagun eta laurok, Gipuzkoako mendialdeko herri fabrikadun batetik, eta garaiz iritsi gainera, ez baitzen artean GPSaren usainik ere (gerora, antzeko egoeraren batean ahaztu egin zitzaidan garaiz ibiltzea zer zen, n’est-ce pas?).
Itsasoaren usain pittin bat hartu ondoren aurkezpen tokira ailegatu ginen. Eremu ireki teilatudun bat zen, oker ez banago. Eta hantxe zegoen Ramiro, dena di-da antolatzen. Oso gizon abegikorra iruditu zitzaidan. Halakoren batean esan zidan liburutxoaren aurkezpenean euskarazko zatiarekin lagundu behar niola (uste dut euskaradun gutxi zegoela han), eta hantxe egon ginen biok mahaitxo batean elkarren ondoan, hark hitz batzuk gaztelaniaz irakurtzen zituela eta nik euskaraz.
Noizbait ere jakin nuen idazlea zela gizon hura. Haren aspaldiko liburu bateko makiak eta muskerrak ditut gogoan orain, eta egunen batean beste zerbait ere irakurriko dut.
Tanta gozoa ezkutuko altxorrean. Larrosa bat.
Esaten zuen: “Garrantzizkoena pertsona libre izatea da, eta pertsona beti izan daiteke libre, baita kartzelan preso egonda ere. Hori bai, horretarako, bakarrik egon behar du zeldan”. Askatasunzale bakartia, beraz.