Sautrela 361. saioaren aurrerapena (Xabier Montoia)
Zinema eta telebistaren sorreraz geroztik gidoigintza ikus-entzunezko industriaren zati garrantzitsu da ezbairik gabe. Hollywood-en garai klasikoetatik gaur egundaino gidoigileek pisu nabarmena eduki izan dute film, telesail eta enparauen sormenean. Ziur aski idazkuntza mota zabalduenetakoa da mundu zabalean. Ordea, zenbat du literaturatik gidoigintzak? Ezagun da idazle handi ugarik lan egin izan dutela gidoigile moduan; horien artean ditugu Francis Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway eta Raymond Chandler esate baterako. Esan daiteke, gainera, gaur egun gidoigintzak halako loraldi bat bizi izaten ari dela, azken urteetako telefilm batez ere estatubatuarren eskutik (The Wire, The Sopranos, Breaking Bad….). Serie horietako batzuetan gidoigilea izar izatera iritsi da ia. Halako zerbait gertatzen ari ote da gure artean ere? Gai horietaz guztiez mintzatuko gara aste honetako erreportajean Izaskun Arandia gidoigile eta Harkaitz Cano idazle eta gidoigilearekin.
Elkarrizketaren atalean Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) izango dugu gurekin. Literaturan ibilbide luze eta oparoa duen idazlea izanagatik, lehenengo aldia da gurekin izango dela, orain arte beti uko egin baitio elkarrizketak emateari. Bere azkeneko nobelaren karietara izango dugu, Azken afaria izenekoaren karietara. Felix Goñi protagonistaren hondamendia azaltzen digun eleberria da, lau zati aski ezberdinen bidez harilkatua dagoena. Neurri batean, Euskal Herriaren aurreko hamarkadaren erretratu politiko-soziala ere bada: atxiloketak, epaiketak, laguntasuna, traizioa… Montoiaren literaturgintzan usu topatu izan ditugun gaiak aurkitzen ditugu hemen ere, istorio berri eta aski interesgarri batean.
Beñat Sarasolak Azukrea belazeetan ipuin liburua ekarriko digu. Inazio Mujika-k oso gazterik idatzi zuen liburu gogoangarri hori, 1987an. Garaiko giro literarioa aski ongi islatzen duen liburua da besteak beste, orduan boladan zegoen errealismo magikoaren eraginpekoa baita hein handi batean.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.
Saioa osorik