Kontxaren ajea
http://alteretaego.wordpress.com
- Argazkia: Relaxing with a cup of café con leche in Concha Bay
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 1162×1300 px
Sortze data: 2013/09/01
Latitudea: 43º 19,295´ N
Longitudea: 1º 59,230´ W
Kamera: Sony Xperia SP
Objektiboa: –
Distantzia fokala: –
Irekidura: –
Esposizio denbora: –
Sentikortasun eskala: –
Flasha: –
Alter dixit.
Kontxa, atzoko parrandaren ostean, eguzkia hartzera jaitsi da kaira. Ajea kendu dio egunkarian irakurritako berriak:
Azkenean, 2020ko Olinpiar Jokoak Madrilen ospatuko dira
Suspensezko nobelarik bikainenak ere ezkutatuko ez lukeen argumentu-bira baten ostean, epaimahaiak, bere aurreko erabakia aldatuz, Madrili eman dio Olinpiar Jokoak antolatzeko ardura.
EFE agentzia.
Sutan utzi ditu azken orduko epaimahaiaren iritzi aldaketak mundu guztiko berri-agentzietako telefonoak. Atzo gauerdian baieztatu zen iluntzean zehar indar hartzen joan zen zurrumurrua. Madrileko hautagaitzako ordezkari nagusiek jarritako helegite baten ondorioz, Donostiako udaletxean bildu zen egun batzuk lehenago Tokioren aldeko erabakia plazaratu zuen epaimahai bera. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Lausana-n duen egoitzan hasi berri diren egokitze-lan batzuk tarteko, Espainia iparraldean kokatuta dagoen hiri turistikoan ospatu zen bozketa berria, japoniar ordezkaritzak lurralde neutral batean egiteko proposamena luzatu bazuen ere.
Espainiar ordezkaritzak aurkeztutako helegitearen funtsa, ofizialki baieztatu ezin izan diren iturrien arabera, bozketa egiterako orduan erabilitako sisteman gertatutako akats batean zegoen. Lau urtero errepikatzen da bozketa egiteko sistema bera: NOBa osatzen duen herrialde bakoitzeko ordezkariek bi botoi dituzte eserita dauden jarlekuaren eskumako aldean, azken txanpara iritsi diren bi hautagaitzen artean bat aukeratzeko. Kasu honetan, botoi berdea Tokioren hautagaitzaren aldeko bozarentzat zen; gorria, aldiz, Madrilen aldeko hautagaitzarentzat.
Dirudienez, azken hautaketa egiterako unean, Kongo eta Angolako ordezkarien eskuek talka egin zuten. Espainiarren ustetan, talka horren ondorioz bozketaren emaitza aldatu zuten bi argi berde piztu ziren.
Kontuak horrela, eta ETBk esklusiban filmatutako irudi batzuetan oinarrituta, Madrilek helegitea jarri eta, atzo, NOBak bozketa errepikatzea erabaki zuen. Emaitza berriak, nola ez, mota guztietako erreakzioak sortu ditu hautagaitza bakoitza babestu duen ordezkaritzen artean.
“Ez da legezkoa hartuta dagoen erabaki bat horrela aldatzea, inork ulertzen ez duen bozketako araudiaren interpretazio batengatik” esan digu Tokioko ordezkaritzako abokatu den Joseph Grandma-Withstone-k. “Ezin da herri oso baten ilusioarekin hain arduragabe jokatu! Lanean dago gure bulego juridikoa osoa eta, jakin dezatela espainiarrek, hau ez da horrela geratuko! Mahai batean hartzen diren erabakiak errespetatu ezean, non geratzen da justizia?”.
Txanponaren bestaldean, noski, madrildarren ordezkari den John Mess-Mountain. “Legezkoa da hautagaitzarik sendoena erakutsi duenaren aldeko erabakia hartzea. Aste bi hauetan zehar egin izan diren bozketetako bakoitzean erakutsi da hautagaitzarik sendoena gurea zela. Kirol munduko argota erabiltzeagatik, zelaian edo estropada-eremuan nagusi izan denak behar luke izan irabazle. Eta ez beti, auskalo zein interesi jarraituz, hartzen diren erabakien menpe bizi!”.
Zer esanik ez, hautsak harrotuko ditu hartu berri den erabaki honek datozen egunotan.
Ego dixi.