“Gerra” kazetaritza Zumaian

Ertzaintza
Ertzaintza

Goiz lasaia dirudi, goizean jeiki eta lanera joan behar duzu Zumaia aldera. Hitzordua itxia duzu Estela eta Mari, Flysch-aren garbiketa auzolandegiak koordinatzen dituzten bi neskekin. Amaloi kafetegian kafetxo bat hartzera abiatu zara trena etorri bitartean, “ondo etorriko zait apur bat espabilatzeko!”

Garbiketa lanei buruz erreportaia prestatu behar duzu datorren asterako, gaia polita da, ilusiorik ez zaizu falta. Kafesnea eskuan, oroitu dituzu, gurasoekin Zumaiako labarretan olagarroak harrapatzen igarotako momentuak, oroitu duzu nola behin bat etxera bizirik eraman zenuen, eta nola egin zuen ihes balkoitik gauean. Eta noski, amaren aurpegia hurrengo goizean. Goiz lasaia dirudi bai.

Halako batean mobilaren soinua aditu duzu. “Hara!”, goizeko ordu horietan ez zenuen espero halako deirik. Hartu eta erredakzioko lagunak abisatzen dizute: “Zumaiako gaztetxea ertzainez beteta dago, desalojatzen ari dira!” Horrek planak aldatu ditu gero. Orain ez dakizu zer egin; gaztetxera joan behar zara lehenik, argazkiak atera eta bertakoekin hitz egin. Baina lehenago abisatu beharko diezu Estela eta Mariri!

Kafea ordaindu eta tren geltokirantz zoaz, mobila esku batean eta tiketa bestean. “Mari, Oier naiz, esto… gauza bat; gaztetxea desalojatzen ari direla jakin det eta beranduago geratu beharko gara…”, “Bai, eske, ni orain gazteekin nago eta ezingo dut joan, deitu Estelari bera da herrian-eta.” “Oso ondo bal…”, “Eta esan lasai egoteko, ni moldatuko naizela”, “Oso ondo, bale, barkatu eh! kar kar! Earra goiza…”, “Ez lasai. Ahal degun moduan egingo deu”.

“Estela?”, “Bai.”, “Oier naiz, beitu, gaztetxea desalojatzen ari diala-eta pixkat beranduo gelditu beharko gera.”, “Zenbat beranduo? eske gero labarrera joan behar det eta.”, “Ba nahi badezu azaldu gaztetxea, nik galderak eta bukatu eta jungo gea batea Flysch-ea. Baino lasai, Marik esan dit ez kezkatzeko.”, “A! Bale ba, eskerrikasko, lasaio geratzen naiz horrela. Beno ba haruntz noa, bale?”, “Bale, geroarte.”, “Geroarte”:

Trenetik jaitsi eta bizikletan ahal den azkarren abiatu zara, kamara lepotik zintzilik, gaztetxe aldera. Badirudi horrelako tentsio uneetan gutxiago nekatzen zarela, birikek gehiagorako tartea uzten dizutela. Arraro hasi zaizu eguna gero, hala nabari duzu. Urrutitik ikus ditzakezu kasko gorriak, eta gazteek heltzen duten pankarta bat. Bost bat metrora bi konejera eta ertzainen auto bat. “Ui, ui, ui… espero arazorik ez egotea”, pentsatu duzu guztia ikustean. Bizikletari kandadoa jarri eta kamara prestatzen hasi zara. Erredakziotik akreditazioa eskatuko zutela esan dizute, eta oraindik eman ez dizutenez, zure burua identifikatu ezkero argazkiak ateratzeko arazorik ez dagoela esan ere bai. Gazteek ordea pasa dizute abisua ere: “Leno neska bat hasi dek argazkik ateatzen eta borratu arazi egin ziotek, bestela kamara kenduko ziotela esanaz”. Zu, zure burua identifikatzeko prest zaude, berdin dizu, “total?”

Argazki bat pankartari, bestea gaztetxeari, ondoren ertzainei eta gaztetxeari batera, eta berriz pankartari. Halako batean ertzain batek lehor esan dizu: “Tu, pasate a la otra acera bale!” Kaso egin beharko, ez dituzu argazkiak galdu nahi. Ez dizu identifikatzeko eskatu behintzat. Argazkiak ateratzen jarraitu duzu. Hortik pixkatera zumaiar lagun zahar bat hurbildu zaizu, “Hi! Ze itek hemen!”, “Ez ba, ikusi haut bizikletan kamarakin eta pentsatu diat, ostia bea dek ta…”, “Ia, eske hemen, badakik informatzen, kar kar… atea dizkit argazki batzuk.” Derrepente ikusten duzu nola datorkizun ertzain bat zuzen. Zugana doa. Ezin diozu aurpegia ikusi, ondo tapatuta baitarama, soilik bi begi espresio gabeak eta zain bat begi baten goialdean. “Aizu!”-euskaraz zure harridurarako-“argazkiak ateratzen jarraitzen badezu, argazki kamera kendu eta gurekin etorri beharko zara, entzun?”, “Bai eske kazetari lanetan nabil “X” hedabidearent…”, “Berdin dit, ulertu duzu!?”, “Bale, bale”, kamera gorde duzu, baina argi duzu argazki gehiago aterako duzula.

Bazoaz pixkat urruntzen Estela aurkitzera.

Ekaitza bainuontzi batean