Euskarari eutanasia?

Autopsiarako_frogak - Euskarari eutanasia?Miren ikastolako irakaslea da 30 urtez geroztik. Ikastola-kumea du alaba ere. Baina, Ikastolako atea atzean utzi bezain laster, erdaraz bizi da alabarekin eta erdaraz, halabeharrez, euskara pixka bat sikiera, ikasteko “astirik izan ez” duen senar abertzale erdaldunarekin.

Bittor musikaria da. Euskaraz abesten du, militantziaz. Hori da “bere” hizkuntza kutunari eta “bere” herriari, egiten dien ekarpena. Eszenatokitik jaistean, ostera, erdaraz jarduten du taldekideekin, teknikariekin, lagunekin…

Antton euskaltzaina da, eta euskara irakaslea, eta euskaltzale porrokatua, eta… emaztearekin-eta, erdaraz egiten du ia beti. Ohitura kontuak, badakizu…
Bestela egundoko ekarpena egiten dio euskarari. Lasai dago, beraz, alde horretatik. Zenbatek egiten du, bada, berak baino gehiago euskararen alde?
Iñaki kazetaria da. Eta euskaltzale fina, “konprometitua”, gauzak garbi eta ideiak ondo sustraituta dituen horietakoa. Han eta hemen laguntzen du euskara sustatzen, hedabideetan egindako ekarpenen bidez batez ere. Bere lanean bikaina da, eta konpromisoa lehen kolpean sumatzen zaie bere testu eta irudiei. Lanak sarean saltzen ditu, frilans, freelance… erdara hutsez.
Ekhi, EAEko hizkuntza politikarako arduradunetako bat da. Administrazio publikoan euskararen eremuan bide luzea egindako emakumea. Hori bai, bulegoa eta eraikina atzean utzita, erdara noranahikoaren besoetan etzaten da gozo-gozo. Lagunekin, abesbatzan, elkartean… Lanak lan, jaietan jai!
Sabin enpresa-gizona da. Euskaldun peto-petoa, ikastola-kumea,… Etxean euskaraz bizi dira, oso argi daukate zer diren-eta: euskaldunak.
Baina lana eta familia ez dira nahastu behar, ahal dela. Horregatik beharbada, erdara hutsez jarduten du bere enpresan, lankide gehienak euskaldunak dituen arren. Webgunea, publizitatea, jarraibideak, harreman komertzialak eta bestelakoak… guztiak burutzen dituzte erdaraz.
Aitor politikaria da. Abertzale sutsua. Familiatik datorkio, eta txikitatik bizi izan du politika etxean. Egun politikarako eta politikatik bizi da. Ardura gero eta garrantzitsuagoak hartzea egokitu zaio. Euskaltzalea da, duda egitea ere! Ibilaldia, Korrika, Nafarroa Oinez eta Herri-urrats gorriz azpimarratuta dauzka egutegian. Ez du horietara huts egingo nolanahi. Lau horiek ez, beste jarduera guztietarako… erdara!
Argi dauka euskara ez dela “inposatu” behar.
Espainieraren eta frantsesaren inposaketaz iritzirik ez du.

Zerrenda amaigabea osa dezakegu gure inguru hurbilera erreparatuta, Goierrin bertan nahi bada. Zerk esanik ez Mungialdean, adibidez…
Eta iruditzen zait badela garaia zirt edo zart egiteko; gure hizkuntza (eta nortasuna) aurrera atera behingoz, edo betiko bakea emateko. Zeren inguruan sumatzen denak, kalean, familietan, lantokietan, edo administrazioan ikusten denak, disimuluan lagundutako heriotzaren itxura handiagoa baitauka egunetik egunera, Koldo Izagirrek aspaldi salatutako altxor etnikorako bilakaerarena, euskarari eutanasia tazitoarena…. “lehen baino hobeto” gaudelakoan, “bueno estaba y se murió” gero eta gertuagoan.

43 pentsamendu “Euskarari eutanasia?”-ri buruz

  • Uste dut ez naizela gai izan artikulua osorik irakurtzeko…………..

    sentitzen dut, Itzain, baina aspertzen nau betiko diskurtso honek…..

    Behin baino gehiagotan komentatu dut hemen, zuzeu-ko eztabaidetan, euskalgintzak diskurtsoa aldatu beharra daukala, estrategia berria diseinatu.. euskalgintza ez bada gai diskurtso erakargarri eta berri bat sortzeko, jai jai dugu… egun osoa pasatzen dugu negarrez, euskara badoala, desagertzear dagoela… hain da astuna dena!!!!!

  • neurekin bat! 2013-08-22 17:35

    bat nator NEUrekin… aspergarria da eguneroko eztabaida hau. Arazoa ez da behetik konpontzen, boteretik konpondu behar da… Telebista kateak erderaz daude, zinema erderaz dago, aldizkari gehienak erderaz, Espainiarren menpe bizi garen einean jai daukagu! Independentzia da bide bakarra euskararen normalizaziorako, eta gero kontzientziazio maila altu bat, lotsagarria da, Bilboko alkateak (adibide bat jartzearren), Euskaraz hitzik ez jakitea… ala gertatzen da alderdi askotak, PSE,PP gehienbat… baita PNVn ere… Ezker Abertzalean ez da hau gertatzen normalean, kasu batzuk egongo dira… Uste dut independentzia lortu arte jai daukagula Euskararekin!

