Ertzain berrien erdiak ez du euskaraz jakin behar izango (eta abar)
Zenbaitek alde egingo zenuten “herrira” edo kanpinera, udaberriko eguzki printzak gorputzari oparitzera-edo. Baina, bitartean, mundua ez da eten. Asteburuan ere lan egiten duten horiei esker, irakurri behar zenuketen albiste sorta arrantzatu dugu gaurkoan ere. On dagizuela.
Iragan urtean ere ahalegindu ziren galdeketa egiten, baina udaletxeak horretarako eskumena ez zuela eta, baliogabetu egin zuen Nafarroako Auzitegiak. Aurten, herri plataforma bat da antolatzailea, eta lortu dute kontsulta egitea. Hona herritarrek erantzun duten galdera: “Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan”? Eta bi aukera: baiezkoa, edo ezetza. Ez dute oraindik emaitzen berri eman.
Gezurra badirudi ere, urtebete igaro da jada irudi hauek ikusi genituenetik. Orduan hasi ziren Donostiako AskeGunea eraikitzen, arrazoi politikoengatik kartzeleratu nahi zituzten gazteen atxiloketa ekiditeko. Azken urteotako desobedientzia zibilaren erakustaldi deigarrienetakoa izan da, deigarriena ez bada. Urtebete beranduago, Libre topaketak antolatu dituzte Bulebarrean bertan.
Egia da ZuZeuko salabardoak ez dituela maiz kirol albisteak arrantzatzen, baina Euskal Herriko Itzulia izaki, tartea egin diogu txirrindularitzari ere. Alberto Contador izan da garaile, azken etapako erlojupekoan sailkapen orokorreko lehiakide nagusi guztiak garaituta. Etaparen irabazlea Tony Martin izan da.
Hurrengo lan eskaintza publikoaren bidez polizia bihurtuko direnen erdiek soilik jakin beharko dute euskara. Ertzaintzaren oinarrizko eskalan 120 agente lanpostu betetzeko deialdia zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak hilabete hasieran eta 60ri bakarrik zehaztu zaio derrigortasun data.