Bazkalorduaren txistea: eskaera berezia

Bazkalorduaren txistea: eskaera berezia
Hegoaldeko anai-arreba maite eta preziatuok,
Nahi nuke baliatu Eneko Bidegainek, gaurko Berrian plazaratu iritzi-istorio ttipiaz, umore aferak direla-eta, eskaera berezi baten egiteko. Enekok ez duke ahantzi “bazkariaren txistea”-ren kontua, pentsatzen dut karaktere kopuruak ez ziola emanen zerrenda exaustiboa egiteko bizitzen ditugun gora behera nazionalki deseraikitzaile guziez.
Betiko “Addddio, zerrr berrri? Un-txa?” iparraldekoen imitazio saioa baino eskarniatze garbitik (eta tristetik) eta beste hainbat kontutik haratago, nik badut “bazkalorduaren gaia” zintzurrean tresbeska.
Beraz gaurkoaz baliatuko naiz mesede pertsonal argi baten galdetzeko, nahi nukeena kondutan hartzea umorea egiteko orduan… Ene eskaria betetzen ez baduzue ez zaituztet gutxiago maitatuko. Aldiz, betez gero, estimatuko zaituztet piskat gehiago.
Gure erritmo kronobiologikoak baino segurrago gure ohiturak dira eguerditan bazkaltzea. Lurralde frangotan bezala. Ez arratsalde erditan. Ez inglesek bezala goizeko hamaiketan. Eguerdi eta erdiak aldera, oren batean berantenik. Beste gisa batez gertatzen bazaigu arrazoin praktiko zenbaitengatik izanen da. Ez dugu guk hautatu eta ez dugu nahitara egiten originalak izateko: hola heziak izan gira eta ingurumen osoa (lan ordutegiak, jatetxeenak, eskoletakoak…) horren arabera antolatuak dira. Gisa berean Gasteiz edo Bilbon arratsaldeko bietatik goiti bazkaltzen da. Bigarren hauen kasuan ez badu zer erranik ematen, iparraldekoen “maniak” bai.
Horiek hola, erregularki, hegoaldean gaindi gabiltzalarik nahiz hango batzuk gure artean daudenean, jasan beharra da, goiz edo berant, kasik sistematikoki, ohar bat: “Ez zarete oraindik gose?”, “To iparraldeko bat sagar batekin eskuan, hamabiak dira ala?!” eta holakoak. Karkaila ozenez lagunduak izaten dira usu. Irresistibleak.
Eta horiek mingarriak dira, zeren, ororen buru, gu beti saiatzen baikira egokitzen, baina batzuetan fisikoki zaila da. Haratago, extralurtarren gisan sendiarazten baikaitu.
Hasiera batean “bazkalorduaren txisteak” graziarik egin gabe, irrifar bat eragiten zidan, elkarri deus erratekorik ez denean eta betiko kontuez ari garenean bezala, aroaz bi zozokeria erraten direnean bezala, politeziaz, jendetasunez.. ez dakit, irri egiten nuen. Zozoki.
Geroago hasi nintzen aspertzen kontuarekin, azkenean etengabeko repetita bat baitzen eta bestalde beti, behin eta berriz, betiko, kontuak azpimarratzen zuelako ez nintzela “hangoa”, beste nonbaitekoa baizik, beste ohitura batzuekin, bitxiak, ez “berdinak”. Lurralde urrun eta ezezagun horretakoa zeinetaz asko hitzegin baina gutxi jakin edo galdetzen den. IparraldeA izan gabe, Iparralde, Obaba gisako bat, baina zeinetako jendearen egiazki gurutzatzeko suertea baden noizbehinka. Enekok diona: deseraikuntza nazionala.
Gaur, txistea entzuten dudanean, ez dut gehiago deus erraten. Ez dit eragiten erreakzio fisiko ikusgarririk, politeziaz eta errespetuz jokatzen dut bizikide edo herkide kontsideratzen ditudanekin.
Horiek hola, hegoaldeko kide, lerro hauek irakurri ondoan, gogoan atxik ZUEN bazkalordu arraroengatik ixiltzen garela maiz, sufritzen dugula ia beti. Jakin ere Iparralden bizi baina gabatxoak izateaz defendatzen garenok, praktikak egokitzen saiatzen garela gauden lekuaren arabera eta jasangaitza zaigula azpimarratzen denean gure desberdintasuna, bitxikeria, urruntasuna. Badakigu, espero dugu, ez duzuela nahitara egiten, ez gaiztoki. Sinetsi nahi dut ez zaretela jabetzen pairatzen dugunaz, bai fisikoki, bai mentalki. Haatik ordu litzateke ohartzeko eta aldatzeko.
Hortik, bihotzetik eskertuko dizut, otoi, hemendik aitzina, gurutzatuko badugu elkar, ez egitea ateraldirik apairu tenoreen inguruan. Mesede eginen didazu, diozu zure buruari, diozu gure herriari.
Metzi Pitzitzi
Pott.
Bazkalorduaren txistea: eskaera berezia

IRUTEN ARI NUZU