Euskara da hizkuntza minorizatuen artean dinamikoenetako bat, baina egoera ez dago besoak gurutzaturik egoteko.
Hizkuntzak funtsezkoak dira gizartearen arlo guztietan. Gizartearen erronka berrien aurrean, hizkuntza gutxituek dituzten erronka berriez aritu dira hainbat profesional, Euskalduna Jauregian, Emunek antolatutako ekitaldian.
“Munduan 7.000 hizkuntza daude. Zerotik hamarrera eskala batean, hiztun kopuru aldetik, euskara non kokatuko zenuke?” Kike Amonarrizek bota du galdera. Soziolinguista eta telebista aurkezleak normalean jasotzen dituen erantzunetatik, gehienek 3 eta 5 artean erantzuten dute. Baina erantzuna 9 da. Eta horrek beste galdera bat dakarkio Amonarrizi: “Zein pertzepzio dugu geure buruaz?”.
Euskararen egoera ez da uste dena bezain eskasa. Baina, badago zer hobetu: “Denok dakigu, ezagutzatik erabilerara salto handia dagoela”. Euskara da munduko hizkuntza minorizatuen artean dinamikoetako bat, baina, egoera ahulegia dela gogoratu du: “Ezin dugu besoak gurutzaturik gelditu”.
Globalizazioa, Internet eta teknologia berriak ere aipatu ditu. “Komunikatzeko ohiturak aldatu dituzte. Mehatxu eta aukera berriak ekarri dituzte”. Kultura, aniztasuna eta partehartzea hizkuntzaren bidez lotu egiten direla dio.”Hizkuntza komunaren bidez eraikitzen da komunitatea”. Gainera, mundua hemen dagoela gogorarazi du: “Mundu osotik heldu zaizkigu euskal herritar berriak, hizkuntza desberdinez bete zaizkigu ikasgelak eta kaleak; aniztasuna Euskal Herriaren eta munduaren ezaugarri nabarmenetako bat da”. Aniztasun horretan, euskara kohesiorako eta integraziorako tresnatzat du Amonarrizek.
Plataforma per la Llenguako kideek ere berdin uste dute. Dani Mundet zuzendariak bideokonferentziaz azaldu du Katalunian ere katalana bultzatzen dutela, kohesiorako tresna gisa. “Hizkuntza berri bat hartzeak ez du esan nahi beste bat baztertzen denik, baizik eta, kohesiorako oso tresna garrantzitsua da”.
Emunek, marka berritu.
Emunen bi bezero ere egon dira ekitaldian: Irizar eta Fagor. Beraien enpresetan euskara planak garatu dituzte Emunekin batera, eta bi enpresek nabarmendu dute ez dela bakarrik enpresa barrura begirako erabakia izan. Eguneroko lanean euskara normalizatzeko lana hartzeaz gain, gizartearekiko konpromisoaz aritu dira bi enpresetako ordezkariak.
Ager Insunza: “Ez da bakarrik euskarak guri ematen digun prestigioa, da ere bai guk euskarari eman ahal dioguna. Hori da gure betebeharra ere bai”. Leire Okarantza, Fagor Taldeko idazkari teknikoa: “Enpresa kudeatzea, hizkuntzak kudeatzea ere bada, bai Euskal Herrian eta baita kanpora begira ere”.
Gainera, Emunek marka irudi berria ere aurkeztu du. Orain arte “Lan mundua euskalduntzeko kooperatiba” izan dena, hamasei urtean hartutako esperientziatik eta hausnarketa prozesu baten ostean, “Euskara eta berrikuntza soziala” da Emunen misio berria.
Horrela azaldu du Dani Larrea zuzendari nagusiak, eta irudi berriko ikurrak ere hori adierazi nahi duela azaldu du Ainhoa Elicesek, marketin zuzendariak: “Zerbait ikasi badugu izan da entzun egin behar dugula. Hori da gure irudi berrian jaso nahi izan duguna: alderantziz jarritako bokadillo bat, guri hitz egiten diguna, Emunek entzuteko”. Emunen esentzian dagoen hizkuntzaren lotuta dago. “Euskararen e hizkiaren bihotzetik ateratako ikurra da”.