Zarautz APP berria: Praktikoa, erraza eta denontzat egina
ZuZarautz webgune interaktiboarekin hasitako bidean aurrerapauso bat gehiago eman du Zarauzko Udalak, Zarautz App berriarekin. “Eraldatzeko egindako lan bat hasi dugu, etengabe metamorfosian egongo den aplikazio bat. Zarauztarrentzako eta Zarautz deskubritu nahi dutenentzako egina”, adierazi du Aser Lertxundi udaleko informatika saileko buruak.
Zarautz APP berriak “bere barnean bi aplikazio” dituela azaldu du Eneko Agirre Garoa Web Consulting enpresako arduradunak (garapeneko kideetako batek): zarauztarrentzako aplikazioa eta Zarautzera bisitan datozenentzako aplikazioa. Guztia lau hizkuntzetan. “Honen helburua erabiltzaile mota ezberdinei, bilatzen dutena modu erraz eta praktikoan eskuragarri ipintzea da”, azaldu du Agirrek. Horrela, bi jerarkizazio ezberdin izateaz gain, agenda berezitua izango du erabiltzaile mota bakoitzak.
Zarauztarrentzako:
Herritarrentzako aplikazioa, hedabide ere bada, nolabait “ZuZarautz orainkariaren mugikorrerako luzapena”, Lertxundik azaldu duenez. “Alerta sistema bat ere garatzen ari gara, herritar bakoitzak behar dituen argitalpen edo berritasunen abixuak jasotzeko”. Leku eta ekitaldietan oinarrituta dago Zarautz APP, eta guztioa geolokalizazioaren bidez kokatzen du mapan. “Zarautzen bizitzeko eta Zarautz bizitzeko gida interaktibo bat da, zarauztarrentzat oso erabilgarria”. Wifi guneen, denda mota guztien eta jatetxe zein tabernen informazioa eta kokapena eskura jartzeaz gain, guardiako farmazia zein den edo-eta eguraldiaren zein mareen informazioa jartzen du edonoren eskura.
Zarautzera bisitan datozenentzako:
Kanpotik datozenen kasuan, ‘Zer ikusi’ atalak hartzen du aplikazioaren atala, eta protagonismoa. Bertan Turismo Bulegoak egindako interesguneen sailkapen bat dago, Zarautz deskubritzeko bide bat. Horrez gain zarauztarrentzako bezain interesgarria dela kontuan izanik ‘Lekuak’ atalak ere berebiziko garrantzia du. Berlindik edo Leitzatik datorrenak ere wifiguneak, janari dendak, ostatuak, aparkalekuak, kutxazainak edo jatetxeak non topatu jakin dezan.
Informazioa denontzat
Proiektuaren hasiera hasieratik, bai Udalak eta bai garatzaileek (Illarra Web Design & Garoa Web Consulting) filosofian bat egin dute, “egindako lanak domeinu publikokoa behar du izan”. Horregatik aplikazioan dagoen informazio guztia, edonoren eskura jarri da API publiko batean, horrela, edozeinek bere webgunean txertatu dezake nahi duen informazioaren jarioa. Honako helbidean dagoena: http://pagoeta.illarra.com/api/doc/
Aplikazioaren kodea 2 urteren buruan lizentzia librekoa izango da
Egindako aplikazioa erakunde publiko batek finantzatua delako, enpresarekin adostu da, bi urteren buruan aplikazioaren kodea edonorentzako eskuragarri jartzea lizentzia libre bitartez.
Non topatu dezaket aplikazioa?
- Aplikazioaren simulazioa nabigatzailean ikusteko: http://munoa.illarra.com/preview/
- Aplikazioa Android mugikorretan deskargatzeko: https://play.google.com/store/apps/details?id=com.illarra.zarautz.munoa
(Hurrengo izango da Apple Storen eskuragarri.)