Lapsus historikoa
Ez dago bekatua aitortzetik hastea baino gauza aste santuartiagorik. Santa Maria katedralean izan naiz joan den oporraldian. Bai, horrela da. Are, kaskoa ere jantzi nuen izen bera daraman fundazioaren eskutik Ebroz beherako turistekin batera hara eta hona ibiltzeko. Ez dago norbere hirian egun batez turista sentitzeko kapritxoa bezalakorik.
Horrelakoetan konturatzen da bat, zein urrunetik idatzi den hain hurbileko historia. Bizi garen hiri hau, betidanik armadazale-erdaldun-jauntxo-elizkoi-gaztelauen bizileku izan dela pentsatzera heltzeraino. Hori daukalako egia absolutuen jabe izateak, herri baten historia bost minutuan kontatzeko gaitasuna ematen dizula konturatu orduko. Ahalmen jainkotiar miragarriren bat, jendeak gauzak betidanik nola izan diren ulertuko duenaren segurtasun osoa, biblia eskuetan hartu eta predikatzen hastea bezain erraza.
Misterio bat omen delako oraindik orain, hain biztanle gutxi biltzen zituen herrixka batek zertarako behar zuen garai hartan horrelako harresi bat inguruan. Noren kontra babestu beharrik ez zutelako ordukoek, orain bezala, gaztelauak izan direlako beti. Ahaztu bederatzi hilabetean gasteiztarrek sufritu behar izan zuten setioa, hori historiaren tolesduretan galtzen den detaile ñimiñoa baino ez da. Baskoiak harago bizi ziren beste batzuk zirelako, Nafarroako erreinua ziztu bizian pasatako mende erdiko lapsus
histeriko ezdeusa. Bestela gaude kaskoa jantzi eta betikoek kontatutako betikoen historia hegemonikoa irentsita, Gaztelan eroso bizitzea helburu duten foruzale meneko denok. Nahi ez dutenei ere pasatuko zaie gero bikarbonato apur batekin.
Horrela kontatzen da hemen gure historia eta horrela kontatuko da hegemonikoak kanpokoak izaten jarraitzen duten bitartean. Gogorra da esatea, baina horrela bizi dut. Normaltasuna da nagusi gurean agidanez. Horretarako “normalkeria” lar jan behar izan dugunaren sentipena dut nik momentu honetan ordea.
Gasteizko alde zaharrean laugarren harresia eraiki beharko dugu oraindik, esaten nion aurreko batean lagun bati garagardo arteko berbaldi horietako batean. Ez zen broma. Memoria historikoak behar luke harresi horrek, goitik erortzen zaizkigun harrietatik babestuko gaituen kaskoa. Eta ez zer garen justifikatzeko zer izan ginen esplikatzen ibili behar dugulako, hori niri denbora galtze aspergarria iruditzen zait. Zer izan ez garen ulertu ostean, hainbeste urtean gainean daramagun gurutze santu hau gainetik kentzeko baino. Memoria historikoak harresia izan behar du izatekotan, ez proiektu politiko baten orube. Eta dudarik gabe, beharrezkoa da.
Ekainaren 1an Martin Ttipia elkarteak Gasteizko hiribildu nafarra defendatu zuteneei homenaldia egingo die, hile osoa hainbat ekitaldi egin ondoren. Izan direlako gara…
http://martintxipiadotcom.wordpress.com/acerca-de/