Paul Bilbao: “Garaia da euskararen aldeko kurbak goranzko noranzkoa har dezan”

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aurrekontuen aurrean hausnarketa berri bat egin du. Orain arte Kontseiluak aurrekontu-proposamenaren gainean egin du lan, Gobernuak Legebiltzarrari aurrekontu-zirriborroa aurkeztutakoan horren gaineko ekarpenak egin izan ditu Kontseiluak, bai eta horren balorazioa ere. Eraginkorragoa izan dadin, aurrekontuak osatzen ari diren garaira aurreratu du bere lana eta espero du aintzat hartua izango dela. Lankidetzarako deia ere egin du. Donostian egindako prentsaurrekoan aurkeztu du Kontseiluak bere proposamena.

Paul Bilbao: “Garaia da euskararen aldeko kurbak goranzko noranzkoa har dezan”“Euskararen normalizazioari behar duen bultzada emateko lau alor nagusitan egin behar da aurrera. Alde batetik, euskararen aldeko herri gogoa indartu beharra dago, bigarrenez, arkitektura juridikoaren egokitzapena behar da arauak gaurkotzeko eta hutsuneak betetzeko, hirugarrenez, plangintza eragingarriak abiatu behar dira helburu eta epe zehatzak dituztela eta azkenik, diru-inbertsioak handitu behar dira. Lau norabide horietan aurrerapen nabarmenak egin gabe ez da erraza izango euskararen normalizazio prozesuaren bizkortzea”, esan du Kontseiluko koordinatzaile Iker Salaberriak.

Proposamen honek dituen iturriak eta oinarriak Kontseiluak berak urte hauetan guztietan sortu eta hedatu dituen dokumentuetan aurki daitezkeela esan du; beste batzuen artean, hizkuntza-politika berri eragingarria definitzen duen dokumentua.

EAEri dagokionez, proposamena Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta aurrekontu sailburuorde eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztu zaizkie, bai eta Eusko Legebiltzarreko talde gehienei ere, EAJ, EHBildu eta PSE-EE hain zuzen ere.

Paul Bilbaok, idazkari nagusiak azaldu ditu proposamenaren nondik norakoak: “Proposamenok, izaera eta maila desberdinekoak dira, orokorrak eta zehatzak. Ordena mailako proposamenak egin ditugu, alde batetik, diru-sail berriak sortzea proposatuz, adibidez, edota euskararen normalizazioaren zehar-lerrotasuna bermatzeko helburuz sortutako programa berriak”.

“Aurrekontuen inguruko eztabaida ez da zenbat gastatzen den bakarrik, nola gastatzen den, zertan gastatzen den eta gastua bera nola ordenatzen den ere eztabaida interesgarriak dira. Bestalde, zenbateko orientatiboak eskaintzera ere ausartu gara. Jakin badakigu aurrekontuak politika egiteko bidea direla. Zertan gastatzen den eta zertan ez erabakitzea politika egiteko modua da”, gehituko du Bilbaok.

Hamar proposamen orokor egin ditu euskararen aurrekontuak hobetzeko eta 2014ko aurrekontuak eredu hartuta, proposamen zehatz ugari jaso ditu, EAE. Euskararen aurrekontuei begirako hainbat proposamen dokumentuan jaso dituenak.

Proposamen orokorrei dagokionez, euskararen aurrekontuek, egokiak izan daitezen, aurrekontu osoaren %2 gainditu behar dute. Bestetik, euskararen normalizazioak dituen berezko ezaugarriengatik zehar-lerro izaera du eta hori aitortu behar zaio. Kontseiluak behin baino gehiagotan esan izan du Hizkuntza-politika egiten dena eta egiten ez dena dela. Bada, Gobernu batek, bermatu behar du sail guztiek euskararen aldeko hizkuntza-politika egiten dutela. Horretarako biderik egokiena, Kontseiluaren ustez, Lehendakariordetza berezitua sortzea litzateke.

Sail guztiek, salbuespenik gabe euskalduntzea bermatuko duen programa eduki behar dute. Orain arte, soilik Hezkuntza Saila izan da “Hezkuntza sistemaren euskalduntzea” izeneko programa eduki duen bakarra.

Inbertsioa eta araua dira Administrazioek politika egiteko dituzten bide nagusiak. Orain arte, euskararen normalizazioari dagokionez, desorekatua izan da bien arteko erabilera. Hau da, apustu nabarmen bat egin da inbertsioaren alde arautzea maiz baztertuz. Orekatu beharko litzateke hori diru-baliabideak beste zeregin batzuetara libratzeko.

Bilbaok esan duenez, kontratazio irizpideak arauz zehaztu behar dira zorroztasun handiz euskara ez dakien langilerik ez kontratatzeko. “Horrek diru asko libratuko luke gaur egun euskararen normalizazioaren alorrean gastatzen den kopururik altuena funtzionarioak euskalduntzen gastatzen baita. Gainera, erraztuko luke euskaraz funtzionatzeko data ezartzea eta hizkuntza-eskubideen urraketarekin bukatzeko jauzi handia ematea ahalbidetuko luke”.

Neurri zehatzei dagokienez, adibidez, legebiltzarkideak euskalduntzeko plana eta Legebiltzarraren funtzionamendua euskalduntzeko hainbat neurri proposatzen da. Bestetik, sail desberdinek egiten dituzten erosketa eta zerbitzu kontratazioetan hizkuntza-irizpideak arau bidez jartzea ere proposatzen da. Hizkuntza-eskubideen bermerako neurri zehatzak hartzea ere proposatzen da.

Justizia eta osasun alorra beltzune dira hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionez eta bi arlo hauetan neurri zehatzak proposatzen dira egoera bideratu asmoz. Besteak beste, justiziaren euskalduntzea bermatzeko programa sortzea. Osasun alorrari dagokionez, euskaldunak identifikatzeko bideak ezartzea, euskaldunon zirkuituak sortzea, EHUrekin akordio markoa egitea langile euskaldunak sortzeko…

“Gure ustez, 2015eko aurrekontuek ziklo berri baten hasiera erakutsi beharko lukete euskararen normalizazioari dagokionez. Aurrekontu orokorrek gora egin izan dutenean, 2006tik 2008ra, euskarakoen igoera apalagoa izan  da edo jaitsi egin dira (2008-2010); eta aurrekontu orokorrek behera egin dutenean (2010-2012), euskarakoek jaitsiera are eta handiagoa izan dute. Hartara, euskararen aldeko politikek aurrekontuetan isla izan behar dutela ondorioztatzen dugu. SIADECOk bi urtero aurkezten dituen datuek erakutsi izan dute azken urteetako joera, eta bada garaia egoera hori iraultzeko. Hartara, Kontseilutik dei zuzena egin nahi dugu orain arteko zikloei behin betiko amaiera eman eta euskararen aldeko diruen kurbak beste noranzkoa har dezan, goranzkoa hain zuzen ere”.

Amaitzeko, “instituzioen eta legebiltzarreko taldeen esku utzi dugu gure proposamena, bai eta gure prestutasuna ere. Uste dugu garaiz gabiltzala 2015eko aurrekontuetan bertan gure proposamenaren isla egon dadin, eta halaxe izatea espero dugu”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Paul Bilbao: “Garaia da euskararen aldeko kurbak goranzko noranzkoa har dezan”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude