Betikoak

Kantu goibelak entzutean malkoak isurtzen hasten da; zein zaila den aurrera egitea halako uneetan. Zorion garaiez oroitzen da, Alaitzek eskua hartu, aitonak masaila laztandu edo irakasleak gometxa berdea jartzen zion garai horiez. Orain, Alaitz ez dago bere alboan, aitona ez da masaila laztantzeaz akordatzen eta ez du lan ona egiten ari dela esaten dion nagusirik. Dena ilun ikusten du.

Eguberria da eta argiak ikusten ditu kalean, panpinez eta gauza distiratsuez beteriko zuhaitz berdeak dendetan, irribarreak umeengan eta maitasun hitzak sare sozialetan. Baina berari egun hauek ez diote behar duena ekartzen.

– Olentzerok nahi zenuena ekarri dizu? –galdetzen dio ilobak.

– Ez, maitia, ea hurrengo urtean hobeto portatzen naizen –erantzuten dio, burumakur.

Eta hala uste du, datorren urtean pertsona hobea izanez gero, irrikatzen duen oparia zapataren ondoan utziko diola Olentzerok. Horregatik, une hartatik aurrera irribarre egingo duela erabakitzen du, ezagun guztiak agurtuko dituela, ez duela ezagutzen ez duen inor epaituko, ez diola amari oihukatuko, eta ez diola zerbitzariari errieta egingo beste mahaikoek eskatutakoa ekarri izanagatik.

Baina urteek aurrera egiten dute, eta oparia ez da bere tokian inoiz agertzen. Abenduaren 25a iritsi eta dezepzioak suntsitzen du. Ez dago hor, eta inoiz egongo ote den zalantza du.

– Olentzerok nahi zenuena ekarri dizu oraingoan? –galdetzen dio, urtero lez, ilobak.

– Ez, maitia, aurten ere ez dit ekarri –erantzuten dio, beti bezala, burumakur.

– Baina, horren zaila da zuk nahi duzuna lortzea?

– Hala dirudi.

– Jakin dezaket zer den?

Segundo batzuez pentsakor egon ostean, erantzutea erabakitzen du:

– Maitasuna da, txiki, maitasuna.

Aulki gainera igo, sorbaldatik heldu eta besarkada izugarria ematen dio, orduan, ilobak. Eta begi negartsuekin, zera esaten dio:

– Eta orduan, zer da hau? Nire besarkada ez al da maitasuna?

Orduan jabetzen da: bere oparia beti izan du alboan.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...