Nork ez du zinea maite?

Ez dut sekula Michel Houellebecq-ek idatzitako ezer irakurri. Banuen bere izaera polemikoaren berri, baina ez nituen aurpegi zaharkitua eta keinu urduri horiek ezagutzen pasa den ostiralean L’enlèvement de Michel Houellebecq (Michel Houellebecq-en bahiketa) filma ikusi nuen arte. Ezin dut beraz idazlearen ibilbide eta ezaugarriez ezer esan, ez beste norbaiten hitzak lapurtuta ez bada. Zorionez, Jon Garmendia ‘@txuriya‘-k hartu du lan hori. Nik ordea, Houllebecq idazlea ezagutzen ez dutenentzat bada ere, aktoreaz eta filmaz idatzi nahi nuke. Literaturak Houllebecq-ek adina etsai baititu, baina nork ez du zinea maite?

Idazle frantziarrak ere bai -eszentrikotasunak ere baditu mugak-. Hala iradokitzen du bederen, hainbat filmetan parte hartu izanak: 70. hamarkadan film labur bat zuzendu zuen, eta 2008an (La Possibilité d’une île, 2005) liburua zinera moldatzen ahalegindu zen batere arrakastarik gabe -ez zen zinema aretoetara iritsi-. Aktore lanetan ikusteko aukera ere izan da. Guillaume Niclouxen L’affaire Gordji (2011) filmean espia frantziarraren azalean jarri zen, eta beste film bat aurkeztuko du laster. Baina Niclouxen zuzendaritzapean eta bere burua interpretatuz egin duen lana izan zen ni Truebako aretora eraman ninduena: Michel Houellebecq-en bahiketa.

houellebecq

2011n, (La Carte et le Territoire, 2010) lan txalotua mundura zabaltzeko promozio lanetan ari zela, desagertu egin zen Houellebecq. Ez zen Holandan zuen zitara agertu,  eta pare bat astez, ez zituen managerrarren deiak erantzun. Al Qaedak bahitu zuela zabaldu zen sarean. Idazlea ordea, Almeriako hondartzatan omen zen -bertsio ofiziala hori da- interneterako sarbiderik eta mugikorrik gabe. Baina, nolakoa zatekeen bahiketa benetan gertatu balitz? Errealitate paralelo bat eraikiz, gertatu ez zen hori deskribatzen du filmak, pil-pilean dauden bi kontzeptu uztartuz: -fikziotik gehiago duen- autofikzioa eta dokumental faltsua.

Albistea zabaldu zuten kazetariei euren akatsa aurpegiratzeko ariketa ere bada akaso, baina filmari dagokionez, bahiketa ez da aitzakia besterik. Eraiki duten errealitate paraleloa erabat surrealista baita, eta hori da filmaren bertute nagusia. Atxiloaldia akziozko filma egiteko baliatu beharrean, ikusleari erabat arrotz zaion egoera batera eraman dute idazlea, borroka fisikoa eta giharrak kezka nagusitzat dituzten adimen urriko hiru gizonekin eta familia ustez tradizional batekin lau hormen artean sartuta. Inoizko bahiketa arraroena da emaitza. Osagai guzti horien batuketak idazlea bera eta eraiki duen pertsonajearen arteko nahasketa lauso hori zukutzeko testuinguru bikaina sortzen du, eta Houllebecq eta bahitzaileen arteko solasaldi bikainek bataren zein besteen errenak azalaratzen dituzte, irri-erdi zenbait eta barre algara bat edo beste pizteraino.

Nekeza da ordea filma ikusi bitartean idazlea aktore lanetan eta gidoi bat jarraitzen ari dela konturatzea. Horrek erakusten du Nicloux eta Houellebecq-en bikaintasuna, testuinguru sinestezinenean idazle eszentriko ezin errealistagoa irudikatu ahal izatea ez baitago edonoren esku. Ongi egiten denean, nork ez du zinea maite?

Houellebecq
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK