Zoriona
“You know, happiness is for me a very conformist category”
Slavoj Zizek
Duela urte batzuk, Iruñea hiri zinemazalea omen zen. Hala zioten zenbaitek, bederen. Edo hala zioen garai hartako nire frantses irakasleak, eta ni, inolako daturik gabe (batez ere gaurko testurako abiapuntu egokia iduritzen zaidalako), haren iritzia hedatzen ari naiz inoiz hiri buruzagian zabalduriko ikuspuntu orokorra izan balitz bezala. Nolanahi den ere, nik ere irudipena nuen jende franko joaten zela zinemara asteburuetan, baina ez metropoli foral honetan jendeak zinema bereziki maite zuelako, baizik eta Iruñea betidanik hiri aspergarri mortala izan delako, eta, gure eguraldi tropikala lagun, igandeetan ez zelako egiteko gauza handirik izaten igandeetan. Arrazoia edozein dela ere, kontua da Patrice Leconteren Ile-apaintzailearen senarra filmak –Le mari de la coiffeuse (1990)– alimaleko arrakasta izan zuela gure artean, bertze inon baino handiagoa –berriz ere, frantses irakasle haren iritzia erabiltzen ari naiz, bertzelako inkesta serio baten faltan–.
Filmean, ile-apaindegira joatea maite zuen protagonistak. Haurra zenetik, esperientzia zoragarria zen harendako ilea moztera joan eta ile-apaintzailearen eskuak buruan sentitzea. Eta handitzean, herri txiki batean ile-apaintzaile zoragarri bat ezagutu, harekin esposatu eta amodiozko istorio kartsua bizi izan zuten elkarrekin. Filma pare bat aldiz ikusi nuen (ezin oroitu dut zergatik, garai urrun hartan zinemazalea nintzelako edo igande batean aspertua nengoelako), eta erranen nuke gaia zoriona zela, protagonistarena batez ere, izenburuko senarrarena. Izan ere, istorio hari esker ikasi nuen zoriona arbuiatu beharreko helburua dela, bai filmak egiteko tenorean (eta, oro har, narrazioak osatzeko tenorean), bai eguneroko bizimoduan. Pelikularen erdialdeko zatia ezin aspegarriagoa iduritu baitzitzaidan: bizitzako ametsa beteta, hau da, haurtzaroan ile-apaindegian izaten zuen esperientzia mistiko-erotiko hura behin eta berriz gogora ekartzen lagundu zion emaztekia aurkituta, protagonistari memelo aurpegia jarriko zaio handik aitzinat. Etengabeko estasi batean murgilduta, andreari begira emanen ditu orduak eta orduak.
Zoriona, beraz, fundamentu egitekotan, ez da egoera desiragarria. Ile-apaintzailearen senarrak argi erakusten zuen –edo, tira, niri argi erakusten zidan– zoriona eskuratzeak bueltarik gabeko tontotze arriskutsua dakarrela berekin. Halere, nire ikuspuntu hori ez da unibertsala. Zergatik izan zoriontsua, normala izateko aukera izanda? (Why be happy, when you could be normal?), hala du izena Jeanette Winterson-en liburu autobiografiko batek, eta idazleak zorionaren alde egiten du –esaldia amaordeak erraten omen zion–, baina, egia aitortzeko, izenburuan aurkezten zaigun dikotomiak ez nau sobera konbentzitzen. Berriki, antzeko galdera aurkitu nuen YouTuben, Slavoj Zizek filosofoaren bideo batean: Zergatik izan zoriontsua, interesgarria izateko aukera izanda? (Why be happy, when you could be interesting?). Zoriona, dio Zizekek, kategoria konformista da. Bere buruarekin kontent eta munduarekin konforme dagoena izaten da zoriontsua, eta zaila litzateke hori baino ikuspuntu kontserbadoreagorik aurkitzea. Sortzeko indarra, anitzetan, ezinegonetik ateratzen du, gure buruarekin pozik ez egote horretatik (akaso ez da beharrezkoa muturreraino ailegatzea: garai batean, nik gorroto nion neure buruari; orain, herra hori ezinikusi bihurtzea lortu dut, eta ezinikusi horretatik ateratzen dut gauzak egiteko indarra). Jende zoriontsua, maiz, gorrotagarria izaten da, gogaikarria haien betiereko irribarrea, narritagarria haien baikortasun ezin hondatuzkoa, nardagarria haien bikaintasun fisiko-espirituala: badaezpada ere, jende zoriontsuak, bertzeengan eragiten dituen sentimendu negatibo baina osasuntsu eta zentzudun horiek gaitzesteko asmoz, kontzeptu bat asmatu eta arrakasta handiz hedatu du munduan barna (mundua jende zoriontsuaren eskuetan baitago): bekaizkeria. Baina, ez da hori kontua, ez diegu inbidiarik; bertzerik gabe, ez dugu Federico Mocciaren istorio batean bizi nahi. Sufriarazten diguten liburuak maite ditugu-eta.
Asteburuan, Zoriontsua izateko artea (Die Kunst, glücklich zu sein) irakurtzen hasi naiz, Arthur Schopenhauerrena. Alemanez. Hizkuntzak horretarako ikasi baititut, liburuak irakurtzeko. Gaizki moldatzen naiz, halere, hizkuntza gehienetan (irrati saio hauek erdaraz idatzi –edo beltz literario bati euskaraz idazteko eskatu–, Googleko itzultzailearekin euskaratu eta grabatu egiten ditut, estilo ahalik eta naturalenean betiere; estudioan, grabazioa paratzen dut, eta iduri orain artio inor ez dela ohartu – zailena izaten da asmatzea noiz eta zer-nolako galderak eginen dizkidan Manuk, edo, gaur, Ainharak, baina, tira, momentuz nahiko ongi ateratzen ari zait esperimentua). Alemanez, are okerrago moldatzen naiz: lau hitzetik hiru ez ditut ezagutzen, eta laugarrena testuinguruari esker ulertzen dut. Halere, Schopenhauer alemanez irakurri nahi dut. Haren ustez, zoriona ezinezkoa da, eta bizitza asperkeriaren eta oinazearen artean mugitzen den zerbait da. Nik ere gauza bera pentsatzen dut egun batzuetan, beraz gogaide dut filosofo alemana. Bertzalde, liburua akituko banu, akaberaraino irakurtzea lortuko banu, akaso animatuko nintzateke Parerga und Paralipomena irakurtzera. Horrela, zahartu ahala, neure burua ispiluan ikusi eta Santi Leoné izateari utzi eta Borgesen antza hartzen ari naizelako ilusioa elikatzen ahalko nuke, goiz batzuetan bederen. Eta ez izan dudarik: haurra nintzelarik handitan idazle eta eruditoa izan nahi nuen hau zoriontsuagoa izanen da. Pixka bat, bederen. Batek daki, beharbada niri ere hasiko zait memelo aurpegia jartzen.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Flaubertek erran omen zuen, gutun batean, badirela zoriontsu izateko hiru baldintza:
1-Ergela izatea
2-Egoista izatea
3-Osasun ona ukaitea