Martutene: A personal reading journal (2)
(99. orr.) Ergel halakoa! Ez dut erremediorik. Aukeratzera eman didate: tea edo kafea. Eta nik tea aukeratu! Ergela! Kafea niretzat bakarrik prestatzera behartuko nituelakoan. Gutxienez, lasai aski hartu ahal izan dut, esnea, azukrea eta guzti, en petit comité geratu baikara. Ni neu te zale bakarra.
Hiru, lau izan gara, gehienez, eta erosoago sentitu naiz. Hasieran, behintzat. Giroa ez zait hain estugarria iruditu. Egoera delikatu xamarrak egon diren arren, jakin izan dut abstraitzen, nolabait. Distantziara mantentzen. Halere, bat-batean, zerbait arraro sumatu dut. Hiru ginen une horretan. Beste biak –zein bere aldetik- bestea ez balego bezala ari zirela. Nirekin bakarrik baleude bezala.
Sentsazio konprometigarri hori areagotu da beste batekin bakarrik –biak bakarrik-, geratu garenean, benetan. Orduan ni beste norbait banintz bezala aritu dira. Ez dakit nor, baina ez nintzen ni. Nire presentziak ez zien balio. Agian galduta ikusten nindutelako. Ez nintzateke harrituko.
Egia da, ez dakit noiz nagoen Martutenen, eta noiz ez. Eta uste dut Iñakik ikusten nauela bereziki galduta. “Badia ikuskizun duten etxebizitzetarako berregituratutako lau villek mugatzen duten kale laburrean.” Zer kale? Zertarako eman niri kale horren izena, edo Arrasate kalearen paraleloarena, ez badakit Arrasate izenekoa non dagoen…
Ematen du beste geografia batean mugitzen naizela, koordenada geografiko propio batzuekin, auzoan barna paseatutako kanitxea bezala.
Aparte, konturatu naiz jendearen joan-etorri horietan ez naizela inoiz idazlearekin, Martinekin, bakarrik gelditu. Ez da normala, denbora gehiena bere etxean egon bainaiz. Nik behintzat ez dut ezer egin enkontru hori ebitatzeko. Beraz, norbaitek egin badu, edo kontrako zerbait badu, berak.
Kontuak kontu, ez naiz kexatzen ari. Momentuz ez dut inolako interes pertsonalik, hemengo inorekin. Eta ez diot beldurrik bakardadeari. Aitzitik. Badakit distraitzen, esan dudan bezala. Deimian-en peskizan aritu naiz, batez ere.
Espero dut journal hau esku ezegokietan ez erortzea. Sekretua izaten segitzea nahi nuke, Deimian taldea eta bere kodifikazioa bezala. Ezin dut burutik kendu, etxe honetan lasaiago nagoenetik, Martin idazle talde horretakoa ote den. Batzuetan baiezkoan nago, formula erritualenak errepikatzen dituenean: “balitz bezala, moduan, legez…” Baina oso tarteka egiten du, neurrian. Eta ez ditu “gabe, barik, -tzeke” batez lotzen.
Orduan, zergatik dago hain iheskor nirekin? Zerbait susmatzen du, agian? Zerbait susmatzen ote dudala?
Nirea ez da susmoa ere izatera iristen. Ez dut ezer, bere kontra. Esan dut: nire jolas hutsa da, denbora pasa, hemengo bakardadearen kontra.
Susmo txarragoa hartu diot neska amerikarraren agerpenari. Nola du izena? Nola idazten da? Iragarrita zegoen bere etorrera, baina ez nuen espero iritsiko zenik. Ezustean harrapatu nau. Eta beldur naiz jolasak baino zerbait gehiago beharko dudala, hemendik aurrera, etxe honetan hain nekez lortu dudan status ziztrina ere mantendu nahi badut.
(118. orr.) …“Hutsik egin gabe”, “okerrik gabe”, “zereginik gabe”, “salbuespen bezala”, “azaldu gabe”, “ama bezala”, “kontutan hartu gabe”, “kondena bezala”, “arazorik gabe eta lege balitz bezala”. Deimian taldeko hizkera erritualaren itxura osoa du, baina buelta emanda, halako keinu parodiko edo desafiatzailea bailitzan. Ez dakit zer pentsatu.
(125. orr.) Deimian betea zirudien: “Magialariak bezala”, “hitzik ateratzeke”, “ezbairik gabe”, “sakratua balitz bezala”, “bila balebil bezala”. Baina hor geratu da. Hola nahita? Garaiz konturatuta? Nork daki. Jostetan ari ote da bera ere?
Kugema,
lehengoan esandakoa bera: kasu literaturan iturburua duten patologiei. Finean, ezer ez da hainbesterako.
Ados nago, Konatxe, ez dela hainbesterako.
Baina ez dut uste badagoenik literaturan iturburua duen patologiarik. Patologiek bide puska bat egina izaten dute literaturaren eremura iristen direnerako. Eta etapa literario hori, hain zuzen, iruditzen zait arras aproposa gauzak beren balio erlatiboan kokatzeko –edo kokapen erlatibo batean baloratzeko-. Bestela, bai, kezkagarria litzateke, oso.