Gizakirik ez internetik gabe
Gizakirik ez internetik gabe
“Munduarentzat ona delako gaude proiektuan sartuta”, dio Mark Zuckerberg Facebook-eko zuzendariak, “ez hainbeste gure irabazientzat primerakoa izango delako”. Filantropia kutsu horrekin aurkeztu dute teknologiaren industriako zazpi etxek Internet.org proiektua. “Munduaren bi herenak ez du interneterako sarbiderik. Imaginatu pertsona guztiak konektatuta dauden mundu bat”. Sarea, giza eskubideen pare nahi dute sustatzaileek, kosta ahala kosta.
Ericsson, Mediatek, Opera, Samsung, Facebook, Nokia eta Qualcomm enpresek bat egin dute, internet planetaren bazter guztietara hel dadin. Horretarako, ezagutza elkarbanatu eta proiektu amankomunak martxan jarriko dituztela iragarri dute. “Ez dago munduan bere kasa horrelakorik egin dezakeen enpresarik”, diote bazkideek.
5.000 milioi lagunek —bezero potentzialek— ez dute internet sarbiderik. Batez ere Afrika, Asia eta Hego Amerika dira interneten zulo beltzak. Tamainako erronkaren arrazoia azaltzeko Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren hitza hartu du proiektuak: “Internetek garapen ekonomikoa, soziala eta politikoa sustatzen du, eta gizateria osoaren garapenari laguntzen dio”. Internet.org proiektuaren oinarriak abuztuaren 20an aurkeztu zituzten. Ikus-entzunezko formatuan ere zabaldu dute mezua.
Teknologia industrien elkarteak iradoki du internet Giza Eskubidea dela. “Is Connectivity a Human Right?“ izeneko txostenean azaldu dute internet herrialdeen garapenerako giltza dela. “Zuk zerbait badakizu, horrek ez dit neuri jakitea eragozten. Are gehiago, guztiok zenbat eta gehiago jakin, orduan eta idea, produktu eta zerbitzu hobeak eskaini ahal izango ditugu. Ondorioz, gure bizitzak ere hobeagoak izango dira”, arrazoitzen dute txostenean.
Internet oinarrizko giza beharrizanen pare jartzearen ustezko gehiegikeriari buruz, zera azaldu dio The New York Times egunkariari Zuckerberg-ek: “Osasuna oinarrizkoa da, baina, telefono bat izan badezakezu, nik uste interneterako sarbidea izatea oso ona litzatekeela zuretzat”. Telefonoari aipamena ez da alferrikoa, hori baita konexiorako funtsezko hardware-a. Telefonoek herrialde txiroetan izan duten hedapena ikusgarria da. Afrikan argindarra baino eskuragarriagoa da hari gabeko komunikazioa. 1.000 milioi biztanleko kontinentean, 700 milioi SIM txartel saldu dira. Sektoreko etxe guztiek ez dute begi onez ikusi ekimena. Internet.org proiektuari ez zaio batu Microsoft. Bill Gates beste uste batekoa da: “Haur batek beherakoa duenean, ez dago lagunduko duen webgunerik”.
“Inork ez luke elikagaia edo medikuntza eta interneterako sarbidearen artean aukeratu behar”, diote proiektuaren sustatzaileek. Hori ala izan dadin, interneten zabalkundea galarazten duten harresi ekonomikoak gainditzeko hiru zutoin ditu egitasmoak. Helburu hauetan laburbiltzen da proiektuaren egingarritasuna.
Internetera konektatu eta datuak jaisteko kostu ekonomikoa murriztuko duen teknologia sortu asmo dute bazkideek. Gaur egun sareko zerbitzurik ez duten komunitateetara heltzeko baliabide merkeak gauzatu nahi dituzte. Era berean, smartphone-en prezioak jaisteko moduak aurkitzea dute helburu.
“Aplikazioen efizientzia areagotu behar da, transmisioa arindu”. Datu paketeak konprimitzeko tresnak oinarrizkoak izango dira. Nabigatzearen esperientzia hobetu behar da, baina aplikazioen pisua murriztuz.
Negozio ereduak aurkitzea da proiektuaren hirugarren hanka. Garatu gabeko herrialdeetan internet helarazteko azpiegituren finantziazioa epe motzean gastua izango da. “Dirurik ia ez dutenengana heltzeko interneteko sarbide oso merkea edo doakoa lortu beharra dago”, onartu dute bazkideek. Garatzaileek, telefono konpainiek eta gailuen ekoizleek bat egin beharko dute negozio eredu bat sortzeko. Online dagoen jende berri guzti horri etekin ekonomikoa aurkitzeko bideak esploratzen hasiak dira. Merkatu berriak sortu behar dituzte, “ezagutzaren ekonomia” deitzen dutena sustatzeko.
Azaldutakoa da proiektua sostengatzen duen izpiritua. “Belaunaldiko erronka” gisa bataitu dute. Ikusi beharko da Internet.org egitasmoko zazpi bazkideak zenbat arrisku hartzeko prest dauden. Inbertsio kolosalari etekin ekonomikorik atera gabe nekez utziko diete inbertsoreek aurrera egiten. Gainera, beste arrisku bat gehitzen zaio ekimenari: parte hartzaileen finantziazioa beste enpresa batzuek probestu dezakete. Horregatik, teknologian espezializatutako blog batzuek diotenez, oligopolio estrategiak egon daitezke egitasmoaren atzean
Internet mundu osora zabaltzea beste oinarrizko beharren gainetik lehenetsi behar al da? Bateragarriak al dira biak? %100 konektatutako munduak, zein bertute izango ditu? eta zein gaitz?
Neri neroni oso ondo iruditzen zait asmoa, baina uste det kontziente izan beharko dugula hala ere, eta Zuckerberg parafraseatuz: “GURE ORAINGO Munduarentzat / MUNDU IKUSKERARENTZAT ona delakoAN gaudeLA proiektuan sartuta”, “ez hainbeste HAIEN ORAINGO Munduarentzat / MUNDU IKUSKERARENTZAT primerakoa izango delakoAN”. Beren oraingo mundua desagertuko da, gure oraingo mundu berria errazago ikuskatuko dute. Gauzak aldatu egingo dira. Onerako? Txarrerako? Aldatu egingo dira, eta soilik aldaketak irauten du, gaur ‘turkiar’ litzatekeen Heraklitok gaztigatzen zigun legean orain dela 2.500 urte ere.
Argik zabaltzen dituen mezuen artean irakurri liteke oraintxe: “Zergatik ez dute kanpoko munduarekin harremanik (nahi) zenbait herrik?” artikulua bertako blogetako batean (Lander Arbelaitzen – Taupadak): http://www.argia.com/blogak/lander-arbelaitz/2013/08/22/kanpo-munduarekin-harremanik-nahi-ez-duten-herriak/
Zalantzarik ez dago 5.000 milloi biztanle hoiek heuren merkatuan sartzea dela enpresa hauen benetako asmoa, eta ez, inori bizitza hobetzea. Eztabaida dezakegu jende horri guztiari internet edukitzeak ekarriko lizkiokeen abantaila eta eragozpenetaz, eskura jarriko dizkien gauzetaz eta sortuko dien beharretaz, baina helburua zein den garbi dago. Ez gara atzo jaiotakoak.
Nikola Tesla saiatu zen XX mende hasieran halako zerbait egiten eta yankiek “nanai” esan zioten…