English Academy, a partir de 3 meses.
Ategorrietako “villa” dotoreenen artetik Grosera nindoala, ingeleseko akademia batekin egin dut topo. Sarreran zegoen kartelari begira geratu naiz une batez: English Academy (a partir de 3 meses).
Bigarren aldi batez begiratu behar izan diot kartelari, irakurri berri nuena ziurtatzeko; eta bai, 3 hilabetetik gorako haurrak joan zitezkeen bertara. Momentu batean, zer pentsaturik gabe gelditu naiz, baina ondoren, ideiak nire burua bonbardeatzen hasi dira. Irakurri dudana normala da? Gizarteak hori normaltzat dauka? Gizartea dago eroa, edo ni naiz erotzen ari dena?
Ni izan naiz kartelari arraro begiratu dion bakarra, beraz, agian ni naiz erotu dena; edo agian ez. Halere, besteen artean ez dakit zein dagoen eroago: akademia horretan hori idatzi duena, edo haur hori bertara eramaten duena. 3 hilabeteko haur batek hitz egiten jakin ez, eta ingeleseko akademiara bidali behar al dugu bada? Hiru hilabeteko haurrari ingelesa erakutsi behar al diogu bada Madrilgo alkatesak ez dakien bitartean? Gauzak eskuetatik joaten ari zaizkiguneko ustea daukat.
Ez nau harritzen. Duela gutxi Bilbon zabaldu dute ingeles akademia berri bat (frankiziak omen dira, Gasteizen, Donostian, Bartzelonan eta beste leku askotan ere badaude), Kids&Us izenekoa. Akademia horren leloa “Ingelesa Urte 1etik aurrera” da. Nik lehenengoz ikusi neunean, ezin nuen sinetsi… baina badirudi gero eta normalagoa da… erotuta gaude!!
Badirudi ingelesaren inguruan zabaltzen ari den txotxolokeriak ez duela mugarik…
Gaurko euskaldun zahar gehienek 6, 7, 8 urtetik aurrera ikasi zuten bigarren hizkuntza (gaztelania, gehienetan) eta ez dute inolako arazorik izan. Orain ematen du pekatu mortala egiten ari zarela zure haurrak 3 urterekin 3 hizkuntza hitz egiten ez baditu. Eta gero harritu egiten gara haurrek euskara erabiltzen ez dutela ikusita….
Guztiz ados. Ingelesa 3 urterekin ikasten hastea ezinbestekoa delako teoria zabalduta dago oso gure gizartean; ematen du zure seme-alabak adin horrekin ikasten hasten badira ez dutela hizkuntza sekula menperatuko. Eta ez da horrela. Ikerketa askok erakutsi dute 8-9 urterekin ingelesa ikasten hasi zuten ikasleek, baldintza onak aplikatuz gero -input egokia-, 3 edo 5 urterekin hasitakoen maila berera heltzen direla 12 urterekin.
Baina, dirudienez, gizarte pijo eta txorra honetan “out” zaude hori egiten ez baduzu…
Lep-ek esan duenaren antzera horrelaku ikerketa bat irakurri dut gaur bertan , umeak errazago ikasten dituztela hizkuntzak erraten zun baina ez umeak zialako, baizik ta hizkuntza horretan barra barra egiteagatik.
Emaitzak Lep-ek esan dun bezala antzekuak direla baieztatu dute.
Ta logikarekin nahiko zan hori jakiteko, hizkuntza bat ezbadezu erabiltzen zailago izango dezu ikasteko umea izan ala ez, ta hemen eskolatik ateratakuan Euskara barra barra entzuten ez badute Ingelesa gutxigo, gainera beste materia batzuetatik kentzen diezu orduak ta beste gauzetan gaizkio egongo dira.
Horregatik sartzen ari dira materia ezberdinak ingeleses ikastea, baina eskolatik ateratakuan ez dutenez erabiltzen, gehio kostatzen zaie materia hoietan aurreratzea.
Beste herrialdeko etorkinen adibidea ere jarri dute, adibidez alemaniera juten bagea, umeak lenago ikasiko dute Alemana helduak baino, baina zergatik? Eskolan, lagunak ta guztia Alemanieraz izango e, helduak aldiz bere hizkuntza erabiltzen dute gehio ta horregatik gehio kostatzen zaie ere ikastea.
Ta oraindik ez dakit zertarako dominatu behar da ingelesa natibu bezala gehiengo batek bere bizitza osuan zehar ez dunean erabiliko, hobeto litzateke maila ona izan, plangintza on batekin, ta gero beharren arabera heldutzen diranean, gaitasun hoiek hobetu ala ez.
Ze lanbiderentzako behar da Ingelesa hemen bizitzen? Lanbideen %5erako?
Erabat ados zuekin! Halere, ez nago hain ziur gizartearen gehiengo batek gurekin duen adostasunaz! Badirudi beste arazo batzuei kasurik ez egitearren ere sor dezaketela ingelesa ikasteko beharra; edo auskalo zergatik!
“¡¡No sabe hablar castellano!!” Errieta egin zidan beste ume baten amak, begi-platerak zabal-zabal, eta “mal-padre” esanez bezala muturra okertuz… 2 urte bete berriak zituen alabaz ari zen, euskaraz ere ozta-ozta egiten hasi berria zenaz!!
Nire ustez, euskararen alde egin litekeen lan eder bat zera litzateke: gurasoak heztea, eta argi uztea gizarte elebidun batean haur elebidunak hazteak ez duela esan nahi hizkuntza guztiak batera irakastea, ezta haurrei goizez euskaraz eta arratsaldez erdaraz (hori egitea ere gomendatu zidan beste batek!!!) hitz egitea.