Euskara EITBn, ezinbestekoa?
Euskara EITBn, ezinbestekoa?
Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren botoekin, EITBri eskatu dio: “bere Plan Estrategikoa aplikatzean, errespetatu ditzala EITBko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak, eta ez dezala inor baztertu, bere garapen eta promozio profesionalerako eskubideei dagokienez, arrazoi linguistikoak medio”. (Irakurri mozioa osorik). Hala, UPDk aurkeztuko mozioa balio gabe utzi dute abertzaleek.
Legebiltzarrean onartu laugarren puntuak hainbat euskaltzale haserretu ditu. Euskaldunak gutxietsi dituztela diote, eta harridura erakutsi dute alderdi abertzaleen jarrerarekiko.
Euskara: bai ala bai?
Gauzak testuinguruan jarri behar dira. Euskadi Irratian, Radio Vitorian eta, batez ere, Radio Euskadin lanpostua arriskuan dute une honetan dozenaka lagunek. Kazetari eta tekniko horiek ez daukate plaza finkorik, nahiz eta askok hamarkadak daramatzaten EITBn lanean, kontratu bat bestearen ondotik kateatuz. Udazkenerako badaezpadako lanpostu horiek ezabatu eta plaza finko berri batzuk sortzea du helburu EITBk, aurrekontu estuan kabitzeko. Ezinbestean, sindikatu eta enpresaren arteko negozioazioren emaitza tarteko, lanpostuak galdu egingo dira. Plaza finkoak sortuko dira LEP bidez, baina denbora batekoak ezabatuz (praktikan betikoak ziruditenak). Mozketen garaia heldu da, eta ez puztutzearena.
Esan beharrik ez da: bi irrati gazteleradunetako langile askok ez dute hizkuntza horretan lan egiteko gaitasun nahikorik. Horietako askok ez dute plazarik. EITBk euskara eskolak eskaini dizkie langile hauei, baina denek ez dute euskaraz mikrofonoan patxadaz aritzeko maila nahikoa lortu. Hortxe gakoa. Zer gertatuko da langile hauekin? ezingo dira azterketara aurkeztu ere egin? ezingo zaie kontratua luzatu? euskaraz hitz egiteko zailtasunagatik kalean geldituko dira? Sindikatuek langile hauek babestu nahi dituzte.
Badirudi Legebiltzarreko mozioaren laugarren puntuak hain zuzen ere egoera horri egiten diola erreferentzia. “Errespetatu ditzala EITBko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak“. Zera ahalbidetu nahi du: batetik, plaza duten erdaldunak ez botatzea, eta, bestetik, euskara jakin gabe ere EITBko plazen hautagai izatea urtetan “etxean” izan diren langileak. Pertsona horiei euskara ikasteko eskakizuna egin dakieke, epe motzean halako maila izango dutela bermatzeko. Gainontzekoak ez dira libratuko. Lanpostu-langile berrietan euskara ezinbesteko baldintza izango dela dirudi. Hartara, igaro da euskara merezimendu bat besterik ez zen garaia. EITBra sartzen diren langileek euskara maila frogatu beharko dute. Negoziazioetan dago perfilen auzi hau ere, lanpostu galeraren zenbatekoarena bezala.
Urrutitik datorren gaitz baten sukarra da EITB orain sufritzen ari dena.
Informazio gehiago:
Nola jokatu zerbait lortzeko?, Joan Mari Larrarte
EH Bildu: EiTBn hizkuntza eskakizunak egitea bermatu du, euskararen normalizaziorako eragile aktiboa izateko
“Errespetatu ditzala EITBko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak”. Esaldia horren tranpa ez da “baldintzak”, baizik eta “postua lortzea”. Nola lortu zituzten postuak duela urte asko oposaketarik gainditu gabe? Etxe horrek oso ondo jakin du urtetan langile batzuk sustatzen, eta beste batzuk baztertzen. Beraz, ez du balio esateak “postua lortzeko izan zituzten baldintzak”. Gaur jende asko dago beldurtuta EITBn, berrogeitaka urterekin eta lanpostua (plaza fijoa) lortu gabe. Askok oposaketako lehen azterketa ere ez dute gainditu, eta hortxe daude lanean. Sindikatuek beti salatu dute egoera hori, kazetarien artean batez ere lana emateko dagoen gardentasun falta. Egunero telebistan berriak ematen agertzen diren horietako askok, hango eta hemengo korrespontsalek, ez dute oposaketarik egin. Falta zena, orain ad hoc postuak ateratzea oposaketara.
EITB euskalduna balitz ez litzateke arazorik egongo. Egoera hori haien hipokresiaren ondorio da, gora euskal telebista gazteleraz euskaraz jakin behar duten langileekin! Mesedez.
Ez dezala inor baztertua izan arrazoi linguistikoengatik? Hau pagotxa hau. EITBn lan egiten duten guztiak Euskara jakin beharko zuketen, berdin zait gaztelerako katen egiten duten lan ala ez, bestalde edozein profesional nahiz ta opozizioan postua irabazi, bere konozimenduak eguneratu behar ditu urte guztietan.
Ze ez dut uste opozizio bat aprobatu zuna duela urte asko ,ordenagailuak erabiltzen ez zituztenean adibidez, ta ordenagiluarekin lana egin behar dula esaten diotenean, bestearen erantzuna izatea.
Ezin nauzue baztertu ordenagailua ez dakidalako erabiltzen ta ikasi egingo ez dudalako, lehen ez zeuden balditza hauek ta.
Ba hori ez badu ez hanka ez bururik, langile hoien kexak ere ez, gutxigo guztiak euskara ikasteko aukera izan dutenean ta dohainik gainera.
Ta batzuk ez direla gai Euskaraz solte aritzeko? Ba denbora gehiegi izan dute ikasteko, hori esan nahi du ez dutela balio, ta horrela da.
Gainera langile guztiak elebidunak izango baziren, EITBk dirutza aurreztuko zun.
Hau pagotxa hau, gazteleradun elebakarrek dutena.
Badakit bi egoerak ez direla berdinak, baina neri afera honek, Bertendona, Irale, Iztueta, euskaraz ikasi nahi izan ez zuten irakasleak eta CCOO nahastutzen zituen hura ekartzen dit gogora, eta ordukoa hartan CCOO gaitzetsi genuen ‘langileen bereb postua’ mantentzearen alde egin zuelako…
Hemen orduko hura
Bai. Batzuen ustezko purismoa eta alde guztietara egurra partitzeko ohiturak, hara zer bukaera izan duen.
Zer kudeatu ez dagoenean, ardurarik ez dagoenean, erraza da guztiak kritikatzea, iraintzea eta mehatxatzea.
Eta orain zer?
Neure ustez harriagarria da 2014an holako eztabaidetan murgilduta egotea. EITB sortu zenean zergatik ez zieten langile guztiei euskara jakiteko beharra ezarri?
1) Penagarria da EITBn euskararik gabe lanean jardun daitekeen eztabaidatzea. Nork eztabaidatzen du RTVEn gaztelaniarik gabeko langileak lanean sar litezkeen?
2) Negargarria da EUSKAl Irrati Telebistan gutxieneko euskara maila ez eskatu izana. Hortik dator kontua.
3) Nire ustez, epe muga jarri behar zaio EITBn erdaldunak kontratatzeko erabakiari; hau da, egun batetik aurrera ezin izango da erdaldunik kontratatu. Egun hori, nire ustez, pasata dago, eta berandu gabiltza. Baina hobe berandu inoiz ez baino.
4) Egun batean, agian, EITB guztia euskaraz emititzen jarri beharko genuke, eta, horretarako, euskaldunak beharko ditugu, eta ez euskaraz ez dakitenak. Eta egun hori 2016an, 2026an edo 2189an izango da, baina iritsi beharko luke egun horrek, eta gaurko erabakiak perspektiba horrekin hartu beharko genituzke.
5) EITB euskalduna nahi dugu, bai ala ez?