    Arazo handiena, humeekin euskaraz eta gurasoek beraien artean erdaraz egiten dutenez, gero humeak handitzean erderara joaera dutela da…

  • Hau ederra: aspergarria omen da betiko eztabaida hau, eta alternatiba bezala zer aurkeztuko eta “estrategia berria eta diskurso erakargarri bat egin behar da” edo “independentzia behar dugu, estatua izan arte jai dugu” eta horrelakoak. Ez dut esaten baliokoak direnik edo ez direnik, baina errepeikatuaren errepikatuaz aspergarriak dira horiek ere.

    Igual onaertu beharko da diskurtso guzti horien batura behar dugula. Baina artikuluan esaten dena HALA DA.

  • Aspergarria? egunero errepikatu arren ni ez naiz aspertzen. Eta gizarteari egunero gogoraziz gero hobe. Sentipena da barnetik datorrena, eta euskalduna denak euskal joera izango du pentsatu gabe. Ohitura? ohiturak gogoen arabera aldatzen dira eta gogoa den tokian aldaparik ez.

  • Aspergarria da bai, baina egia hutsa.
    Independentzia? Noski, baina ez estatu independiente bat soilik, baizik eta independentzia erreala, estatu bat baino sakonagoa, “askatasuna” deiturikoa: independentzia kultural, sozial, ekonomiko eta politikoa; beste gizarte eredu bat. Deitu “idealista” nahi baduzue, baina ez al da “idealista” eukaraz egite mundu honetan?
    Mundu honetan euskarak jai dauka, baina izan gaitezen itxaropentsuak: asko gara, amaurrainak bezala, errekan gora egin nahi dugunak eta egiten dugunak; horrexegatik euskara darabailgu web orri batean.
    Pentsa dezagun zer egin dezaken norberak.
    Pentsa dezagun era global batean: ez da hizkuntza arazoa, gizarte arazoa baino.

  • Zarauzko udala euskara hutsean hasiko da irailetik.
    Jose Mari: abertzalea da eta etxean , Bilbon, euskara hutsez aritzen da bi umeekin, gurasoek tutik ere ez zekiten euskaraz.
    Bilboko Aste Nagusian hiru konpartsak euskalgunea eratu dute, euskara hutsean aritzeko espazioa.
    Ainhoa, orain gutxi euskaldunduta, euskara hutsean aritzen da bere irakasle izandakoarekin, orain laguna duenarekin, Bilbon.
    Laudioko parkean euskaraz aritzen diren gurasoen portzentajea 3tik 9ra igo da bost urtean (Argiak dixit)
    Ueman sartu berriak: Munitibar, Lekeitio, Lesaka, Tolosa eta Zarautz.
    Gaztea irratiak lidertzari eusten dio 120.000 entzule egunero.
    Hamaika TBk bere hedapenari eusten dio, hurrengo egoitza…
    Maria, bi ume errusiar adoptatua, dagoeneko euskaldunak, euskaraz barra-barra aritzen direnak, Basaurin.
    Anton, berriki euskaldunduta Berriatura ezkondu da, ume baten zain…
    Arkaitz, andrea eta hiru umeekin euskaraz bizi da Bilboko zazpi kaleetan.
    Arantza, mintzakide izaten da, musutruk, lagundutako ikasle batzuk bere lagunak dira orain eta euskarazko harremana bilbatu dute…
    Bildu koalizioak bere jardunaren ehuneko 60tik gora euskaraz egin zuen pasa den uztailean (ehuneko ehunerako bidean…
    Janari denda berria alde zaharrean, karteleriari eta jendearen kontratazioan lehentasuna ematen omen diote gure hizkuntzari.
    KONTU POSITIBOAK ERE BEHAR DITUGU!!!! Nahikoa dugu kiribil melankolikoarekin!!

  • “Zirt edo zart egin”? Ez, mesedez! Badakigu zein izanen den emaitza.
    Badira gauza positiboak eta negatiboak: gure amona, Iruñera etortzean, harritzen da euskara asko aditzen duelako; bere herrian, berriz, euskararen erabilera guztiz bazterrekoa da gaur egun. Eta ezin dugu egin ikusiko ez bagenu bezala, aspergarria izan edo ez izan.
    Eta badirudi independentziaren kontuak luze joko duela; beraz…

  • Zirt edo zart egin beharko dugu ba; bestela, Patxi Baztarrikak iragarri bezala, bizpahiru belaunaldiko kontua izango baita euskararen desagerpena.
    Sentitzen dut batzuk hainbeste etsekabetu eta aspertu izana, baina kiribilak kiribil, askoz gehiago dira, oraingoz, ezkor izateko motiboak, baikor izatekoak baino. Oro har egoera kezkagarria da oso, itxaropenerako aukerak eta tartea oraindik badauzkagun arren. Edonola ere, aukera egitea da gakoa. Oraindik ere, euskarari arnasa emateko aukera egin dezakegu, horretarako benetako borondatea baldin badago. Izan ere, euskaraz bizi nahi badugu, aukera konszientea eta ahalegina egin beharra daukagu Lesakatik Iruñaraino, Bakiotik Bilboraino eta Altzotik Iruneraino.
    Euskaraz bizitzea haize kontra egitea da, gaur gaurkoz, ia Euskal Herri osoan.
    Baldintzak, herririk euskaldunenetan ere, erdaren aldekoak dira dagoeneko. Naparroanek eman du adibide gordina (ez dut esan nahi horrekin, nirekin batera kiribilean harrapaturik dagoenik): amona harriturik omen dauka Iruñan euskara “asko” aditzen duelako… amonaren herrian dagoeneko euskara bazterrera egina dagoelarik.
    Alabaina, kontua da Iruñan nekez entzuten dela euskararik inon, hiri arras erdalduna dela, bertan ere milaka euskaldun bizi diren arren. Bilbo bezala, edo Gasteiz bezala. Hiriotan euskara entzun ahal izateko oso gune eta une jakinetan murgildu beharra dago, eta belarriak ondo zorroztu… Ziurrenik, duela hogei urte baino askoz euskara gehiago entzuten da Iruñan, Bilbon eta Gasteizen… duela 20 urte ezertxo ere ez baitzen euskaraz entzuten, baina egun ere, euskararen erabilera erabat hondarrekoa da, Barakaldon, Altsasun, Sestaon, Lizarran, Irurtzunen edo Agurainen bezala.
    Eta kontua da, euskararen egoera ez dugula iraularaziko Iruñan, lehenik Naparroanen amonaren herrian iraularazten ez badugu,… edo Bilbon, lehenik Bakio eta Mungiako odolusteari konponbidea jartzen ez badiegu.
    Baikor izatea borrokari eta lanari eustea da, baldintzarik zailenetan ere, eta ez, baldintzak larriak direla esaten duenari harrika hastea, beste arrazoibiderik eman gabe.
    Baikor izateko adibideak daudela? Zalantzarik gabe. Hilik geundeke bestela. Baina zein da batzuen eta besteen pisua? Zenbat dira Zarautz bezalako udalerriak, adibidez? (Biba Zarautz, bidenabar)

  • Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Altzo, Alegi, Zegama, Mutriku, Goizueta, Leitza, Arantza, Amezketa, Berritxu, Ondarru, Bolibar, Aulestia, Ataun, Getaria, Bidania-Goiatz, Berastegi, Berrobi, Alkiza, …ziurtasun osoa izan barik ere, euskaraz ari direla egingo nuke, eta ez badabiz, zeren zain? Bide batez, Zarautzen eredua ezin da udalerri gehiagotara zabaldu? Por defecto (besterik adierazi ezean dakar hiztegiak)euskaraz egitea, alegia.
    Eta nik ere ikusten ditut akatsak, ustelak, desertsioak, itxurak eta abarrak, nonahi eta noiznahi, baina ilunen ondoan argi printzak ere ikusten ditut, eta Bilbo bezalako leku batean argi hori urrezkoa da eta aurrera egiteko indarra ematen digu. Nik bi arlo berreiziko nituzke: handira salaketa eta aldarria ezinbestekoak dira: “euskara betiko bazterrera kondenatuta geratzeko arriskua dago” (Isasi) edo “botila ez dago ez beteta ez hutsik, hautsia baizik” (Urmeneta). Baina txikira, euskara ikasteko eta erabiltzeko beharra eta poztasuna sortzen segitzen dut mezu positiboa zabalduz, ezin bestela egin, inork ez du nahi eta ondoan matraka agonikorik.

  • Argi printzak neuk ere ikusten ditut, bestela isilk nengoke aspaldi. Baina printzak baizik ez dira, ondo esan duzu, eta aipatu dituzun herri horietako batzuetan ere, ilunak nabarmentzen hasiak dira (ikus Bengoetxea Muxika, Xabier. “Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa”).
    Kontua da erakundeetatik baikorkeriazko mezua zabaldu dela etengabe, benetako egoera estaliz, atzo arratsaldera arte, eta matraka agonikoen kiribilean biltzeko asmorik gabe ere, egoera larria da, oso, eta argi izpiak han hemenka ikusten badira ere, ez da oraindik ageri anabasa honi buelta emango dion diskurtso sendorik euskalgintzan edo alderdi abertzaleen aldetik (erakundeez ari naiz, ez norbanakoez), hots, euskararen berreskurapenaren motore izan behar luketenen aldetik. Ez diskurtsorik, ez egitasmo sendorik ere, Zarauzkoak, UEMAren berpizteak edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak esperantzarako adibideak badira ere.
    Argi izpiak urrea bezala zaindu behar ditugu, bai, baina galerak handiak ari dira izaten, eta horiei aurre egitea lehentasun osokoa behar luke. Adibidez, Irala, pentsatzen dut Mungialdea ezagutzen duzula… Bada, gainbehera nabaria da inguruotan. Mungialdean ez dago jada euskaraz bizi den herririk, nik dakidala. Horrek esan nahi du Bizkaian beste eskualde oso bat galdu dugula euskararako, Bakion barrena sartzean “herri euskaldunean sartzen zara” gezur ustela saltzen duen karteltzarrarekin topo egin arren, eta paisaia baserriz josita egon arren.
    Ez naiz ezker abertzaleko kidea, baina argi daukat euskara berreskuratzeko egitasmorik etortzekotan, ezker abertzalearen eskutik etorriko dela soilik. Alabaina, egitasmo horren zain gaude, artean. Tamalez, EAJ-k badirudi behin betiko utzi duela euskararen berreskurapena bazterrera eta españistandarren aldetik badakigu zer etorriko zaigun.
    Panorama hoberik irudika badezakezu, egin. Bien bitartean utzi beste baterako deskalifikazioak, lagun, horretan denok dakigu-eta.

    • fermin morrokozoko 2013-08-24 08:27

      Bizkaiko euskararen galera horrek zerikusia du han gailentzen den way-of-life peneubistarekin. Ez da han soilik, baina han gehiago da askoz ere.
      Euskal artaldea lasaitzekoz euskal ezaugarri aski bultzatzen dute, euskara hizkuntza ez dena, eta azken hau ez erabiltzeko moduko lasaigarri pila dute, gabezia hori berdintzen diena, Euskaltel (pott), Euskalatleti, euskalkalimotxo, euskalaibalaostia, euskalgabarra, euskaldirua, euskalmundukoonena, euskaljauntxuak-euskal·liderrak, euskalkoadrilla, euskalkomisarioa, euskalsarjentuak, euskalopus,, euskalhemen, euskalnahidudana, euskalzeondo, euskalputamadre, euskalarribaarribaarriba, eta abar luze bat. Lasaigarriok, euskararen gabezia hori ordezkatzera iristen dira, eta sistema katoliko xinplearen analogiaz, barkatzen die, baina pekamenik behar ez dela, eta konfesioa zer den jakiteke (leziorik ez).
      Espaiñiako patriaren gotorleku sendo, euskaraaz nazkatzen dira gero eta gehiago, eta ezin da eten portaera konpentsatorio horik dituen sasiideologia hori, eta euskararen galera hori.
      Beren teoriak besterik dio, baina beste iruzur bat da.
      Ni ez nago ezarririk dagoen ezein proposamen ideologikoren lerraturik guztiz, baina honenbeste adieraz dezaket.

      • Oxandabaratz 2013-08-27 10:27

        Bai Fermin? Ziur way-of-life (barkatu, guay of life) hori peneuveroek bakarrik eramaten dutela? Nik matroiloka eta motroiloka jende ikusten dut Ezker Abertzaleko peto petoa dena (eta bai, bai Bizkaian zein Mungialdeanm, zein ondoko eskualdeetan), “hiri espainoletik” ihesi bere neo.baserria erakitzeko euskal paradisuan… bitartean gune handiak euskaldunez husten eta Euskal Herri euskaldunaren eta Euskal Herri erdaldunaren zanga handiago egiten (hori bai euskal paradisuak nonahi, nazio eraikuntza herri hauentzat bakarrik al da?)

        Eta hau ez da alderdi baten kontrako kritika (nik alderdi horren hurbileko jarrera bait dut), baina kritika errazekin eta hiopokresiarekin ez goaz inora.

        • fermin morrokozoko 2013-08-27 22:41

          Otsanda, guay-of-life hori, hori da, eta zuk ezagutzen baduzu beste bat, beste bat da, nik aipatu ez dudana, zuk baizik. Beraz, diodana diot, eta ez diodana, ez diot.
          Ez dizut konsentitzen, bestetik, kritika errazik egin dudanik (errazetik ezer ez, ez dut inon lehendik ikusi), ez-eta guttiago hipokritarik. Zer elementu duzu hipokrita deitzekoz niri?, harriturik nago.
          Zerbait ez bazait gustatzen, eta nire adierazpenean nabaritzen da, hipokrisiaa da, eta hara!, horixe egozten nauzu!
          Ez zaitut ulertzen.

          • Oxandabaratz 2013-08-28 10:49

            Ulertzen ez duzula? Zuk alderdi bati kritika egin diozu (zuzenki) bizitza estilo indibidualista aurrera eramaten omen duelako eta horrek euskararekiko arduragabezia sustatzen duelako. baina kritika hori egiten duten ingurutik ere badago beste asko inkontziente-kontzienteki berdina egiten duela (“euskal paradisua” bilatu berarentzat, bizitza-estilo indibidualistaren adibidez eta gero normala “Bilbon (eta Bilbo dioenak, Barakaldo edo Portugalete esan dezake) ez da euskaraz egiten”). Niri hori iruditzen zait hipokrita. eta “kritika errazarena” badakizu zein den, estereotipoetara jotzea mutur aurrean dagoenaz konturatu gabe.

            Hori ezin da aipatu? Zentsura al dago? Zure gustatzen zaizunaz bakarrik hitz egin ahal da besterik aportatu gabe?

          • fermin morrokozoko 2013-08-28 14:54

            Otsanda: ‘Zuk alderdi bati egin diozu kritika (zuzenki): Ez dut eragozpen izpirik zuri bekatua iruditzen bide zaizun hori egitekorik, baina kontua zera da, ez diodala kritika zuzena egin; ‘peneubista’ izenondoa izen baten ondoan egotean, ezaugarritzen du, baina ez du ‘peneube’ osoa horrekin definitzen. Gauza gehiago pentsatzen dut, baina ez ditut aipatu (ez zaizkizu gustatuko), beraz nire partetik, airean daude.
            ‘Baina kritika hori egiten duten ingurutik… …berdina egiten duela’: Solas zaitez inguru horrekin. Ni, ni naiz. Ez dut erantzuten beste batzuek egiten omen dutenarengatik, ulertuko duzunez. Talde baten barrenean sartzen nauzunean, manipulatzen nauzu.
            Hori dena aparte, eta ekarpenak egitea? Egin itzazu, mesedez, niketz. Niri ez badidazu zeharkako aipamenik egiten, nire pentsamendua asmatuz, eta nik idatzia itxuraldatuz, egin itzazu, mesedez. A, eta blog hau ez da nirea.

          • Oxandabaratz 2013-08-28 17:04

            Ez jarri nire ahotan nik esan ez dudana. Nik ez zaitut talde batetan sartu ezta hipokrita deitu. Nik esan dut talde batetatik (eta norbait sartzekotan, neure burua sartu dut hor) kritika errazak (eta hipokritak) askotan plazaratzen direla (eta askotan besteek jasotzen dituzte). Nik hori aipatu dut, ala ezin da egin? (Gero esango duzu niri ez dakit zer “bekatua” iruditzen zaidala, ba a zer kasketa hartu duzun honekin). Fermin, niri berdin zait nor zaren ala ez, nik beste kontu hau aipatu dut, nire inguruan hiopkresia hau ikusten dudalako. Eta esan egiten dut. Ez iezaiozu zure buruari hainbesterainoko garrantziarik eman.

