Aitxa Felix

Aitxa Felix –

Aitxa FelixBarren astekariak, gure aitxarekin dakar elkarrizketa 647 zenbakian. ELGOIBARKO IZARRA elkartea nola sortu zuten eta zein helburu eta amets zituzten kontatzen ditu bertan: “Munduari bueltia emateko ilusiuarekin hasi giñan lanian”. Baten batek elkarrizketa hori irakurtzen badu, pentsa dezake gure aitxak beti ikusten duela edalontzia erdi hutsik euskara eta herrigintzari dagokionean. Eta halaxe da izan. Ez dauka sekula atsedenik —”inkonbustiblea” deitzen zion Martin Ugalde zenak—.

Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dituenik ikusten gauzak diren neurrian, ez duenik aitortzen asko aitzinatu denik. Batez ere Elgoibarren: “Euskeria hilda zauan orduan, eta errazaua zan perretxiko bat bilatzia plazako bankuan azpixan, gazte bat euskeraz entzutia baiño”. Gaur, ordea, Elgoibarren, leku gutxitan bezala sumatuko dituzu gazteak euskaraz kaleetan. Horretarako ELGOIBARKO IZARRA, eta lehenago ONGARRI, eta baita ere DANOBAT, eta ETXEPE, eta IKASTOLA, eta GAUESKOLAK, eta EUSKALDUNON EGUNKARIA, eta FRENTE KULTURALAK eta bestelakoak, eta… eta…

Gure haurtzaro eta gaztaroan dena izan zen hari lagundu beharra, etxez etxe beti bost pezetako “kuotak kobratzen”, honetan eta hartan bultzatzen. Eta abar eta abar. Helduaroan ere ez gaitu zeregin horietatik libratu. Ez du sekula esango, baina nago berak ere badakiela bere inguruko mundua errotik aldatu duela, nolabait. Ez nahi beste, hala ere. Hortik samina eta ase ezina.

Aitxa Felix

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)