Eskolako lehenbiziko agindua: “Frantzia errepublika zatiezin, laiko, demokratiko eta soziala da”

republiqueEstatu frantziarreko hezkuntza zentro publiko guztietan ari dira afixak iltzatzen. “Laikotasunaren Karta” deitu dio Frantziako Gobernuak, eta hamabost agindu zehazten ditu: printzipioak, eskubideak eta betebeharrak. Lehenbiziko agindua jakobinoen isla gordina da: “Frantzia errepublika zatiezina da”.

François Hollanden gobernuak “Eskola errepublikarraren birfundatzea” abiatu du, eskoletan “Frantziako baloreak” txertatu daitezen. Begien bistako aldaketa “Laikotasunaren Karta” izenekoaren presentzia izango da. Hamabost aginduz osatzen da karta hori. Funtsean estatua eta erlijioen arteko banaketaren dotrinaren sokatik heltzen dute manamenduek. Kontzientzia askatasuna, sinbolo erlijiosoak eskoletan eramateko debekua, kultura komun bat ikasteko eskubidea edota adierazpen askatasuna jasotzen ditu eskolen funtzionamendurako zehaztutako baloreen zerrendak. Frantziarren %45 kristaua da, erlijiorik gabea %35 eta %3 musulmana.

Lehenbiziko aginduak gutxi du laikotasunetik, eta asko Frantzia bat eta bakarraren izpiritutik: “Frantzia errepublika zatiezin, laiko, demokratiko eta soziala da” . Frantziako estatuaren barnean kokatuta daude euskal nazioa, korsoa, bretoia, katalana, okzitanoa eta alsazia. Bakoitzak bere hizkuntza du, nahiz eta ofizial bakarra frantsesa den. Ulertzekoa da Frantziako Gobernu guztiek aniztasun hau kudeatzeko hartutako erabakian trinko segitzeko tema. Zirrikiturik ez diete irekitzen lurraldeetako aldarrikapeneei, Euskal Elkargoarekin ikusi den bezala.

charte_laicite by mjoseph774

aginduak, baloreak, erlijioa, Frantzia, hezkuntza, jainkoa, jakobinoa, karta, laikoa, laikotasuna

2 pentsamendu “Eskolako lehenbiziko agindua: “Frantzia errepublika zatiezin, laiko, demokratiko eta soziala da””-ri buruz

  • Laikotasunaren Karta honek sentimendu kontrajarriak sorrarazten dizkit. Batetik, inbidiaz begiratu izan diot beti Auñamendiaz bestaldeko laikotasunari; norbaitek esan zuen espainiarrak beti ere aipazen atzetik dabiltzala, kandela bat eskuan, edo bestela makila batekin apaiza jipoitzeko, baina atzetik beti, eta horrek Hegoaldeko euskaldunentzat ere balio du neurri handi batean. Zer esan gure eskola-egutegi zentzugabeaz, urterik urte dataz aldatzen den Aste Santu madarikatuak mehatxupean beti, edo hileta katoliko “ofizialez”; aspaldi ez dela, Urkullu Santiagoko katedralean ikusi genuen. Tren istripuko hildako guztiak katoliko praktikanteak ziren, omen. Baina ifrentzua (aipazaren atzetik makila eskuan ibiltzea, alegia) elizkoikeria bezain astuna da maiz: Ruperrek zenbat azalpen eman behar izan zituen abesti eta disko bikain baten izenburuagatik?

    Baina bere alde iluna ere badu Karta horrek. Azken finean, amarrua hauxe izan da: halako balio “unibertsal” batzuk (norbanakoaren eskubideei lotutakoak, gehienbat) nortasun etniko zehatz bati lotuta saldu dira, frantziartasunari, hain zuzen. Mona Ozouf historialari frantsesak atzean dagoen ideologia bikain disekzionatu zuen “Composition française: Retour sur une enfance bretonne” memoria-saiakera liburuan:

    “(…) askatasunera heltzeko bide bakarra tokian tokiko loturetatik urruntzea da. Ez dago gizaki bilakatzerik, berezi egiten gaituen horri uko egiten ez badiogu, hurbileneko ingurutik aldendu gabe. Azken buruan, horixe berori da eskola frantzesa ume euskaldun, bretoi edo katalanei sinestarazten saiatu zena: jatorrizko nortasunaren ukoa, hari gutxiago irizten baitzaio, ordaindu beharreko prezioa zen emantzipazioaren truke”.

    Arazoa da unibertsaltasun abstraktua absurdu hutsa dela. Edo egile berak dioenez: “Halako pentsamolde bat, mutur logikoraino eramanik, zorabiagarria da, horren arabera lokailu guztiak kateak baino ez direlako”. Hala ere, hor alderdi txuri bat ikusten dut: eskola laiko errepublikarrak ez ditu balio “unibertsalak” soilik ekarri, nortasun etniko-nazional jakin bat ere ekarri du, frantziartasuna, alegia (beste nortasunak, euskalduna, adibidez, gutxiago dira eskola laiko errepublikarrean, Ozoufek esan bezala). Izan ere, hori Kartan aipaturik dago, 7. atalean: “kultura komun eta konpartitua”. Nolabait esateko, Molière edo Saint-Exupéry. Etxahün Barkoxe edo Itxaro Borda ez, ordea. Frantziako eskola laiko errepublikarra Jules Ferry-k bulkatutako legei esker jaio zen orain ehun urte pasatxo. Jean-Louis Calvet hizkuntzalari frantsesak idatzi zuenez, “Ferry legea” (berez ez da esamolde zehatza, lege-multzo bat bultzatu baitzuen) aurrerakoia izan zen, zalantzarik ez, baina aurrerakoia Parisen edo Chartresen, ez Sara, Kemper edo Perpinyà-n-.

  • Amonamantangorri 2013-09-11 19:33

    Balio jakobino eta errepublikano zenbait, hala nola laikotasuna, hezkuntza arrazionalista, zientzia eta teknikaren bitartez gizartea garatzea, Gizon eta Herritarraren Eskubideen Aldarrikapena, herritar guztien berdintasun formala eta herri-subiranotasuna pack berean etorri zitzaizkigun Euskal Herrira, zentralismoa, eta tokian tokiko instituzio, kultura eta hizkutzekiko mespretxuarekin batera.
    .
    Euskal Herria bezalako europar herriez hitz egiteko “kolonia” kontzeptua erabiltzea ez zait iruditzen oso egokia denik, baina kolonia izandako herrietan ere, guk bezala, dikotomia edo kontradikzio horien konszientzia badute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude