Eskuina udalen aurka

udalen-aurkako-legea

Asko dira azken urteotan zentzu berean irakurtzen diren mezuak: “udal gehiegi daude”, “politikari gehiegi daude”, “herritarrek administrazio efizienteagoa nahi dute”, “arkitektura instituzional konplexuegia dugu”… eta mezu guztiek dute helburu bera: herritarrengandik gertuen dauden instituzioak, hau da, udalak, desagertaraztea. Azkena UPyDk egindako proposamena izan da, Gipuzkoan 18 udalerri bakarrik uzteko proposamena. Baina UPyDko ultraeskuindarrek proposamen hau egiteko orubea behar dute, eta orube hori da garrantzitxuena.

PP (eta PNVren) udal legea

Lasai, irakurle. Laster desmontatuko dut UPyDren mezua. Baina, lehenago, ohar gaitezen eraso hori ez dela isolatua. UPyDren proposamenak aipatzen du Gipuzkoan 20.000 biztanletik gorako udalerriak egitea. Zenbaki hori ez da kasualitatez, Gorriaranen bisio batean agertzen, ez da Maneiroren bakardadean ausaz emaniko zenbaki bat. 20.000, PPk eta PNVk adostu duten Udal Legeak jartzen duen biztanleria minimoa da. PPren Udal Legearekin 20.000 biztanletik beherako udalerri guztiek eskumenak galduko dituzte, eta 5.000tik beherako guztiak desagertzeko zorian daude. EHBilduk eginiko bideo honetan 430 euskal udalerriren zerrenda agertzen da:

Noski! Ez dakigu zer den EAJk PPrekin adostu duena, ez baitute publikoki azaldu. Teorian udalerriak desagertarazko eskumena Madrilen egon beharrean Foru Aldundietan egongo litzateke. Baina hori teoria hutsa da. Dakiguna da eskuineko alderdiek udalak desagerrarazteko legea onartu dutela eta 430 euskal udalerri kolokan daudela.

UPyDren proposamena

UPyDko falangistek proposamen ugari egiten dituzte panorama administratiboa aldatzeko. Foru Aldundiak desagerrarazteko proposamena sutsuki defendatzen dute (nahiz eta horrela ordezkaririk gabe geratu Gasteizen) eta Nafarroa, Errioxa eta Aragoi “Ebroregión” izeneko Erkidegoan batzea ere proposatzen dute. Bania Gorriaránen oraingoan proposatu duena da “Europako herrialde guztietan egin dena”, eta Erresuma Batuko adibidea eman du. Hau da arazoa, ez du beste adibiderik. Bide batez, beretzat ilogikoa dena da “kale batek bi udalerri” izatea, Urretxu eta Zumarragan gertatzen den bezala. Arazo hau (arazoa baldin bada) banaketa administratibo guztiekin gertatzen da BETI, eta gertatzen da Erresuma Batuan, Alemanian edo jarri nahi duen ia beste edozein adibidetan.

Gipuzkoako datuak

Gipuzkoak 89 udalerri ditu. Udalerririk populatuena Donostia da, 180.000 biztanlerekin. Txikienak Baliarrain eta Orexa dira, biak 120 biztanleren bueltan. Estatistikan bi parametro erabil ditzakegu: bataz-bestekoa eta mediana. Bataz-bestekoak esaten digu Gipuzkoan 8.037 biztanleko udalerri bat dagoela. Ez da oso praktikoa, Donostia bezalako udalerriek zenbakia asko puzten dutelako. Mediana, ordea (hau da, udalerri kopuru bera dagoela behetik eta goitik) 1.874 da. Datu guzti hauek 2010eko zentsuarekin egin ditut, baina ez da gehiegi aldatuko Igeldo sartzen dugunean.

Zenbaki hau Espainiako mediatik eta medianatik oso goian kokatzen da. Baina onar dezagun arazo bat dagoela eta Europako beste egoerekin berdindu beharko ginatekela. Zeintzuk dira datuak?

Frantziar estatuko datuak

Frantziar estatua da udalerri kopuru handiena duena Europan. Frantziako komunak tamaina eta biztanleria maila oso ezberdinetakoak izan daitezke, baina inork ez luke esango Frantziak dituen arazo guztien muina “udalerri gehiegi izatea” dela. Are eta gehiago, Frantziak krisia pairatzen du bai, baina ekonomikoki, politikoki eta nazioarteko boterearen aldetik oso estatu indartsua da.

2014aren hasieran Frantziar Estatuan 36.680 udalerri zeuden. 1999an 36.679. Hau da, ez dago benetako tendentziarik udalerriak gehitu edo kentzeko, nahiz eta aldaketa batzuk egon diren. Bataz besteko biztanleria 1.708 da, Gipuzkoako medianatik behera. Frantziako udalerrien mediana 423 biztanlekoa da. Gipuzkoako udalerrien %77a handiagoa da.

Frantziako 10.000 udalerrik 209 biztanle baino gutxiago dituzte. Badira 6 udalerri 0 biztanle dituztenak, Verduneko batailan desagertu zirenak eta “morts pour la France” estatusa dutenak. Horietako bakoitzak 3 administratzaile ditu, baina ez dago administratu beharreko biztanlerik. Horiek alde batera utzita Rochefourchat da udalerririk txikiena, biztanle bakar batekin.

Alemaniako datuak

Beno, Frantziar estatua ez da adibide, udalerri gehien dituena baita. UPyDk Erresuma Batua erabiltzen du (bertan egoera berezia dagoelarik ere) baina… zergatik ez begiratu Europako motorea den Alemaniari?

