Bwuanak Eusko Jaurlaritzan
“Gureek espaloitik jaitsarazten gaituztenean” iruzkina argitaratu du berriki Urtzi Urrutikoetxeak gune honetan bertan. Egia batzuk bota dituen arren, eta mamia bazuen arren, ez du arrasto handirik utzi. Ez bide dugu gustuko aitortzea, euskaldunak baztertzeko, Barcinaren, Urquijoren eta enparauen beharrik ez dugula; “gureek” ere, oso sarri uzten gaituztela bazterrera, espaloitik jaitsarazten gaituztela, euskararen etsai ofizialen beharrik gabe.
Jaurlaritzan bertan, euskara-planak euskara-plan, ia egunero bizi izaten ditugu pasarte negargarriak. Ia egunero gogorarazten digute Eusko Jaurlaritzan ere, erdaldunak direla nagusi eta euskaldunak menpeko, euskararen normalizazioan eredu beharko lukeen herri-erakundean bertan.
Aitortu beharko dugu bidenabar, horrela jokatzen dutela, neurri handi batean, menpekoek, euskaldunok, horrela jokatzen uzten diegulako. Etxe honetan ez genuke isunik jasoko, ez genuke lanpostua galduko, “aski da” esan eta planto egiteagatik, baina oso-oso gutxi dira altxatzen direnak, eta ugariak, nagusikeria erdaltzalearen aurrean beste inora begiratzen dutenak.
Tartean, nagusikeria horretan laguntzaile diren euskaldunak ere badaude, jakina.
Adibide xume bat jartzearren, duela ez hainbeste, gure lankide batek, dozenaka langile “euskaltzaleren” artetik ahotsa altxatu ohi zuen bakarrenetako batek, kezka azaldu zion bere nagusi zuzenari. Izan ere, gure lankidea etsita eta aspertuta zegoen, laneko prestakuntza saioak españolez jasotzeaz, jasotzaile guzti-guztiak euskaldunak izanda ere. Bere nagusiaren erantzuna, euskaldun peto-petoa bera ere, antologikoa izan zen: “frustrazioarekin bizitzen ikasi beharko duzu, bada”…
Horixe izan zen erantzuna, eta hortxe bukatu zen ikastaro horiek euskaratzeko ahalegina ere. Beste inork ez zion jarraitu gure lankideari, guk dakigula.
Duela egun gutxi batzuk, beste lankide “radikal” bati gertatukoaren berri izan dugu.
Oraingoan nagusirik ez da izan tartean. Espaloitik jaitsarazi dutenak, bere maila bereko bi langile izan dira. Hori bai, arazoaren iturrian, nagusien euskararekiko arduragabekeria egon da, beste behin ere.
Izan ere, Jaurlaritzako ohiko lanetarako ezinbestekoak diren zenbait zerbitzu, azpikontraten bidez ematen dira sarri. Halakoetan, zerbitzu hori ematera etortzen diren langileak erdaldunak izaten dira gehienetan, edota ez dute euskaraz egiteko borondaterik batere erakusten, hori ere gertatu izan zaigu eta.
Aipatutako kasuan, aplikazio bat (erdaraz primeran, baina euskaraz ondo ez dabilena, sarri bezala) instalatu berri zioten gure lankideari.
Aplikazioaren funtzionamendua azaltzera etorri zitzaion langilea, erdaldun garbia bera (Fernando deituko dugu), gure lankide “radikalaren” beste lankide euskaldun baten (Urlia deituko dugu) eskutik agertu zen.
Horratx gutxi gorabeherako elkarrizketa:
U. – Mira Imanol, este es Fernando, el que viene a explicarte el funcionamiento de la aplicación.
I.- Egun on. Zu zara beraz gure “maisua”…
U.- Tendrás que hablar en castellano, porque Fernando no sabe euskera…
I.- Tira, baina ulertu behintzat, ulertuko du, ezta?
U.- (Fernandori begira, irriz) Es que Imanol no sabe castellano…
I.- Zuk baino hobeto dakit nik erdaraz, zer ba!
F.- (idi etzana baino lasaiago) Es que a mí nunca me ha hecho falta el euskera para nada. Inglés sí. El inglés lo domino bien.
…
Hortik aurrera elkarrizketa okertu egin zen, eta nola edo hala bukaera eman zioten, gehiago asaldatu baino lehen, baina uste dut gure egunerokoaren eta egoeraren irudi bat egiteko, hona ekarritakoarekin nahikoa dela. Egoera honen berri, jakina, ez zaio prentsari ematen, ez da inon jasotzen, eta ez da mapa koloretsuetan agertzen.
Ezer berririk ez eguzkipean. Euskaldun gehienak erdaltzale dira. Euskaltzale gehienak etsiak edo koldarrak. Eta bereari eusteko ausardia duten bakanak, “erradikalak”, sozialki bazterturaiko “martziano” bitxiak. Egoerak honela diraueno, gazteek ez diote euskarari “guai” iritziko eta euskararen erabilerak atzera eginez jarraituko du etengabe. Eta erabilerarekin batera, baita euskararen kalitatea ere. Kiratsa dario jada hil-hurrenari.
Baina Bestela! Hil kanpaiak joka?
Sekula baino euskaldun gehiago dago eta!
Ez dutela euskara erabiltzen? Ba! ttikikeriak, ñanbardurak…
…
Sekula baino euskarazko telebista kate gehiago dauzkagu eta!
Inor gutxik ikusten dituela? Inbertsioak erdarazko kateetan egiten direla eta euskarazkoetan baino askoz gehiago? Zer nahi zenuten ba… Erdarak ere hemengoak dira!
…
Europan gure kasua eredugarritzat jotzen dute eta!
Horrek ez duela ezer esan nahi? Europako Estaturik gabeko hizkuntza gehien gehienak inongo babesik gabe eta hilzorian daduela? Hara, guztiari ajeak aterako badizkiogu…
…
Hik begiratu egiok botilari, eta errepika ezak behin eta berriro: botila erdi beteta zagok, botila erdi beteta zagok, botila erdi beteta…
Arrazoi duk Apopilo, egiak libre egiten gatxik baina hipnosiak zoriontsu. Hautismo kontua azken finean.
erabat ados bestela-rekin!
Eta Itzaini zer esan, Jaurlaritza ez dela Jaurlaritza, (sub)gobierno (dependiente de España) vasco bat baizik,
“Gure”tik ezer gutxi dute, ez Barcinak, ez Urkijok, ez Gobierno Vascok eta ez Diputación Foral de no se dondek,,,
Bai Leire, baina Jaurlaritzako agintariak, gure gizartearen gehiengoak hautatutako alderdi batek jartzen ditu, eta gure lankide asko dira erdaldunen nagusikeriaren aurrean beste inora begiratzen dutenak, eta batzuek baita lagundu ere… Eta horiek guztiak “gureak” dira, gustatu zein ez.
Bai, ederki erraz erakutsi dezakete Eusko Jaurlaritzako langile akomodatuek etsaitasuna erdal inposatzaileei. Ausarta zara. Besteok fabrikan hau egin izan bagenu gutxira “Una peseticaaaa por Dios por Dios” errepikatuko genuke Corte Ingles aurrean. Gaztelera peto petoan.
Ez du ba hain erraza ematen, inor gutxik egiten baitu hori “akomodatuon” etxe honetan…