            Bigarrenez: irainduta zaude nik ez-dakit-non sartu zaitudalako, eta zer dira “zuri bekatu irudituko ziazkizu”; “zuri ez zaizkizuke gustatuko” eta halakoak? Esan esan behar dituzunak (haria galdu gabe, noski) eta ados banago esango dizut, eta ez banago erantzungo dizut eta punto; biana faborez, umeen portaerarik ez ezazu izan, jada adina dugu eta!

            Beste gauza bat, zuk zerbait aipatzen baduzu (kasu honetan EAJk bultzatutako lifestyla), horren harira zerikusia duen beste zerbait aipatu al daiteke (Ezker Abertzaleko jende askok lifestyle hori ere badaramatela), ez da hala? Ez al da hori elkarrizketa izatea eta bertan aurrera egitea? Edo hortarako baimenik ez duzu ematen? Zuk zer uste duzu zarela ba?

          • fermin morrokozoko 2013-08-28 19:59

            Otsanda, ni aipatzen nauzunean, edo nik idatzia aipatzen duzunean, hainbeste naizen ustea dut, bai horixe, asko, eta nireganako aipuak erantzuten ditut; ez da kasketarik hor (nik ere zure kasketak antzeman ditut sarri), ni ez nago haserre: da pertseberantea naizela, etsitzen zaila, eta zait ardura izaten ileak uztea. Bestela (ni aipatu gabe) ari zarenean, ez dut asko naizenik usterik, eta ongi deritzot. Eta aski da niri buruz.
            Azken mezun honetara arte, ni aparte uzteko ez duzu zure iritzia aski abstraitu, hautematen dudanez.
            Eman eta eman, azkenean uste dut argitu didazula ongi, nahiz zure lehenagoko idatzieri ez zerien zantzu hori, eta ez dakit argitzearekin batean ez ote duzun iritzia bera findu; baina è ben trovato.
            Ez, Otsanda, nire garrantzia mezulari batena da, ideiak dira garrantzitsuak.
            Argitze aldera, luzeegia da mezu hau bera ere.

          • Oxandabaratz 2013-08-29 11:04

            Ongi da Fermin, baina eztabaida hau (bion artekoa, ez eztabaida osoa) agortuta dagoela uste dut. Hurrengora arte!!

  • Aspergarriak diala? Irakurri behar dana. Beno aspergarriak badira hobeto gazteleraz eiten badute aldizkari hau ez? Jendea Euskararekin ez aspertzeko batik bat.

    Artikuluari buruz.
    Erraza da oso Euskaraz aritzea eremu Euskaldunetan gaudenean, berdin zait lana, etxea…. Baina eremu hortik aterata gure hizkuntzari (orokorrean erraten dut, ta nik barne ) bere salbuespenekin ,daukagun atxikimendua hutsaren hurrengoa da.

    Lanean Euskaraz aritzen dia lana Euskalduna delako baina etxera iristerakoan emazteak, gizonak… Euskara ez badaki ta inoiz ikasiko ez badu, berdin du, gazteleraz eingo dute beti. Tristea bezain egia.
    Arraroa izango naiz baina nire neska hemen bizita inoiz Euskara ikasiko ez balu (ikasteko posibilitatea izanda), ez zan nere neska izango.
    Abertzale sutsua izan ta ez saiatzea Euskara ikasten, lotsagarria iruditzen zait.
    Euskaldunzaharra izan ta zure herritik ateratzerakoan gazteleraz pasatzen bazea, zure lehengo hitza gazteleraz eiten beti, hizkuntzari atxikimendu gutxi izatea da…..
    Musikariarena adibidez, Madonak suajili ikasten badu ta erraten badu suajilieraz ein behar zaiola, bere lankide guztiak suajilia ikasiko zuten, hemen aldiz musikaria da beti aldatu behar duna. Hori ez da errespetu falta? Naiz ta zure lagunak izan? Ez daude Euskaraz dakiten beste lankiderik? Ta ez badu lankidez aldatu nahi (edo ezin du)beraien jarrera ez dio izorratzen ?
    Politikariena lotsagarriena da, inor baino baliabide gehio dituzte Euskara ikasteko ta gehienak uko eiten diote.
    Hori legez kanpo eon behar zan, ala ere gure atxikimendu eskasa erakusten du, hori berebera Katalunian gertatuko balitz, talde politiko hori ez zitun boz asko irabaziko. Han PPkoak ere Katalanez eiten dakite/dute.
    Duela urte bat, Mosoei soldatak jaitsi zizkinean, hauek protesta eiteko, jendea gazteleraz hartatuko zituztela erran zuten.
    Egun bakarren atzera ein zuten Katalan guztiyak sutan jarri zialako. Hori hemen gertatuko balitz, ez zan ezer gertatuko, gaur egun askok Euskara ez dakite ta ez da ezer gertatzen.

  • Hemen ertzainak euskaldunari makurrarazi, eta Lendakaria erdaldun hutsa izan ta danak isilik. ETBn su artifizialak egunero prime-time, Basurtu-telebistan bezela. Ze telebista seriotan ematen ditue su artifizialak ordu betez? Horik bai argi-izpik horik.