Alemaniak udalerriei “Gemeinden” deitzen die. Alemaniak 12.013 udalerri ditu, bataz beste 6.844 biztanlerekin. Txikiena da Wiedenborstel da, 8 biztanlerekin. Handiena, noski, Berlin da, 3.416.000 biztanlerekin. Mediana 1.710ekoa da, Gipuzkoako medianatik behera hau ere.

Egia dena da Alemaniak, denborarekin, udalerriak fusionatzeko lana egin duela. Baina, aldi berean, estatus berezia eman die beste askori, handitu ahala eskumen gehiago emanez eta, UPyDren nahiaren aurka, deszentralizazioa handituz.

Laburbilduz

Gipuzkoa Frantzia Alemania
Biztanleria 714.000 65.952.000 81.800.000
Udalerriak 89 36.680 12.013
Bataz-besteko biztanleria 8.037 1.708 6.844
Biztanleriaren mediana 1.874 423 1.701

Bai, baina politikari gehiegi daude

Badakit datu hauek ez dituztela irakurriko, errealitateak berdin die. Baina demagun Maneirok egunen batean zerbait irakurtzen duela eta artikulu hau dela. Zientzia Fikzio ariketa horren emaitza litzateke: “bai, baina Espainian politikari gehiegi daude”. Diario Vascoko albistearen irakurle batek die:

“Alemaniak 80 milioi biztanle ditu eta 150.000 politikari.
Espainiak 47 milioi biztanle ditu eta 445.000 politikari.”

Ziurrenik datu hau gehiagotan irakurri duzu. Eta zerbait arraroa dagoela sumatuko zenuen, baina zehazki zer zaila da jakiten. Benetan daude 445.000 politikari “Espainian”? Ba… ez. Gezurra da, eta galanta gainera. Datu hau norbaitek asmatu zuen, egunkari ultra bateko iruzkin batean jaso eta, handik aurrera, oso ondo zabaldu da saretik.

Espainiar estatuan 350 Diputatu daude, 266 senatari, 1.218 diputatu autonomiko, 68.462 alkate eta zinegotzi, 1.810 eskualde kontseilari eta 1.409 diputatu probintzial eta intsular. Hau da, guztira 73.515 politikari hautatu. Berez gutxiago, askok kargu bat baino gehiago dutelako (zinegotzi eta diputatu, adibidez). Esan beharra dago zinegotzien %95ak (edo) ez duela soldatarik, eta 20.000 biztanletik beherako udalerrietan alkateek ez dutela zertan soldatarik izan behar. (Datuen jatorria)

Beraz, Alemaniako datua ondo badago (hori ere ez dakigu)

“Alemaniak 80 milioi biztanle ditu eta 150.000 politikari. (Politikari bat 533 biztanleko)
Espainiak 47 milioi biztanle ditu eta 73.515 politikari. (Politikari bat 639 biztanleko) “

Eta langiletan aurreztuko duguna?

Hau da azken argudioa, definitiboa edo. Udalerri gutxiago badaude, udal-langile gutxiago eta, beraz, herritarrek zerga gutxiagorekin zerbitzu bera eskuratuko dute. Ez dut esango egia edo gezurra denik, baina guztiz eztabaidagarria da. Denok dakigu enpresa handi batek efizientzia gutxiago duela enpresa txiki batek baino. Arrazoia sinplea da: 10 langileko koordinadore bat behar duen enpresa batek beste koordinatzaile bat beharko du 10 koordinatzaile dituen aldiro. Hau da, 10 langile dituenean 11.a kontratatuko du 10 horiek koordinatzeko. Baina 100 dituenean 10 beharko ditu 10naka koordinatzeko eta beste bat 10 koordinatzaile horiek koordinatzeko.

Beste modu batez esanda: udalek dituzten funtzionarioek lan bera egingo dute. Jarraitu beharko dute udalek euren kirol zerbitzuak, kultura zerbitzuak, kale-garbiketa, kale-konponketa edo zaintza egiten. Eta lortuko duzun bakarra da koordinatzaile gehiago izatea. Langileren bat aurrez dezakezula? Agian! Baina beste nonbaiten jarri beharko duzu, langile bakoitzak duen funtzioa ez bada desagertzen, behintzat.

Beraz…

Beraz eskuinak obsesio larria du gertuen dagoen botere gunearekin. Udalak husteko saiakeran ari dira eta, horretarako, mota guztietako gezurrak, datu asmatuak eta konparazio absurdoak egingo dituzte. Ezkerraren ardura da datu hauek salatzeaz gain udalen balioa indartzea, herri boterea bertan jarrita. Eta hori bai dela lan handia hartzea.

Eskuina udalen aurka

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

2 pentsamendu “Eskuina udalen aurka”-ri buruz

  • Zergaitik aztertzen dira Frantzia eta Alemaniako datuak? Zergaitik ez Portugal eta Greziakoak?

    Hori da hori haundinahikeria!

    • Galder Gonzalez 2014-01-19 21:44

      Lehenik eta behin UPyDk erabiltzen duelako argudio bikoitza:
      – Hau da egiten ari dena Europan
      – Krisian gaude udal asko daudelako

      Beraz hoberena da Europako erdigune diren Frantzia eta Alemania hartzea, egia denentz jakiteko.
      Eta Europako bi herrialde ekonomikoki indatsuenak hartzea, erlaziorik ote dagoen jakiteko.

      Eurek “Erresuma Batua” hartzen dute, kontuan izan gabe bertan nazionalitate bakoitzak erabakitzen duela nola antolatu.