‘GAZExpress’, GAZEko azken tailerra, ekainaren 11n
GAZE proiektua (GAZTE EKINZALE) 2008an sortu zen gure lurraldeko goi-hezkuntzako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko xedez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak babesten du. GAZE, gobernantzaren oinarrizko printzipioen arabera kudeatu behar zen programa estrategiko gisa hauteman zen hastapenetik. GAZEren gobernantzak, programaren ziklo osoan ikasleen partaidetza aktiboa eskatzen du, eta lau dimentsioren inguruan dago ardaztuta: partaidetza, aniztasuna, konpetentziak eta kultura. Aurtengoan, proiektua gure lurraldean egoitza duten goi-hezkuntzako hiru erakunderen lankidetzarekin ari da garatzen: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta TKNIKA lanbide heziketarako sarea.
Dakizuenez, pasa den maiatzaren 8an, UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean, ekin genion GAZEko tailerren egitarauari. Gure begiradak datorren ekainaren 11ko, astearteko, GAZExpress tailerrean jarrita daude orain. Ikasturteko azkena izango da, eta Donostiako Carlos Santamaria Liburutegiko erakusketa aretoan egin dugu hitzordua (10:00-13:00). UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko zein TKNIKAko irakasle eta ikasleei luzatu diegu tailer parte-hartzaile honetan esku hartzeko deialdia.
Hainbat gai landuko ditugu: Gipuzkoako goi-hezkuntzan ekimenaren zentzua sustatzeko helburua duten esperientziak aurkeztuko ditugu, GAZEko blogaren eta aldizkariaren berri emango dugu, ekintzaile izateko beharrezkoak diren gaitasunak jorratuko ditugu… eta lunch goxo batekin amaituko dugu ekitaldia. Animatzen? Ez genuke eserlekuak hutsik geratzerik nahi… Bertaratzen direnei, ziurtagiriak emango zaizkie, gainera.
Hemen duzue ekainaren 11ko tailerrerako prestatu dugun egitaraua, eta baita topaketa iragartzeko erabili dugun kartela ere:
http://gaztekintzaile.wordpress.com/programa/
Argibide gehiagorako edo izen-emateetarako:
GAZEko Idazkaritza Teknikoa
943 018395
gaztekinzale@gmail.com
http://gaztekintzaile.wordpress.com/