IV. Plangintzaldia: Eusko Jaurlaritzako langileen balantzea

Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioan txostenaren balorazio ezkorra egin dugu ELA eta LAB sindikatuek eta Tiraka taldeak:
Eusko Jaurlaritzak orain arte egindakoaren balantzea porrota da.
Porrot horren arrazoietako bat da sail bakoitzak bere aldetik lan egin duela, edo ez duela lanik egin. Horrenbestez, Jaurlaritzak «plan nagusi» bakar bat izatea lehenetsi behar litzateke, besteen gainetik.

lopez-Urgell-Juaristi

PSEren ardurapean igaro da gehien bat IV. Plangintzaldia (Argazkia: Deia)

Normalizazio planak ezin dira sail bakoitzeko arduradunen gogoaren baitan egon. Hamabost urtez irizpide horiekin lan egin da, eta bide hori antzua gertatu dela agerikoa da. Sailek «erakunde bakartuak» balira bezala lan egiten dute lan, kasurik onenean.
Hori zuzentzeko, plan nagusi bat ezarri behar luke Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gidatuta, betiere sailen eta beste erakunde publikoen errealitate zehatzetara egokituta. Halaber, sail bakoitzean ebaluazio osoak eta independenteak ezinbestekoak dira.
Jaurlaritzak eredu, branka behar luke beste erakundeentzat, ez popa, egun bezala. Egungo atakatik irteteko, planteamendua eta irizpideak errotik aldatu beharra dago.

Ebaluazio zehatzagoak behar dira, lehenik eta behin
Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioan izeneko ebaluazio txostenak ez ditu Jaurlaritzaren menpe dauden langile guztiak hartzen. Azterketatik kanpo geratu direnak azterketan sartu direnak baino gehiago dira, 60.000 langile inguru. Izan ere, Osakidetza, Hezkuntza eta Ertzaintza ez dira ebaluazio txostenean sartu.

Zergatik eskaini da administrazio guztietako emaitzen bataz bestekoa?.
Ezin dira alderatu Eusko Jaurlaritza eta udalak, edo udalak eta Foru Aldundiak. Oso erakunde ezberdinak dira, bai neurriz, bai jardunez, bai baliabidez ere.
Bestalde bost erakunde publikotatik batek, garatzeke soilik ez,  euskara plana onartzeke izatea legez bete beharrekoa den arren, ez da saltoka hasteko modukoa, hala aurkeztu bada ere.

Azpimarratu nahi genuke, plana onartzea eta plan hori garatzea ez direla gauza bera, alabaina, euskara planen betetze maila ez da neurtu, jakin arren erakunde guztiek ez dituztela helburuak berdin zehaztu, bakoitzak bere erara baizik. Izan ere, Administrazio batzuek plan “osoak” garatu dituzte, beste batzuetan unitate jakin batzuetara mugatu dira, eta beste batzuetan, hori ere ez.

Arduradun politikoek dute euskararen erabileraren giltza erakunde publikoetan
Langileei jarduna euskaraz betetzeko eskatuz gero, ikaragarri haziko litzateke euskararen erabilera, egun batetik bestera, planik onartu gabe ere.
Balantzea egitean, ostera, arduradun politikoek langileen hizkuntza gaitasunean eta erabileran jarri dute arreta bereziki, agintarien hizkuntza gaitasunari, erabilerari eta ardurari zeharka begiratuz.

Euskara teknikarien ekimenaren eta langileen borondatearen bizkar utzi dute arduradunek euskararen normalizazioa Eusko Jaurlaritzan. Horren eraginez, hainbat teknikari «erre» egin dira, babesik eta laguntzarik ezaren ondorioz. Badira egoerarekin etsita, lanpostua aldatu duten teknikariak edota dimisioa aurkeztu duen arduradunik ere.

Horrela ez goaz inora. Norabide aldaketa ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzan.

 

Balantze osoa hemen:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1373271165

 

 

Zer duzu buruan “IV. Plangintzaldia: Eusko Jaurlaritzako langileen balantzea”-ri buruz

  • Iban Tustan 2013-07-11 13:54

    EAJ-k idatzi du PSEren agintaldiko “lorpenen” balantzea. Dena ongi omen dabil.
    Zein ondorio atera behar dugu? EAJ eta PSEren hizkuntz politika bat eta bera direla?