-“Kontrolpean dago. Ez dago liskarrik” -“Sartu daukagun guztiarekin Herrikora”
Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen ertzainen kargaren bilakaera azaltzen duen audioa eta transkripzioa argitaratu dituzte Garak eta Naizek. Ertzain patruilek hiru aldiz esan zioten buruzagiari egoera “kontrolpean” zegoela. Halere, karga egiteko deia jaso zuten.
2012ko apirilaren 5ean Bilboko Maria Diaz de Haro kalean Iñigo Cabacas Athletic-eko zalea hil zuen Ertzaintzaren pilotakadaka batek. Auzia ilun da ordutik, ez dago inputaturik. Cabacasen gurasoek ikerketak fruituak emango dituen itxaropenak galtzen hasiak dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saileko Estefania Beltran de Heredia “istripua” dela entzun ostean.
Justiziaren moteltasunak eta Ertzaintzaren lehengo eta oraingo buruen pasibotunaren aurretik ibili dira Gara egunkariko kazetariak. Gaur argitaratu dituzte Naiz-en eta Garan, lehendik egindako ikerketak osatuz, apirilaren 5ean Ertzaintzaren kargan parte hartu zuten patruiletako kideen eta Deustuko Ertzain Etxeko buruzagien arteko elkarrizketak.
Elkarrizketen kronika Deustuko buruzagi eta bi patruilen artean (audioa eta transkripzioa hemen):
- Gazte batek zaurituak eragin zituen baina amaituta zegoen borroka baten berri eman zion Ertzaintzari.
- Ertzainen patruila (1) Herriko ingurura hurbiltzeko deia egiten dute “borroka bat dagoelako”. Bi furgoneta hor daude.
- Patruilek (1) lekua leporaino beteta dagoela diote, eta ez dela borrokarik ikusten.
- Ertzain etxetik “Herriko”-ra sartzeko deia egiten diete patruilei, “liskarrak amaitzeko”.
- “Egoera kontrolpean dago”, Diaz de Haro kaletik (2) patruilak. Halere, karga bat egiten dutela dio (1) patruilak.
- Laguntza gehiago eskatzen dute Deustutik “kargatzen ari gara eta atxilotuak ditugu”.
- Objektuak botatzen ari zaizkiela diote patruilek (2). “Babestuta gaude furgonetetan”. Barrura sartzeko furgoneta bat gehiago eskatzen dute.
- Deustutik: “Sartu zure furgonetarekin (2) eta zabaldu Herriko tabernan”
- Patruilak (2): “Egoera kontrolpean dago. Ez dago liskarrik”
- Deustutik: “Sartu kallejoian dugun denarekin, sartu Herrikoan jarri egoera kontrolpean (…) Orduan egongo da egoera kontrolpean”
- Kargari ekiten dio (2) patruilak: “¡Suave, suave, suave, suave!!”.
- Patruilak (2) anbulantzia eskatzen du zauritua dagoelako: “Pilotakada edo zorabioa izan du”
- Deustutik: “Zorabiatu egingo zen…”
- (2) “Kontrolpean dago egoera, baina bidali anbulantzia pilotadaka jaso duela dirudi”
Ondorio argiena zera da: Egoera begi bistan zuten ertzainek dena kontrolpean zela zioten arren, Deustuko buruzagiak “Herriko”-aren ingurura sartzera tematu ziren.
Informazio hau jakinagatik, Eusko Jaurlaritzak “istriputzat” jo du Cabacasen heriotza.
inor harritu al du ebidentzia honek? niri ebidentzia lortu izana iruditu zait berezia, ez edukia. Oso ikusiak ditugu zipaioen bortxa eta biolentzia. EAJotakoren bat asaldatu bada, ebidentzia publiko egin delako asaldatuko zen…
Polizia berri bat hutsetik sortzeko aukera izan eta hau da PNVk ekarri digun emaitza…