Zein zaila den hiri-txirrindulari izatea!
Bizikletaz mugitzen naiz oinez joatea baino azkarragoa delako eta autoa aparkatzea baino errazagoa delako. Bizikletaz mugitzen naiz merkea eta osasuntsua delako, eta libre egiten gaituen bizimodu baten adierazle nagusia delako. Kezka bakarrak: urrutiko hodei beltzek utz ditzaketen euri tanta desatseginak eta bizikleta berriro hartzera noanean hor jarraituko ote duen.
Hala eta guztiz ere, ulertzen ez nautela sentitzen dut. Espaloietatik baztertzen naute, oinezkoentzat arrisku larria naizelakoan –deabrua bera motorrik gabeko gurpil pare baten gainean!–, eta muturra okertzen dute haien ondotik pasatzen naizenean. Errepidetatik baztertzen naute autoei traba egiten diedalako eta klaxona jotzen didate haserre bizian. “Utikan!”. Horregatik, bidegorriak eraiki dituzte hiri osoan zehar, bizikleta zaleok bertatik zirkula dezagun modu baketsu eta seguruan.
Baina, hara! Bidegorrietatik ere baztertzen gaituzte! Guraso helduen gurpildun aulkiak bultzatzen dituzten pertsonak, patinetan doazen haur bihurriak, korrika doazen kirol zaleak, inongo konturik gabe bidegorriak gurutzatzen dituzten gazteak, itsu-itsuan eta inkontzienteki markatutako bide bat jarraitzea helburu duten oinezko despistatuak eta abar. Geure eremuan ere batzetan arrotz sentitu behar!
Benetako elkarbizitzarako bide asko dago oraindik egiteko, eta ez asfaltozko bide gorria. Bizikleta zaleok geure esparrua behar dugula ulertu behar du gizarteak: bidegorriak direla gure bideak baina, batzuetan, espaloietara salto egiteko beharra izaten dugula, bidegorri guztiek ez baitute geuk behar dugun tokietara eramaten. Kasu horietan, kontu handiz ibiltzen saiatzen gara, ez duzue ahaztu behar gu ere oinezkoak garela bizikletatik jaisten garenean. Eta errepidetik joan behar dugunean, mesedez, ez bozinarik jo, ez oihurik bota, segurtasun tarteak gorde; gurpil gaineko ahulenak garelako eta despiste txiki batek gure bizia betiko eten dezakeelako.
Gauzak modu baketsu eta zibilizatuan konpontzearen alde egiten dut beti, baina badirudi batzuetan horrek ez duela balio zenbait pertsonekin. Ez ditut eztabaida beroak gogoko, ezta ergelen txorakeriak entzutea ere. Horregatik, benetako bakea eta elkarbizitza iristen den bitartean, bozina zaratatsu bat ipini dut nire bizikletaren eskulekuan, nire erara justizia egiten joateko.