Herriko Etxea eta biok, euskaraz.

Eguberri bezperan berri ona iduritu zait Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzatuko duen ekimen berriaren iragarpena. “Herriko Etxea eta biok, euskaraz”.

Izan ere urteak daramazkigu orain hizkuntz politika baten lehen urratsetan iparraldean eta bitartean bizi sozial eta batez ere bizi publiko-administratibotik doi bat bazter gelditzen da erabilpena.

Ezin da erran ez dela arloa kondutan hartzen. Ez baita arras hala. Azken urteetan hamarka igorri izan dira hainbat lekuetan langileak euskalduntzera eta lana euskaraz egitera trebatzera. Bizkitartean, herriko etxeetako zerbitzuetan ez da formakuntza eta ikaskuntza guzi horien probetxu ateratzen lortu oraindik eta ene iduriko behintzat, indar gutxi egin dira alde horretara, esplizituki eta formalki, ez bada kasu zenbaitetan baina neholaz ere dinamika bateratu batez. 

Langile euskaldunak diren zerbitzuetan, bideratu beharko litzateke euskararen erabilera, ahozko nahiz idatzizko komunikazioetan. Egiten egiten da. Hala ere maiz gelditzen da murritz. Haur eta gazte munduan aitzinamenduak eginak izan dira, zerbitzu osoak euskaraz eskaintzera buruz, langileak lanpostu elebidunetara pasatuz edo lan dokumentu zenbait elebidunduz. Halere ez da izaten zerbait orokorra, zerbitzu guzietan bideratua, ez eta ere ekimen plangintzatua, kudeatu eta neurtu, neurgarria, nahiz eta langilegoa horretarako prestaturik den, nahiz eta jendartea horren zain den.

Arrazoinak bi dira nagusiki. Batetik ez delako orain arte plan orokorrik eraman herriko etxeetan, zerbitzu eta aktibitate guziak kondutan hartuko lituzkeena, urte askotakoa eta urrats pragmatikoz egina. Bestetik ez da izan erabileraren bultzatzeko kanpainarik: nik dakidanez, ez da egon egiturarik, ez politikaririk, ez kargudunik dei egin duenik baikor eta sendo euskaraz aritzera bere baitako zerbitzuetan. Deialdi sinple bat, euskararen erabileraren kontua doi bat demokratisatu nahi lukeenik, sinpleki eta artifiziorik gabe, errateko euskara erabiltzea on eta desiragarria dela. Denek baitakigu militanteen gain uzten denean sentsibilizazioaren gaia, beti oihartzuna izaten dela baina indar handiagoa lukeela eta batez ere euskalgintzako mugimenduek hunkitzen ez ditugun jendeenganaino heltzea ahalmenduko lukeela administrazioak berak, kargudunek eta hautetsiek, eginen balute.

Agian bada ere beste arrazoni bat, arras humano eta ulergarria: euskalduna denari beti gaitzeko indar eta jarrera militantea eskatzen diolako, hots bizi konplikatzea, etengabe “agerian” ezarri behar baitu bere burua euskaraz egitea erregutuz, ea ahal den, ea utziko dioten, ea kooperazio doia kausituko duen.

Bizkitartean, euskalgintzako hainbat taldek eraman dute sentsibilizazio eta erabileraren gaia urteetan, kanpaina desberdinen bidez, lubakietan barna. Ongi gogoan ditut duela zenbait urte EHEk berak (beste batzuk ere aipa daitezke) eraman zituen kanpaina arrakastatsuak iparraldean gaindi eta batez ere lortu zuen herrietako elkarte eta entitate desberdinen inplikazioa.

Beste behin horrelako baten beharrean gira eta eskertzekoa da EHEren kanpaina. Gaurko egunean, iparraldeko euskaldun anitz euskaraz bizitzearen grinarekin baitabil. Gaur, administrazioetako langile anitz dira euskaldun, euskaldunduak, euskalduntze bidean, trebatuak, gaituak lan egiteko gurekin gure hizkuntzan gure herrietan. Praktikoki, urteetan zehar badira materiala, idazkiak, ereduak, formularioak eta nahi den guzia euskaratuak izan direnak eta hor nonbait dirautenak nehor gutxik sekulan erabili gabe.

Hots, lan frango bada eginik edo bidean, ordu litzateke probetxu doia ateratzen hasteko.

Gure behar handia eta beste batzuen eskasa da gai hau eta kontu estrategikoa bada ere, jende horien guzien aktibatzea, eta bide batez, hizkuntz politikaren gauzatzea eskutan dutenen iratzartzea; baitirudi kasu honetan ere, ez bazaie bidea erakusten ez dutela beste hamar urtez ere asmatuko nola eta zer egin. Eta sentsibilizazioaren eta erabilpenaren arloan badugu ikasgai hartzerik, dudarik gabe.

 

Argazkiak: Take my hand by Gayle Nicholson  eta Euskal Herrian Euskaraz logoa by EHE

IRUTEN ARI NUZU