Eskerrik asko Kurt!

Eskerrik asko Kurt! 

Txillardegiren Joxeba Leturiak esango luke “ustekabe utsaren seme” garela [1]. Arrazoia luke, izan ere, niri ere Nirvanaren musikak neure nerabezaroa eramaten lagundu dit. Ez naiz batere berezi, hortaz.

Ez dut esango taldeak neure bizitza irauli duela baina esan dezaket Smells like a teen spiriten riffak osti txarra kanporatzeko balio izan didatela behin baino gehiagotan, aspaldiko lagun bat akorduan nuela, “how long, how long” oihukatzen nuen artean. Nik ere sentitu dut Heard-shapped boxen melankolia goxo eta inkorformista, non oihuak eta hasperenak nahasten diren duintasun indartsu eta amiltsua osatuz. Sarrionandiak esango lukeenez, “gizarteko abots eta zarata hutsal amatatu” [2] eta bere “berezko erritmoa eriden” (aurkitu) zuen Kurt Cobainek, horregatik hain da estimatua, gaur ere bere erritmoak askori geure berezko erritmoak bilatzen laguntzen jarraitzen digulako.

Pena bat izan zen berezko erritmoak noraezera eramana izana, bada, Kurt Cobainen musikak eta hitzak fribolitate eta huskeri barik erakutsi ziguten denok sentitzen garela lekuz kanpo arrotza zaigun gizarte honetan, non bakardadea eta isolamendua ez diren poeta erorien patu ankerra; baizik eta guztiok gehiegitan pairatu beharreko egoera deserosoak, zeintzuk larruz ordaindu zituen Aberdeeneko musikariak.

Hau guztia dela-eta, eskerrik asko Cobain jauna, sentitzen duguna musikaren bidez adierazteagatik eta hogei urte luze hauetan zeure ondarearen bitartez geure bidelagun izateagatik. Eskerrik asko, Kurt! Egun handira arte!

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

Eskerrik asko Kurt!

[1]: ÁLVAREZ ENPARANTZA, JOSÉ LUIS (1957): Leturiaren egunkari izkutua, Leopoldo Zugaza, Durango II edizioa (1977)
[2]: SARRIONANDIA, JOSEBA (1985): Isiltasunaren inguruan (or. 235-7) Ni ez naiz hemengoa, Pamiela Literatura, Iruñea

Eskerrik asko Kurt! 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.