Irainak 2.0.

Irainak 2.0. –

Irainak 2.0.Batek esan omen zuen gauzak ez direla ez onak ezta txarrak ere, baizik eta pertsonek emandako erabilerak bilakatzen zituela bat edo beste. Arrazoi izango zuen seguruenik. Laban bat, esaterako, norbait akabatzeko erabiltzekotan objektu gaizkile bilakatuko genuke, baina, zein ondo datorkigun bihurkinik ez dugunean eta askatu nahi dugun torloju horrekin bat datorren. Drogari buruz ere adibide parekoa ipini genezake. Ez ahaztu mediku askok esaten omen duten hori: egunean edalontzi bat ardo ondo datorkio bihotzari. Bai, adibideak xelebre xamarrak dira, baina adibideak ipintzerako orduan gauzak muturrera eramatea bezalakorik ez dagoelakoan nago.

Hala ere, nire gaurko ideia ez zen labanez, torlojuz ezta ardo gorri nafarraz hitz egitea, baizik eta inguratzen gaituen eta niri lerro hauek idazteko aukera ematen didaten komunikabide digitalez, aspalditik badagoelako kontu bat ez zaidana batere atsegin gertatzen. Ari naiz, parte-hartzeko eta beste ikusle-irakurleekin ideiak eta iritziak partekatzeko eskaintzen duten espazioetan aurkitzen dudan komentario klaseaz.

Bada denboratxo bat prentsa digitaleko erabiltzaile fidel naizela. Ez naiz paperarekiko erromantizismoa oraindik kontserbatzen duenetakoa. Interesgarriagoa aurkitzen dut digitalean pentsatzea, eskaintzen dituen aukera guztiei probetxua ateratzea  eta, finean, honekin aurrera egitea, hasiberria den modelo batek ipintzen dituen oztopoei gutxinaka aurre eginez. Baina, hasieran nioen lez, teknologia bera ez da ona ezta txarra ere, baizik eta guk egiten dugu bat edo beste, eta aurreko paragrafoa ixten duen ideiak digitalarekiko nire optimismo hori zertxobait ahultzen du.

Zenbat tontakeri, zenbat komentario huts, konfrontazioa besterik bilatzen ez dutenak, zenbat mesprezu, zenbat irain, denak, betiere, ezizen anonimo eta koldarren atzean ezkutaturik. Inork ez diezaiela ikusi. Zein erraza den balkoitik txistu egitea.

Ondorioztatu dezaket nire gaurko gai hau ez zela ere adibide txarra hasieran botatako tesiarekiko. Agian labanarena edo drogarena baina hobea, harrigarria baita plataforma digitalek irakurtzeko, ikusteko, entzuteko eta iritziak partekatzeko eskaintzen dizkiguten aukera mordo eta aberasgarri horiek zein erraztasunarekin zapuzteko gai garen. Halakoxeak gara gu, gizon-emakumeok, beti gauzei txarrena ateratzeko gai.

 

IRUNTZI DANA