  • Independentzia? Gaur egun Euskal Herriko biztanleriaren %37k bakarrik badakite euskaraz (eta, artikuluan esaten den bezala, horrek ez du esan nahi erabiltzen dutenik). Independentzia behin lortuta, zer egingo dugu gainontzeko %63rekin, euskaraz hitz egitera behartu, erderarekin egin den bezala? Hemendik bota? Euskara ez bada gehiago erabiltzen ez da erdaldunen errua izango (euskaldun berri askok dirua eta denbora xahutu ditugulako, euskaraz bizitzeko asmoz, gu inozoak!), edo Jaurlaritzarena (gehiago egin behar da, egia, baino asko egin da azken 30 urtetan, Gasteizen behintzat) edo elkarteena, edo euskaltegiarena. Ez. Euskaldunok gara errudunak. Hemen, Gasteizen bizi edo lan egiten duten azpetiarrek, gernikakoek, etab., nik ezagutzen ditudanek, nahiago dute erdaraz hitz egin, hobeto ulertuko diegula esanez. Batzuten ematen du eskaldunberriek, gure euskara traketsarekin, euskaraz erabiltzeko gogo handiagoa daukagula euskaldunzahar askok baino. Ados, nire euskara, euskaldun berri askoren euskara, ez da oso ona izango…. baina jarrera horrekin, euskarak jai duela uste dut nik, euskaldunak askozaz gutxiago garelako.

    • Fermin Galparsoro 2013-08-23 16:50

      Euskal Herri independiente batek hizkuntza ofizial bat izango dau, munduko beste estatu guztietan gertatzen dan bezala. Eta munduko estatu demokratiko hoietan gertatzen dan bezala, hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da eta kitto. Eta hizkuntza hori jakitea ez da inposaketa bat, betebehar bat baizik, zergak ordaindu, legeak bete… diran bezala.
      Ala ze espero dogu hizkuntza erabiliaraziko ez dauan munduko estatu bakarra izango garela?
      Euskeraren inguruan askotan planteatzen diren debatea hauek, estatu propioa izanez gero ez leukie inolako logikarik izango. Eta bide batez, onartezina egiten jata autoflajelazio puntu hori: “Euskaldunon errua da euskera galtzen bada”.
      Fijo!

      • Nafar euskaldunon errua izango da auto-afirmaziorik nahikorik garatzeko gai izan ez garen neurrian.

        Baina, batez ere, konkistatu, subordinatu eta kolonizatu gaituzten bi inperioena.

        Konszientzia koloniala duen hiritarra erneago egon zitekeen, egia da. Baina arazoaren iturria badakigu non dagoen.

  • Eusladun berriek dakazuen meritua ikaragarria, inoiz ez nahiko eskertua, eta gainea askotan ezertako ez, kristonak aleginak egin ta gero. Baina erdaldun askok pe badue erru zati bat. Zenbat dira hemen jaiota ere egunon esateko gauza ez diranak? Ta Jaurlaritza ezidazu aipatu. Zer egin du ba Gasteizen?

  • Jon Intxaurraga
    Jon Intxaurraga 2013-08-24 16:59

    Errua euskaldunona da, zeren eta euskaraz egiten ez dakienak ezin baitu euskaraz egin, are gutxiago euskara ikasteko premia izan ezik. Horretarako, euskaldunok sortu behar dugu premia hori euskara erabiliz; hizkuntza normalizatuz. Unibertsitateko irakasle eta lagun batek esan zidan euskaldunok normalizatuta balego bezala egin behar dugula euskaraz; hau da, lehen hitza euskaraz eta ahal den neurrian euskarari eutsiz. Arrazoia dauka. Bilbon bertan lehen hitza euskaraz eginda, bigarrena, hirugarrena eta hurrengoak euskaraz egitea lortu dut behin baino gehiagotan. Ez hori bakarrik, jende asko etortzen zait euskaraz (batzuetan ondo, besteetan trakets) eta ez dut uste salbuespena naizenik.

    Nik uste negarrez ibili baino, sarriago erabili beharko genukeela euskara, zeren eta euskaraz egiteko zai dauden euskaldun asko baitago herri honetan (gazteak bide batez).

    • fermin morrokozoko 2013-08-24 18:55

      Erabili duzun normalizazioaren kontzeptua asko gustatu zait, soziolinguistikoa, eta ez hainbeste hizkuntzalaritzazkoa (aski da hortik). Hori da normalizazioa.

    • Oxandabaratz 2013-08-27 10:31

      Arrazoi osoa duzu Jon!! Jende asko lotsatuta dago “agian besteak ez duelako jakingo” edo “agian ondo ez dakidalako”. Guk “edukazioagatik” (gaizki ulertutako edukaziogatik) erdara hutsean. Ondorioa? Euskaraz ari zitezkeen bi pertsona, erdaraz.

      Enpatia izaten ikasi behar dugu, baina ez gaizki ulertutako enpatia, baizik eta ondo ulertutakoa. Zergatik da enpatikoa “agian edukazioz erdaraz egitea hobe, agian ez dakielako” esaldia baina ez “euskaraz egingo diot, berak ere euskaraz egiten ikasi dezan”? jendea lagundu behar dugu euskaraz egiten!!

      Truko bat: “¿Que hora es?” “Bostak hogei gutxi”. Horrela hasten dira euskarazko elkarrizketa asko gune ez-euskaldunetan (ez euskaldun gisa ikusitakoak)

    • Jon, poliziaren aurrean, Osaquidechako mediku gehienen aurrean, epaile gehien-gehienen aurrean… euskara normalizatuta balego bezala jokatu behar da? Horrela jokatzen duzu?
      Edo nork ardurak bere neurrian hartu eta arduretan daudenei egin beharrekoak egiteko exijitu behar zaie behingz?
      Boluntario hutsarekin ez goaz inora

  • Horixe ba!! Negar eta zinkurin gutxiago eta irabaz dezagun kalean galdutako lekua!! Horrek ez du kentzen legeak, arauak, aurrekontuak, ekitaldiak eta abar egiten segitzea, baina oinarrizko lana da aurrez aurreko elkarrrizketetan egiten dena, egitea eta eginaraztea. Bide batez, erregu bat Bilbon lan-bizitza gehiena egiten duzuen Bilbotik kanpoko euskaldunoi: EGIGUZUE EUSKARAZ!!! Apurtu betiko bilbotarra/ erdalduna paretasun gezurrezko hori, sekulako ustekabe atseginak hartuko dituzue eta!! Asko gara, gero eta gehiago.

  • Morrokozok dioen bezala, txaletadun Mungialdea bezalaxe, berdin erdaldunduko genuke “euskal” gehigarridun “euskal” herri independientea ez badugu hizkuntza erdi-erdian jartzen gaurtik hasita. Zain egotea alperrik delako eta askorentzako sekulako aitzaki merkea delako (bai politiko erdalzaleentzat, bai ustezko kaleko “euskaltzale” askorentzat). Hori ez dugu egingo nortasunaz aritzen garen bitartean, “euskal” nortasun horixe baita Mungialdeko txaletadun bilbainoek ederki haizatzen dutena. Hitzetara pasa behar gara bestela jai dugu. Bilbok abertzaletu zuen Bizkaia, Bilbok erdalduntzen du Bizkaia eta gertatuko bada, Bilbok euskaldunduko du Bizkaia (eta ez goian aipatu bezala Bakiok Bilbo, Bakio edertotxu erdaldundua baitute bilbainoek aspalditik – Bakioren lekuan jarri Elantxobe, Ea, Zeanuri, Igorre, Bedia, Txorierri…). Eta Iralak eta Jon Intxaurragak dioten bezalaxe, horretarako negar gutxiago eta euskarazko hitz gehiago eta euskararen aldeko lan, ekimen, parte-hartze eta politika gehiago behar dugu Bilbon bertan. Askoz gehiago. Euskaldun asko gara Bilbon. Ea behingoz jauzia ematen dugun.

    • Bilbo berreuskalduntzeko jauzia, euskal estatua ez bada, nola gertatuko da ? Ez zait batere errealista iruditzen. Berezko estaturik gabe, biharko egunean, euskal herria izango denik burutik pasatzea ere… Baina ez badugu onartu nahi euskal herriari independentzia ezinbestekoa zaiola bere hizkuntza, hizkuntza hegemonikoa bilakatzeko, jai dugu. Segi dezagun arazoaren konponbidearen abiapuntua ikustezina bihurtzen eta botere politikorik gabeko herria hilobiratzen. Hori bai, ilusioz eta auzolanean. Edo bestela negar gutxiago, plazeborik ez eta euskal estatua bultzatu.

  • Bilbo handia 2013-08-27 09:26

    Bilbok abertzaletu zuela zer? Eta Bbilbotik euskaldunduko da zer? Bbilbo handia da,baina hainbeste ere!
    Eskualde euskaldunak eta oraintsu arte euskaldun zirenak erdalduntzea utzi, eta Bbilbotik euskaldunduko da Euskal Herria! Kalera noa ihesi…

  • Abertzaletasunaren historia politikoaz, Bilboaldeak (Bilbo Handia kontzeptu espainola da, euskaraz Bilboaldea esaten da) Bizkaian duen hizkuntza eraginaz, zein Bizkaiko demografiaz hitz egiten hasi baino lehen (13 bizkaitarretatik 10 Bilboaldean bizi dira), gauzak idatzi moduan irakurtzen ere hasi beharko ginateke ezer eztabaidatu aurretik.. EH ez baita goian inon aipatzen.. orain, argi dago badela euskaldun mota bat “Bilbo” hitza irakurri-entzun orduko urduri jarri eta bista galtzen duena..

    Bestalde independentzia eguna bitartean euskararekin ez badugu fundamentuzko ezer egiten (eta fundamentuzko gauza asko egin litezke gaur egun, aitzakiak alde batera utzita) egun hori heldu orduko hilotza bai ziurra dela. Nafarroako erresumak ederki asko erakusten du nola bertoko eliteak izan diren eta diren lehenengoak gure hizkuntza eta hiztunak xokoratzen, beraz independentziara heldu orduko ez badago oinarririk – presio masarik – hiztun talde sendorik, orduan euskararen hilotza fosil bihurtu baino ez dute egingo elite horiek.

  • Beeti igual. Euskararen hil-kanpaiak jotzea gustoko duzuenontzat, entzun faborez: Nire herrian, Euskal Herriko herri gehienetan bezala, euskara hizkuntza minoritarioa da. Baina ez da hizkuntza hila. Hitzegiten da. Haur, gazte, heldu, denek hitzegiten dute, nahiz eta, erdararen aldean, gutxi. Ez da hizkuntza hila, eta ez da izango, ze ezin dezaket asmatu zer nolako katastrofe gertatu beharko litzatekeen hizkuntza hila bihurtzeko. Ez nire herrian ez beste inon.
    Mesedez ez hartu gaizki, baina nola gustatzen zaizuen batzuei mezu unamuno-oteizar-apokaliptikoak zabaltzea.

  • Pozten naiz nire iritziarekin bat datorren jendea topatu izanaz (diego), goiko iruzkinak irakurtzen txarto sentitzen hasia nintzen eta… Eta, bide batez, esan nahi izan nuena (agian ez nuen ondo azaldu eta) azalduko dut: aspertuta nagoela betiko diskurtso apokaliptiko-munduaren amaierako horrekin. Uste dudalako oso nekeza dela, oso astuna beti zama horrekin ibiltzea, eta uste dut (nire esperientzian oinarrituta) euskeraren kontrakoa ere badela, hiztun berriak erakarri baino, uxatzen dituelako.

    Ni ere Bilbon bizi naiz, ahal dudan heinean euskeraz bizi naiz, eta Bilbo zein inguruetan euskaldun asko ezagutzen dut. Baina euskaraz jakin arren euskeraz egiten ez duen jente asko ere ezagutzen dut, eta jende horrek emango badio bizindarra euskerari (eta jende horrek biziberritu beharko du/dugu, izan gaitezen errealistak!!!), nekez erakarriko ditugu betiko mezu negatiboak eta negargarriak erabiltzen baditugu.

    Esan diren gauza guztien artean beste bi iruzkin.

    Fermin Morrokozoko: egia da zuk diozun ‘guay of life’ hori existitzen dela… baina ez bakarrik peneuberoen artean… makina bat ezkerabertzale-ernaitar dago Bilbon erdera hutsean ibiltzen dena; hori bai, benetako euskaldunak eurak dira … horiek ere gutxi laguntzen diote euskerari euran hizkuntza hautuarekin. Beraz, arazoa ez da afiliazio politikoa, baizik eta jarrera.

    Eta amaitzeko, herri euskaldunetatik Bilbora (edo beste herri erdaldun batera, igual zait) datorren jende euskaldun askok automatikoki jotzen du erderara (tabernetan, dendetan…), euskeraz egiteko inongo ardurarik hartu barik (testigu izan naiz sarri). Orduan erreza da esatea “Bilbon inok ez daki euskeraz”.

    Eta luzaroan segi genezake…..

    • fermin morrokozoko 2013-08-27 23:02

      Mila esker Neu, zuzen nagoela aitortzeagatik, egia dela nioena. Horixe baita erran nahi nuena, erran nuena.
      Gero, hori soilik ez, eta beste fenomeno batzu jazotzen direla?, oso ederki, ados egon gaitezke, zuk ezagutu dituzuke gehiago, baina nik punttu hori aipatu nahi nuen, eta egia dela erran didazu. Ez nuen bat ere behar, baina zure honetatik, aski zait hori.
      Orain, konparatuko duzu! Dena ez da berdin, barka ezazu. Giro batzuetan guaya da lotsagarri, beste batzuetan, buruzagi, eta eredugarri. Eta seguru nago zuk ere, ez ados egon, jakin, izan ere, ba dakizula.
      Ez dut erran arazoa (“araaazoaaaaaa” –niri arazo hori ez zait hainbeste axola!) afiliazio politikoa dela, hori zuk ipini duzu nire ahoan, topatzen dut.
      Baina erran dudana erran dut, eta atsegin ez dakiona, ez dakiola. Hazkuraa non…
      (Eta ez noa segitzera, ni bakarrik nago, eta ez naiz hain tontoa, “bidalitakoak” ez daudela sinesteko bezain, aparatxikak etá)

  • NIk uste dut euskara salbatzeko biderik errezena hautatzen asmatu behar dugula. Eta zalantzarik ez daukat, bide hori gure estatua berreskuratzea dela.
    Beste bidea, desagertarazi nahi duten estatuen lagutzarekin egin behar da eta hori ezinezkotik gertu dago.
    Nik uste “Dilema baten aurrean” gaudela:
    http://uztarria.com/aktualitatea/1341220406

  • kurrikulumakeuskaraz 2013-08-29 02:57

    Erderetatik irensten duguna aukeratu, euskaratu eta hobetzen ez badugu ez goaz inora, ezta euskaraz sortzen dugun ezerk erderatzeko (ingelerara, japonierara…) balio ez badu ere.
    Politika alderdi politikoek bahitu dute eta iruzkin pila guzti honek denborapasa bat baino ez dirudi.
    Ez du axola ezker, eskuin, goi ala behekoa izan euskara boteretsu eta boteredun bihurtu nahi den artean. Azken hau helburu ez dutenekin jai daukagu.

  • Euskarak eskaera ez badu inork ez du bere denbora alferrik galduko euskara eskaintza sortzen beraz kexa gutxiago eta euskara gehiago.

    Dendara, tabernara edo edonora zerbait eskatzera bazoaz lehen hitza euskaraz.
    Egunkari, liburu edo aldizkaria irakurri nahi duzula, euskarazkoa hautatu.

    Euskararen eskaera handitzen denean euskaren eskaintza handituko da hori dirua ematen duelako.

  • Uste dut aholku horiek hemen eman beharrik ez zegoela, “errealista”.

  • Bada, nik uste dut aholku horiekin iltzea bete-betean jotzen dela. Euskara geletatik atera behar da euskaraz bizi ez diren aldeetan, negozioak euskaraz edo euskaraz nagusiki sortu, umeentzako eskolak kanpoko jarduerak (Gabriel Arestikoei zorionak beren Campus ekimenagatik, uste dut arrakasta itzela izan duela), berba batean, euskaraz bizi ahal izateko katebegiak behar ditugu. BERAZ, ERABIL DEZAGUN GEHIAGO EUSKARA, HARTAZ HAINBESTETAN MINTZATU BARIK! Nor dago prest negozio bat Bilbo aldean sortzeko? Ideiarik?

  • Onddo, baina ahotsa jaso gabe, please.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude