Orain bai garela benetako jator

Behin eta berriz galdetu izan digute euskaldunoi zergatik eta nola ematen diegun halako garrantzia gure jatorriaren inguruko kontuei.  Zergatik ardura dizue hainbeste nondik zatozten? Zer axola du noizkoak zareten? Zuen hizkuntza noren ahaidea den jakiteak zer adura dio? Etc.bekain bakarra

Egia esan, Euskararen Jatorria Elkartekoak kenduta, gehienok konformatzen gara beste edozein herri, etnia edo hizkuntza bezain zahar garela pentsatzearekin, baina oso maiz, txiki eta kaxkar izate honek, geure erroetan sakontzera eramaten gaitu, Santimamiñen edo Ekainen aurkitu behar bagenu bezala benetan izateko arrazoia.

Gauzak horrela, asko modernotu gara Aita Barandiaranen garaietatik, baina ezin uka, hala ere, poza ematen digutela gure zuztarrak hemen aspaldikoak direla dioten albisteek. Horietan  azkenekoak Praileatziko Neanderthal kontuak izan dira, nik dakidanez.

Bistan geratu ei da, Cromagnonaz harago, Neanderthalak ere izan zirela gurean, eta ez duela 10 edo 20 mila urte, Europako edozein magdaleniarrek  bezala. Bai zera! Gu beti beste guztiak baino harantzago jatortasun kontuetan, akabo ba!: 40.000/120.000  urteren arteko kontua da gure aitona-amonak hemengo koba-zuloetan xirrika ibilitzen zirenekoa, Praileaitzeko aurkikuntzen argitzen omen dutenez.

Eta zer nahi duzue, ba, oso ondo iruditzen zait nire hemengotasun hau hain aspaldiraino errotzea, askoz hobeto sentitzen naiz, nor izateko arrazoia borobilagoz kargatuagoa, nolabait, baina bi bekain hauek bat egiten duen ilelerroa depilatzera noa oraintxe bertan. Gehiegi ere nabari ez dadin nire antzinatasuna.

Airetik bizi naiz. Ia.

10 pentsamendu “Orain bai garela benetako jator”-ri buruz

  • Sentitzen dut zure ilusioa zapuztea, baina gu ez gara Neanderthal jatorrikoak. Gure arbasoak, beste edozein Cro-Magnonenak bezala, Afrikatik datoz.

  • Iñakito Garay 2013-05-12 20:31

    Assar, badakit gizon ona zarela, baina gezurtia ere bai: nola izango naiz ni afrikar jatorrikoa? Hori hegaztiak ugaztun edo koleoptero direla esatearen modukoa da: tximinotik gatoz, bai baliteke, batez ere zu zeu, baina ez ni. Gainera, neanderthalak baziren Praileaitzen, nola liteke gu ez izatea haien ondorengo? Et, et, et, bada hemen zer edo zer ondo ulertzen ez dudana…

    • Iñakito, txantxetan ari zara, baina ez dakit zein neurritan. Badaezpada ere, zuretzat edo zuretzat ez bada ez dakienarentzat:
      Neanderthalak nahiz eta denboran Cro-Magnonaren aurrekoak izan daitezkeen, ez dira Cro-Magnonaren giza espezie bera. Afrikatik etorritakoa da Cro-Magnona, Neanderthalak Europan eta Asian kokatzen ziren. Euskaldunak, oso astakirtenak izan bagaitezke ere Cro-Magnonak gara.
      Esandakoa, baten bat galdurik bada…

    • Iñakito, ez izan dudarik zu ere Afrikatik zatozela. Hori bai, seguru Euskal Herriko neanderthalek jadanik euskaraz hitz egiten zutela, eta gero guri pegatu zigutela…

  • Nahiko Neanderthal daude oraindik Euskal Herrian, baina bata besteekin xirririk egiten ez dituzten horietakoak.

  • Peru Dulantz 2013-05-13 15:13

    Hala ere, azken teoriek diotenez, Neanderthalak eta gizaki modernoak nahastu omen ziren, eta munduko gizaki guztiok (afrikako beltzak izan ezik) Neanderthalen geneak omen dauzkagu…

  • Euskaldunak eta Espainolak jatorri berbera al dugu? Ez da posible! Nire ustetan herri euskaldunak eboluzio independentea izan zuen, horregatik sortu zuen bere hizkuntza propioa eta hizkuntazren jatorria ere ezezaguna da.

  • Bai, Joxean, bai.
    Espainian eta euskal espainolistak sapiens-sapiens “last generation” zarete guztiak, kar, kar !!

  • Momentu horretan, aitak semeari esan zion ingelesez: «Begiratu, seme; hizkuntza hau Europako jatorrizko hizkuntza da».
    “Lotsa sentitzen dugula ematen du, eta susmatzen dut horretan zerikusi handia duela…”

    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-16/004/001/begiratu_seme.htm

  • Spain is big 2013-05-14 08:29

    Segurua den gauza bakarrenetakoa da, kromainon eta niandertal agertu orduko, Espainia inperio kosmopolitta zela, eta eguzkia ez zela gordetzen ahal, haren mugetan. Areago, Espainiako konstituzioak eman zigun Praileaitzen, Santimamiñen eta Zugarramurdin, kobazulo autonomo batzuk edukitzeko aukera.