Munduaren akabera
Munduaren akabera
Teleberriko aurkezleak ahoan bilorik gabe hitz egin zigun behingoz: “mundua bihar amaituko da” iragarri zuen gurasoek patata bana muturrera eramaten zuten artean. Muturrera diot, bai, oso zaila baita munduaren akabera entzun orduko lasai afaltzea. Bat-batean, marmara zabaldu zen etxetik eta Bilbao osotik. Arrebak ez zuen sinestu nahi, eta tontokeriak zirela esaten zigun bitartean bere mutilari idazten zion mezu bat, munduaren akabera batera pasatzeko. Gurasoak ere apokalipsia zelan pasa pentsatzen hasi ziren. Laurontzat afari goxoa prestatu, alaba askatu eta hirurok igaroko genituen geure bizitzaren azken orduak elkarrekin.
Bilbon jendea zoratu zen. Bidaia agentziak eskeintza bereziak antolatu zituzten munduaren akabera igarotzeko, biharamunetik aurrera diruak ez zuela balio gehiagorik izango ahaztu balute bezala. Koadrillean inoiz negarrik egin ez zuenak malkoei eutsi ezinik maite gintuztela aitortu zigun bere azken garagardoa dastatzen zuelarik. Ordua ailegatzen ari zen eta aitorpenak erreskadan zetozen. Nik ere neureak egin nituen eta maite nituela esan nien lagunei, baita gurasoei ere kotxeko giltzak hartzeko aitzaki gisa. Ez, ez da ez nituela maite baina neure plana apokalipsia bakarrik igarotzea zen, gurasoek euren azken momentuez intimidadean goza zitzaten eta neu, nola ez, neure buruarekin, poeta erorien modura.
Hala, kotxea hartu eta Artxandara nindoala, amamarekin akordatu nintzen. Umeetako gogoak nituen buruan: pasilloko futbol partiduak, txokolate onzak eta zapatila eskuan. Horrela, zahar-etxera abiatu nintzen beti egiten genuen txango bera azken aldiz egiteko. Betiko gelan hartu eta Abrara joan ginen, Ereaga hondartzan kotxea gelditu itsasora begira paratzeko. Geure amama ez dakit nora eraman nahi zutela lan egitera kontatzen ari zela, lehen burrundada entzun zen eta zerutik suzko geziak erortzen hasi ziren. “Ekaitza dakar zeruak” ohartu zidan eta barreka hasi ginen, barre-algaraka, ezaxolati, mundua akabatu zen arte.
Presencia Vasca saiorako osatutako ipuina