Zabor edukiontzia birziklatzera!!!
Gerra aldarrikapen bat iragarri genuen eta irudikatutako guda dantza honen bidez “Zabor edukiontzia birziklatzera” izeneko kanpainari hasiera ematen diogu.
Zabor edukiontziari gerra aldarrikatu diogu, gerra ideologikoa. Absurdoaren museoan leku pribilegiatua duen asmakizun horren miseriak agerian jarri asmoz.
Guztiok onartzen dugu hondakinak nahasteak zaborra, zarama, zakarra, arazoa sortzen duela. Zabor edukiontziak hondakinak nahasteko besterik balio ez duela. Eta ez da Sokrates izan behar, aurreko bi premisak lotu, eta, zabor edukiontziak zaborra, arazoa, sortzeko besterik balio ez duela ondorioztatzeko.
Denbora luzez eztabaidatu izan dugu herritarron betebeharretaz. Denbora luzez aritu gara gora eta behera herritarren birziklatzeko betebeharraz. Baina bada garaia, agintarien betebeharretaz hitzegiteko.
Agintariek, gizon-emakumeon eskubideak bermatzeko betebeharra daukate. Agintariek ezin dute diru publikoa zaborra sortzeko bitartekoetan xahutu, guztion dirua guztion kalterako erabiliaz. Hainbat agintarik, tamalez, gizon-emakumeok ingurune osasungarri batean bizitzeko dugun eskubidea urratzen jarraitzen dute.
Hortaz, zabor edukiontziek hor egoteari utzi behar diote. Zabor edukiontziak hortik kendu behar ditugu, hobe esanda, kendu behar dituzte. Zaborren edukiontzia kentzen denean gaikako bilketan jauzi ikusgarria ematen dela irakatsi digu esperientziak. Guk ez diegu agintariei nola egin esango, soilik beraien betebeharra bete dezatela eskatzen dugu, gaikako bilketa eraginkor bat berma dezatela, arazoa sortzeko bitartekoak ken ditzatela eta gizon-emakumeon eskubideak zain ditzatela.
Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartetik Donostian hasi dugun “Zabor edukiontzia birziklatzera” kanpainarekin, oraindik beraien kaleetan zabor edukiontzia duten udal ordezkariei, besoak gurutzaturik gera ez daitezen eskatzen diegu, eta, irudikatutako zigilatzea Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat herrietara zabalduko dugun arren, gogorarazi, beraien ardura eta betebeharra dela zaborren edukiontziak zigilatzea, kaleetatik ezabatzea.
Horrenbestez, argi eta ozen diogu: zaborra / zarama / zakarra
ZABOR EDUKIONTZIA BIRZIKLATZERA!
Edukiontziak dituen herri baten bizi naiz. Zaborra botatzen dudan guztietan ikusten ditut bertan egon beharko ez liratekeen gaiak, gainezka egiteraino askotan, nire errefusa-poltsa barruan ezin sartzeraino. Argi dago kalean edukiontziak dauden bitartean herritar askoren zabarkeria nagusituko dela.
Peru, ni atez-ateko sistema dagoen herri batean bizi naiz eta antzeko gauzak gertatzen dira askotan, zabor poltsak lurrean botata, bide bazterretan, paperontzietan e.a. Arazoa ez da kontenedorak izan edo beste sistema bat izan, arazoa gai honekiko gizartearen zati batek duen sentsibilitate ezan dago.
Nafar, kontua ez da Atez Atekoarekin, sistema mistoarekin eta antzekoekin ez dela BATERE zaborrik sortzen, ASKOZ GUTXIAGO gutxiago sortzen dela baizik, eta, horrek, errefus hori kudeatzea asko errazten duela.
Ez dezagun sistema bat edo bestea mitifikatu. Etxean hondakinak bereizten baditugu, errefus kopuru berbera sortzen da, berdin da zein den ondorengo bilketa sistema.
Erosotasunaren inguruan, nire esperientziagatik kontenedore sistema erosoagoa da dudarik gabe, batez ere ez dagoelako bilketa egun eta ordurik. Gaur egun etxean hainbat egunez pilatu behar dituzu hondakinak (ontziak bereziki). Kontenedoreekin hori ez da gertatzen.
Ez dut uste ontzi batzuk egun batzuetan etxean edukitzea arazoa izango denik. Nik ez dut zaborra egunero ateratzen, etxean gordetzen dut poltsak bete-bete eginda dauden arte. Organikoa bera ere astean behin-edo botatzen dut (arrain freskoa gutxitan jaten dut, jakina); izan ere, hain zabor gutxi sortzen da birziklatzen dugunean!
Donostian bizi naiz, eta bost edukiontzi (organikoa barne) ditut eskura. Atez atekoan bezainbeste birziklatzen dut nik (errefusa apenas sortzen den), nahi dudan ordutegia dut eskura, eta uste dut atez atekoa baino erosoagoa dela.
BAINA… gauza bat argi dut: atez atekoaren kontrakoak dira herri batean atez atekoa ez jartzeko aukera bere esku dutenak. Hau da, ez legoke atez atekoaren beharrik etxe guztiek gure etxean bezala egingo balute. Donostiako birziklatze tasa hain litzateka handia, ez legoke atez atekoaren beharrik.
Eta zer ikusten dut, ba agian atez atekoaren kontra gaudenon portzentajea altua izango garela, baina organikoaren txartela eskatu dugun etxeak % 20 inguru besterik ez garela.
Kontraesan bat ikusten dut, beraz, askoren hitzetan eta jokabideetan. Ezer birziklatu gabe dena edukiontzi batera botatzea ez baita etorkizunera begira onargarria.
Guztiz errespetatzen dugu sistema bat gustatu ala ez gustatzea, erabat zilegia da hori.
Bosgarren edukiontziaren erabiltzaileak beti zoriondu izan ditugu, izan ere, baldintza zailenetan ere, arduraz jokatzen duen jendea baita. Gainera, bosgarren edukiontziaren ERABILTZAILEEK gauzak oso txukun egiten dituztela erakutsi dute.
Arazoa, bortazbortak dion bezala, sistemak ematen dituen emaitzetan dago, ez erabiltzen dutenengan. Atez atekoari alternatibak bilatzea ondo dago, hala nahi bada, beti ere emaitza onak bermatzen badira. Guk, gure kanpainarekin, hain zuzen ere mezu hori eman nahi dugu, nahi den bezala egin, baina egin, egin behar dela, eta, ez gara banakakoetaz ari, emaitza kolektiboa lortzeaz baizik.
Bortazborta, atez atekoaren inguruan daukazun pertzepzioa okerra da gure ustez. Gutako askok, urteak daramatzagu atez ateko zerbitzua jasotzen, eta, gure jarduna dela eta, atez atekoa erabiltzen hasi den jende askorekin topo egin dugu. Guztion sentsazioa erosotasunarena da. Ordutegi zurrunena mitoa da. Nola ez da ba erosoa izango hondakiak jasotzera etxeko atariraino etortzen zaizkizun zerbitzua?
Bosgarren edukiontziaren erabiltzaile dexente ezaguzten dugu, Donostiarrak tartean, eta, ez dira gutxi zaborrontzia etxetik oso gertu edukita, 100 metrotik gora aurrera eta atzera ibili behar dutenak bere organikoak zabortegian buka ez dezan. Horrek erosotasunarekin zer ikusi gutxi dauka. Zoritxarrez, horrelako kasuak ez dira salbuespena.
Edozein kasutan, zabor edukiontzia kentzeak bosgarren edukiontziaren erabiltzaileei ez lieke inolako kalterik egingo, beraien ahalegina inork zapuztu ez dezan lortzea baizik.
Sistema mistoak ere hor dituzu emaitza bikainekin. Ontzi arinentzat edukiontzia daukazu hoietan.
Ataunen, Ormaiztegin eta Azkoitin zaborrontzia bakarrik kendu dute, gainerakoa edukiontziekin biltzen dute emaitza bikainak lortuz.
Sistemen emaitzak konparatzea ez da sistema mitifikatzea, zartagia sutan jarri eta zer ematen duen esatea baizik. Norberak gauzak perfekto eginda ezer gutxi aurreratzen da gainerako gehienek horrela egiten ez badute. Bosgarren edukiontziaren arazoa, berriz diogu, horixe da, jende gehienak hondakinak nahasten segitzen duela.
Hori ez diogu esate hutsagatik, datuek hori diotelako baizik.
Nire kasuan, gainera, edukiontziak etxetik urruti samar ditut. Ez da batere erosoa 200 metroko paseoa ematea euripean, eskuak poltsei eutsita, aterkirik gabe… Atez atekoa erosoagoa litzateke, seguru, besterik ez bada etxetik gertuago edukiko nukeelako.
Peru, nire herrian zintzilikarioak kontenedoreak zeuden toki berean jarri dituzte. Beraz hobekuntzarik ez distantziaren aferan.
Nik zabor arruntaren edukiontzia oso gertu daukat, birziklatzekoak, berriz, tokitan. Horra birziklatzea sustatzeko modu ederra!
Nafar, zure herrian dagoena orduan ez da atez atekoa, bilketa pertsonalizatuko sistema bat baizik.
Egia da, kasu askotan, hondakiinak atez ate bildu beharrean, hondakinak uzteko lekuak etxeko ataritik urrunduta metatu dituztela, eta, atez ateko zerbitzua eskeini gabe, atez ate izena eman diotela. Akats haundia da hori nere ustez. Ni Usurbilen bizi naiz, eta etxetik lau pauso emanda utz ditzaken hondakinak.
Erosotasun ezarena hobe ulertzen da zure azalpenekin. Baina benetazko atez atekoa oso erosoa da, hain zuzen azaldutako gertutasunagatik
Gauza da derrigortasuna, bai zaborontziekin ta bai atez atekoarekin, derrigortua bazaude birziklatzera nahi ala ez bidziklatu beharko dezu.
Hori bai hori kontrolatzeko uste dut Atez atekoa errezagoa dela edukiontzi komunak baino, zabor ontziak kontrolatzea (ahalko da baina zailagoa dela uste dut) jendeak zaborra behar den moduan botatzeko, zailago dela iruditzen zait.
Hain zuzen, “Zabor edukiontzia birziklatzera” kanpainaren mezua hori da, zabor ontzia kenduz eta errefusan birziklaezina dena bakarrik ateratzen dela bermatuz emaitza bikainak lortzen ari direla, sistema batekin zein bestearekin. Hor ditugu emaitza onak lortu dituzten:
Atez atekoa
Mistoak
Errefusa pertsonalizatukoak
Herri txikietako eredua
Ikusteke txipdun edukiontziek zer ematen duten. Laister jarriko dira martxan:
Tolosan
Elgetan
Arrasaten
Zumaian
Getarian
Zarautzen
Nola ari den aldatzen eztabaida hau lau urtetik hona! bazan garaia.
Zorionak eta mila esker zero zabor filosofian lanean ari zareten guztioi.
Segi horrela!