Aitxaren hiztegia

Harrigarria gertatzen da norberaren aitaren bizitza biltzen duen liburu baten argitaratzea ikustea, baina guri gertatu egin zaigu. Xabier Lasak gure aitari buruzko liburu bat idatzi du eta sekulako jende piloa bildu zen aurkezpenera. Izango da gure aitak urte andana duelako sorbalda gainean eta ez delako izan une batean ere geldik egotekoa.

Izanak izan, aurkezpen ekitaldian bi hitz egiteko eskatu zidaten eta harrigarria bada aitari buruzko liburu bat argitaratuta ikustea, zer esanik ez liburu berorren aurkezpenean aitaren ondoan eserita berari buruzko hitz batzuk esaten jartzea. Kiribilaren kiribila!

Izanak izan, hara hemen abagunerako idatzi dudana, irakurtzeko baino, jendaurrean esateko pentsatuta dagoena. “Aitxaren hiztegia” du izenburu eta hona dakart, batez ere, paper zaharren artean gal ez dezadan.

Aitxaren hiztegia

Aitxaren hiztegia

Gure aitxaren hiztegian hitz batzuk falta dira: ez daude. Hiru dira, zehazki.

Lehenengoa KUADRILLA da, bigarrena TABERNA eta hirugarrena, ASPERDURA.

Lagunak baditu, jakina, eta joan zaitezke berarekin edonora, Plaentxia, Bilbo edo Baionara, han ere baten bat agertuko zaio Kontxo Felix, zenbat denbora elkar ikusi gabeka. Baina KUADRILLA, horrek dakarren guztiarekin, ez da bere hiztegian agertzen.

TABERNA hitza ere ez dagoela esan dut, baina ez uste janedan gozoak ez zaizkionik gustatzen: ez dio uko egingo trago edo kafe eder bati, baina gauzak diren bezala esateko, beragatik balitz, eta azken 50 urteetan tabernetan gastatu dituen apurrak ikusita, tabernariek ez lukete bizibiderik.

ASPERDURA hitza ere ez dago eta bera ezagututa, normala da hori. Edo anormala, segun eta nondik begiratzen den, izan ere, obsesioak batek ere bizi baitu: denbora alferrik galtzekotan, izan dadila lo egiten den bitartean, bestela hobe da bizi-bizirik bizi.

Gauzak beste alde batetik begiratuta, badira beste hiru hitz, hiztegi normaletan baino mila aldiz gehiagotan agertzen direnak bere hiztegi partikularrean. Bi oso ezagunak dira eta Xalbadorren kantu batetik ateratakoak dirudite: HERRIA da bata eta HIZKUNTZA bigarrena.

Hirugarrena, ostera, ez da hain ezaguna, baina bere kasuan bizitza oso bat ardazteko balio izan du: EKINTZA. Bai, EKINTZA, ekinaren ekinez egiten den EKINTZA hori.

Eta hara zelan , hitz batzuk edukitzeagatik eta beste batzuk ez edukitzeagatik, fortuna handiko gizona den gure aitxa, zeruan gabe, mundu honetan dagoena. Izan ere, jainko txiki baten gisan, mundua aldatzeko gaitasuna erakutsi digu, etxekooi, behintzat. Gaur ezagutzen dugun HIZKUNTZA, ez litzateke halakoa berak egin gabekoak gabe eta gaur ezagutzen dugun HERRIA ere ez. Jakina, ez berak bakarrik, baina baita berak ere, horixe baitauka EKINTZAK bidelagunak behar dituela, ezer izango bada, eta bera beti izan da aparta egokienak bilatzen.

Eta HIZKUNTZA diodan lekuan, jarri IKASTOLA, ONGARRI, ELGOIBARKO IZARRA, IKASTOLEN FEDERAZIOA eta antzeko negozioak, eta HERRIA diodan lekuan jarri POLITIKA, MANIFESTAZIOAK eta TORTURAK… Baina, baita ere EKONOMIA, LANA, KOOPERATIBAK, DANOBAT, ETXEPE eta halakoak.

Ez, gure aita ez da sekula aspertu, ez dut ezagutu ezer egin gabetan, geldik eta jarrita dagoenetan, irakurtzen egoten baita, irakurtzen eta irakurtzen, letrajale amorratu baten antzera.

Horregatik egin du lan itzela XABI LASAK. Ez da marka makala halako gizon bat liburu batean ehizatzea, nahiz eta 424 orrialde ukan. Martin Ugalde zenak, gure aitxa KISKALEZINA dela esaten zidan eta ez zitzaion arrazoirik falta.

Baina badira gauzak ezin direnak liburuetan sartu, Xabi. Esate baterako, mendian gora ibiltzeko grina, perretxikotan edo arrantzan jarritako pasioa, lizar adar batekin nola egin txilibutua edo erreten edo iturri hondatu bat nola ekarri bere bidera…

Gaur etxekook apur bat urduri gaude, zer pentsatu asmatu ezinda. Jar zaitezte gure lekuan, eta hasi pentsatzen zer gauza harrigarria den norberaren aitxari buruzko liburu bat argitaratuta ikustea.

Baina batez jarri ere gure amarenean. Ez naiz orain esaten hasiko gizon handi baten atzean beti badela andre handi bat, gurean ez baita halakorik izan. Gurean ez da andre handirik izan. Horren lekuan izan da andre zoragarri, alai eta maitekor bat, senide guztion bideetan lagunduz aurkitu duena bere bidea. Bai, etxekook badakigu, ama gabe ez zela izango aitxarik, ibairik gabe, itsasorik bete ezin den bezala. Bai, zorte itzel hori ere izan du gure aitxak.

Eta puntu honetara iritsita, eta esan beharreko garrantzizkoenak esan gabe lagata, eskerrik asko Xabi Lasa, liburu hau egiteagatik, eskerrik asko denoi hona hurbiltzegatik, baina, batez ere, eskerrik asko ama… eta aitxa.

Aitxaren hiztegia
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)