‘Enpresarean 2013’ jardunaldia egingo da urriaren 31n Arrasateko Polo Garaian

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako negozioak egiteko hitzordu azkarren saioa izango da. Enpresa ezberdinetako kideak elkarrekin mintzatuko dira 10 minutuz bakoitzak dituen beharrei eta eskaintzei buruz; xedea: pEnpresarean 2013roiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. Izena emateko epea irekita dago jada www.enpresarean.org helbidean.

Saioa urriaren 31an egingo da Polo Garaia berrikuntza gunean –Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesarekin–, eta bertan euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bilduko dira, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezek honela azaldu du “Enpresarean 2013”  jardunaldiaren helburua: “Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi dutenei elkarlanerako gune bat eskaini nahi zaie. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du.”

Izen-ematea, zabalik

“Enpresarean 2013” negozioetarako hitzordu azkarren saioan parte-hartzeko izena emateko epea urriaren 3ra arte egongo da irekita. Behin parte hartu nahi duten enpresen zerrenda osatu ostean, izena eman duten partaideen zerrenda-katalogoa bidaliko zaie enpresa guztiei, bakoitzak norekin elkartu nahi duen galdetzeko. Enpresa bakoitzak izan nahi dituen bilerak aukeratzen dituenean (urriak 17 baino lehen), sistema informatiko bidez, Enpresarean 2013 fast-dating saioan egitaraua osatuko da eta urriaren 24an enpresa bakoitzari bere fast-dating programazio pertsonalizatua bidaliko zaio.

Enpresek astebeteko epea izango dute fast-dating saioko bilerak prestatu eta negozio berrietarako estrategiak diseinatzeko. Urriaren 31ko egitekoa, ideia eta proiektu berriak martxan jartzea.

Hauxe da eguneko egitaraua:

9:15. Harrera

9:30–10:00. Sarrera instituzionala (Ziurtagiriaren Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrasateko Udala).

10:00–11:00. Hitzaldia: Maria José Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidea.

11:00–12:00. 1. fast dating saioa (negozio aukera berriak irekitzeko edota proiektu berriak martxan jartzeko).

12:00 –12:30. Atsedena/Kafea.

12:30 –14:00. 2. fast dating saioa.

14:30. Bazkaria.