“Gure esku dago” ertzak eta erdiguneak

“Gure esku dago” ertzak eta erdiguneak

"Gure esku dago" ertzak eta erdiguneak

Gure jardun soziopolitikoa nagusiki herri mugimenduetan ematean hautatu genuenok gogo eta inbidia handiz ikusi dugu Durango eta Iruñea elkartu dituen giza-emakume-katea. Biboko manifestazio erraldoietan Euskal Herrian partaide kopuru hori elkartzea batzutan lortu den arren, herri-mugimendu batek deitutako ekitaldi batean horrenbeste jende andana bildu izana ez da horren ohikoa.

Ez gara gaur goizekoak. Argi da mugimenduak bestelako babesak ere lortu dituela. Gipuzkoako Aldundiaren 100.000 euroko diru-laguntza jaso izana eta ETBn jo eta su lau bat aste deialdiaren berri eman izana, ez da deialdaren orijinaltasunagatik suertatu, izan ere ez da oso orijinala. Hauspua mugitu duten eskuak, esku indartsuak dira, ez dakit ordea, gure esku ote dauden, baina indartsuak dira.

Aitorzen dut inbidia ematen dit eta egiari zor. Herri-mugimendu burujabe eta independienteen eredua bultzatu eta bultatzen dugunok badugu zer hausnartu. Hiru hamarkada eman ditugu eredu partehartzailea bultzatzen eta hiru hamarkadaz jardun soziopolitikoaren ertzetatik ateratzea ez dugu lortu. Litekeena da aldaketa soziopolitiko eta kulturalak lortu ahal izateko ertzetik hasi behar izatea, baina gure gabeziak publikoki ez aitortzea ez da zilegi, eta 120.000-150.000 lagun elkartzea lortu duen ekimenari zorionak ematea ez litzateke zintzoa.

Erdigunetik ertzetara

Azkeneko hamarkadotan “Gure Esku dago” mugimendua bezalako behin-behineko erreferentzia asko sortu dira . Antzeko ibilbidea izan dute gehinek, hots, herri-mugimendu handia sortzeko (edo sortzeko laguntzeko) ahalmena duten taldeek mugimendu hauei eszenatoki politikoaren erdigunean kokatzen lagundu ohi diete. Ondoren, dagokien mugimendu taktikoa egindakoan, ertzetara txokoratzen dituzte gehienetan.

“Gure Esku dago”k plazaratu duen xedeak gabezi handiak ditu, batik bat testu-inguru historiko eta geopolitikoa kontuan hartzen badugu. Indefinizioa da arrakastaren gakoa; bide batez, indefinizioan du bere arriskurik handiena. Esparru zabaleko milaka eta milaka lagun elkartzea lortu ditu, baina hurrengo urratsa eman ahal izateko beharrezkoa den definizioak esparru zabal horretako zenbait tokitan pitzadurak sortuko dituelakoan nago.

Durango eta Iruñea elkartuz, eskutik helduta, Ortuzar, Gema Zabaleta, “Podemos” eta Pernando Barrena ikusi ditugu. Haatik, lau horietako bakoitzari “erabakitzeko eskubideari buruz” galdetegi bat egingo bagenie, lau istorio ezberdin irakurriko genituzke. Istorio ezberdinak kontatzeak ez luke trabarik egingo istorio horiek bateragarriak balira, baina balizko uztagarritasun horren zantzurik ez dut ikusten.

Alderdi politiko klasikoen ikuspegitik, herri mugimenduak sektorialak izan behar dira, gai jakin baten inguruan indar-metaketa egiteko sortuak eta oinarri sozial zabalekoak; alderdiak berriz, “holistikoak” dira, doktrina-xede ideologiko batean kokaturik eta jendarte-mugimenduen gidari. Horrela ikusirik, jaiotzen diren herri-mugimenduak taktikoak lirateke, behin-behinekoak eta alderdi politikoen beharren menpe.

Eraldaketa soziopolitiko eta kulturala beste modu batez bultzatu nahi dugunon ustez, aldiz, herri mugimenduak alderdiak baino definituagoak izan behar dira, aukeratu duten arloan, bederen. Definizio horrek alderdien epe laburreko interes taktikoen gainetik aritzeko ahalmena ematen die eta hortaz, arlo estrategikoan aldaketa sakonagoak eta koherenteagoak eragiteko aukera ematen die.

Ez dut zalantzarik, azkeneko hamarkadetan eman diren aldaketa eraldatzaile gehienen sorburua jendartean egon dira, herritar taldeetan sorturiko ekimenetan: langileek, feministek, ikasleek, euskaltzaleek, ekologistek bultzaturik, ondoren alderdiek onartuak, azkenean indar-korrelazioan aldaketak emandakoan, erakundeetan eta legedian isla izan arte. Bide neketsua, eraginkorra, esker txarrekoa eta zorionekoa.

Giza-emakume-katean 120.000-150.000 bat lagun elkartu dira “erabakitzeko eskubidearen alde” dauden boto-emaileen ordezkaritza eta bozka ematera joan ohi den pertsonen portzentiaren zati bat, ezbairik gabe. Halere, konpromiso politikoan beste pausu ematea eskatzen duen keinua da eta beraz, euskal jendartearen indar erakusle interesgarria.

Erronka handia dugu aurrean, kate biziduna antolatu dutenek milaka herrikideen gogoa ez zapuzteko; eta independentziaren aldeko ezkerreko mugimendu indartsua nahi dugunok ertzetatik ateratzeko gai izatea, aukera historikoa ez galtzeko.

“Gure esku dago” ertzak eta erdiguneak

Donostiarra Pasaiaratua.