Lan-talde berriak gidatuko du puntuEUS
Josu Waliño Pizarro izendatu dute zuzendari
Behin “.eus” domeinua onartuta eta ICANN erakundearekin kontratua sinatuta domeinu-eskariak jaso, kudeatu eta erregistratzeko prestatzen ari da puntuEUS fundazioa.
Fase berri hau bultzatu eta proiektua gidatzeko lan-talde berria hasi da lanean. Josu Waliño Pizarro da puntuEUS egitasmoaren zuzendari berria. Josu Waliño Pizarro (Zumaia, 1972). Informatikan lizentziatua, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendari eta zuzendaritzako kidea izan da. Waliñorekin batera Lorea Arakistain Aizpiri komunikazio-arduradunak osatuko du lantaldea.
Iratxe Esnaola Arribillagak, gaur arte proiektuaren bultzatzaile izan denak, abendua bitartean jarraituko du proiektuan lanean eta unibertsitateko zereginetara itzuliko da ondoren.
puntuEUSen ibilbidea
“.eus” domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. “.eus”, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.
.eus domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an puntuEUS elkartea eratu zen.
2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta guztira 58 elkarte eta erakundek osatzen dute puntuEUS elkartea. 2012an, ekarteak puntuEUS Fundazioa sortu zuen eta azken hau izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean “.eus” domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin genuen .eus domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.
Hemendik aurrera, puntuEUS proiektuak interneteko domeinu horren ardura izango du: domeinuen erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabiltzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen direla ziurtatu, betetzen baditu, erregistrorako baimenak eman; eta azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dela ziurtatuko du.
Webgune berria
Irailaren erdialdetik aurrera abiatuko da hurrengo fasea zeinetan erakunde, enpresa, elkarte eta partikularrek domeinu-eskaria egiteko aukera izango duten. Horretarako, webgune berria jarri da martxan: www.domeinuak.eus
Supertxatxipiruli!
[…] Esnaola .eus fundazioko kideak azaldu duenez “92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako […]