Daniel Mundet: “Katalanaren kontra egiten duen estatua daukagu, aldekoa izan beharrean”


Daniel Mundet

Daniel Mundet Plataforma per la Llengua Katalanaren aldeko GKEren zuzendaria da. Hizkuntza normalizatu, sustatu eta Kataluniako gizartearen kohesiorako lehengai bihurtu nahi dute. Katalanak euskararen aldean duen osasuna inbidiaz begiratzeko modukoa izanagatik, ez zaie lanik falta Bartzelonako bulego xumean. Administrazio publikoek duten baliabide handitasunik gabe, hamaika lorpen biltzen dituzte urtero. Besteak beste, katalanak hutsuneak dituen eremuetara eramanez, esaterako, zinemara, komunikabideetara eta produktuen etiketetara. Katalanaren tamaina hainbat estatutako hizkuntza ofizialen adinekoa den arren, “40 urteko diktaduraren inertziak” bizi ditu, Mundeten ustez. Azken hamarkadetan egin diren aurrerapausoak aintzat hartuta ere, larrituta daude, Espainiako legediaren bitartez azken aldian jasotzen ari diren erasoengatik. Kataluniak estatu berriari itxaropenez begiratzen dion bitartean, hizkuntzak eguneroko gatazka eta borroka iturri izaten segitzen du Plataforma per la Llenguako kideentzat.

[Elkarrizketa guztia bideoan ikusteko]

Zergatik behar du Katalanak, ezagutza eta erabilera datu txukunak dituen hizkuntzak, zuena bezalako GKE bat?

Noiz galduko luke zentzua Plataforma per la Llenguak?

Horretarako hainbat gauza gertatu behar lirateke. Hizkuntza ez litzateke iskanbila iturri izan behar, ezta gatazkarako arma politiko ere. Aitorpen ofizial erabatekoa behar luke, Europako Batasuneko beste edozein hizkuntzak bezala. Ez genuke borroka egin behar justiziaren aurrean katalanez egiteko, supermerkatuan produktu guztiak katalanez etiketatuta aurkitzeko, zineman nahi nukeen filma katalanez ikusteko… Katalanaren egoera normalizatua heltzen denean, edo berdintasunean behintzat, orduanPlataformak helburuak lortutzat emango ditu. Hori egindakoan etxera joango ginateke bonsaiak zaintzera [barre egin du]. Bitartean, lanean ari gara katalana berdintasun egoeran izan dadin bermatzeko. Nahi genuke katalana daniera, finlandiera, suediera edo norbegiera dauden lekuan egotea. Hiztun aldetik  gurearen antzekoak dira.

Zenbat urte igaro daiteke normaltasun hori lortu arte?

Ez dut horri buruz pentsatu. Egunerokoa hain da basatia, orain gertatzen ari den guztia, krisiak nola eragin gaituen, edo katalanaren aurkako erasoaldia ikusita… ez gara egoera horri buruz pentsatzen jarri. Gainera, katalanak estatu bat aurka du, eta bat ere ez alde. Belaunaldi bat edo bi beharko ditugu hori lortzeko, konplikatua baita.

Nolakoa da katalanaren osasuna Kataluniako printzerritik kanpoko Herrialde Katalanetan?

“Hizkuntza zatikatzeko estrategia argia da:

minorizatu, baztertu eta ordezkatu”

 

PPk Valentziako Gorteetan dio Valentzierak Iberierarekin duela zerikusia, baina ez katalanarekin. Aragoin ere katalanari LAPAO deitu diote. Zergatik tematzen dira katalanaz bereizten?

Hizkuntza zatitzea, horretan ari dira-eta, minorizatzeko lehen urratsa da. Hori egiten dute jendeak ez dezan 9 milioi hiztuneko komunitatearen parte diren kontzientziarik izan. Katalan hiztunei gutxi balira bezala aritzen zaie, dialektoa balitz bezala. Hau guztia hizkuntza ordezkatzea egiteko lehen pausua da. Argi eta garbi dagoena zera da: hizkuntza akademiek argi duten hizkuntzaren errealitatea ukatu nahi du PPk. Valentziera valentziera da eta kitto, diote. Urrats bat aurrera egin dute. Hori erakusten du katalanetik edo latinetik pasa gabe, valentziera iberierarekin harremandu nahiak. Aragoin ere izen bat asmatu dute: LAPAO. Balear Irletan ere hizkutzan katalana ez dela dioen politika bat sustatzen ari da. Hizkuntza zatikatzeko estrategia argia da, gero minorizatu, baztertu eta azkenik [gaztelaniarekin] ordezkatzeko.

Hizkuntza diskriminazioaren 40 kasu bildu dituzue. Zer uzten dute agerian?

“Aurrerantzean gaztelaniazko eta katalanezko

ikasleak banatzeko aurrekariak sortzen ari dira”

 

Zer eragin du Espainiako presio mediatikoak katalanaren aldeko neurrietan?

Indar handia du. Harrigarria da. Hemen bizi garenontzat ebidentea da ez dagoela inongo gatazkarik. Espainiako egunkarian azalak halako hoztazunarekin ikusten ditugu, ironiaz eta baita umorez ere; esperpentikoa da. Baina, egoera aztertuz gero, igartzen da badagoela sakonean zabaldutako jarrera bat. Horren arabera, iritzi publikoak uste du Katalunian arazoa daukagula, gaztelania jazarri egiten dela, edo ez dakigula gaztelaniaz, gaztelaniar hiztunen eskubideak ez direla errespetatzen, hizkuntzaren arabera banatutako bi komunitate daudela. Ez da egia. Baina gezurra hainbestetan errepikatu dute azkenean jendeak horrela ikusi arte. Gero ohartu gara esaterako Wert Legea egin dutela eta jendeari normala eta garrantzitsua iruditzen zaiola. Espainiako estatuan aniztasun kulturalaren pertzeptzioa errealitatetik urrun dago. Ez dute sentiberatasunik onartzeko katalana bertako hizkuntza dela eta beraz normala dela esparru guztietan lekua izatea. Ondorioz, legeak ezartzen dituzte Katalunian, Valentzian, Balear Irletan… Dagoeneko badutelako oinarria katalana gaztelaniaren aurka doan hizkuntza maltzurra eta zitala dela esateko.

Espainiako Hezkuntza Lege berriak arriskuan jarri al du Hizkuntza Murgiltze eredua?

Bai, jakina. PPk Katalunian egin nahi duena da aurretik Valentziar Herrialdeetan eginikoa. Hor bi hizkuntza lerro daude, bata valentzieraz eta bestea gaztelaniaz. Behin bi lerroak egonda, askoz ere jende gehiago dago valentzieraz egin nahi duena, baina ez dago haientzat nahikoa plaza. Valentzieraz ikasi nahi dutenen portzentaia handiagoa da, baina ez dituzte nahikoa irakasle eta ikasgela. Gutxinaka lortzen dutena da ikasleak banatzen dituen espainierazko lerroa lehenestea da, eta berdintasun egoera eskaintzen duen valentzierazko lerrotik baliabideak kentzea. Hemen, Katalunian, inoiz ez ziren bi hezkuntza lerroak proposatu, mundu guztia integratzeko eredu bakarra baizik. Hizkuntza eredu bakarraren aldeko apustua egin zen, uste zelako gizartea kohesionatzeko eta integratzeko berme onena zela. Balore hauek ezaugarritu eta definitu dute hemengo eskola eredua. Oraingo aldaketa saiakera hauekin -13 familia dira seme-alabentzat gaztelania nahi dutenak- aurrekariak sortzen ari dira gaztelaniazko eta katalanezko taldeak banatzeko. Ondoren, hori zabaldu nahiko dute. Lehenbiziko epaileen sententziek ateratzen ari dira eta haien arabera administrazioak bermatu behar du gaztelaniaz ikasteko aukera. Wert Legea, LOMCE, zentzu horretan doa. Zentzugabekeria hutsa da, hemen ikasle guztiek primeran dakite katalana eta espainiera. Ez dago espainieraz ez dakienik, aldiz, egon daiteke kasuren bat katalanez hitz egiten ez dakien jendearena. Baina, gezurra zabaldu dute, eta hori ustez konpontzeko neurriak hartzen ari dira.

daniel mundet1

 

“Katalana ikasten duen etorkina

urte gutxian izango da hemengo”

 

Gizarte kohesiorako tresna gisa aurkezten duzue katalana. Nola lortzen da hori?

Argi dugu herri honetako gizartea eta kultura katalanak definitzen duela. Aldi berean, gizartearen ateak irekitzen ditu. Etorkinen kasuan adibidea jarriz, esan ohi dugu, hona etorri eta katalanez ikasten den pertsona bat urte gutxian ‘hemengoa’ izango dela. Inork ez luke etorkin gisa definituko. Aldiz, pertsona hori Madrilera heltzen bada, ziur aski, ez zion etorkin, kolonbiar, ekuatoriar izateari utziko. Katalanak balio du ikasten duenak gizartean parte hartzeko. Hizkuntza erabiltzen duenari aitortza ematen dio eta paper garrantzitsua integrazioan eta gizartean txertatzean. Hemengo jendearentzat hizkuntza oso garrantzitsua da. Kanpotik etorri eta bertan bizitzera gelditzen den batek ikasiko balu, lehenik eta behin, asmoen adierazpen garbia emango luke. Gainera, bermatuko dio gizarte bizitzan berdintasunean aritzea. Ez du esan nahi hitz egiten ez baduzu ezin duzunik egin, baina urrats hori ematea Madrilen, Andaluzian edo Gaztelan ez bezala, balio erantsia da.

Nola pertsuaditu etorkin latinoamerikarrak katalana ikastera?

Katalana plus bat da, aukera bat, ez hesia. Gaztelaniaz badakizu, eta guztiek ulertzen badizute, zergatik egin katalana ikasteko ahalegina? Azaltzen diegu gizartean integratzeko aukera gehiago eman dituela. Gaztelania jakinik katalana ikastea nahikoa erraza da. Ikastea, ulertzea eta hitz egitea erraza da, ez du ahalegin handiegia eskatzen. Beraz, ahalegin gutxirekin emaitza oso positiboak lor ditzakete. Gizartean integratzeko eta parte hartzeko plus bat da, lana aurkitzeko orduan ere bai. Katalana ikasteak gehitu egiten du, inoiz ez kendu, eta edozein kasutan egiten dakizun hori are hobeto egiten lagunduko dizu.

Hizkuntza eskubideak bermatu al daitezke estatu propiorik izan gabe?

(Itzulpenean lagundu dute: Montse Gomez eta Albert Brufau)

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra