Quousque tandem, Jorge!

http://alteretaego.wordpress.com

 

33_egunsentia ilunabartzen

Argazkia: Egunsentia ilunabartzen
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×5760px (2:3)
Sortze data: 2013/02/01
Latitudea: 43º 25,773´ N
Longitudea: 2º 48,503´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f/4L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/250?
Sentikortasun eskala: 160 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Berandu idoro nuen Jorge Oteiza. Hamar urte bete dira, pasa den astean, zendu zitzaigunetik. Bitxia da gero, harrezkero, bere hutsa ezin betez gabiltzala aitortzea… Nahita egin izan balu bezala.

Eskerrak Youtube geratzen zaigun belaunaldi berrioi. Liburuak ere bai, noski, eta ugariak dira Oteizaren ingurukoak. Bere idazmakinan idatzitakoak ere baditugu eskuragai oraindik, zorionez. Baina Oteiza bezalako jenioen diskurtsoa ulertzeko, eta barka biezadate puristek, ikus-entzunezkoak sekulako indarra eskaintzen du.

Izan ere, hitzen bitartez azaltzen zuenak beste -edo gehiago- esaten zigun haren gorputz-espresioak, indartsua benetan. Gainera, Oteiza, bere pareko beste jenio asko bezala, gauza bat eta bere aurkakoa esateko gai zen: artista bat. Berari entzuna da artistak, definizioz, tranpa egileak direla, eta tranpak egiteko daukagun tartea txikiagoa da gure gogoetak hitzen bitartez  agertzen ez ditugunean.

Bere lana azaletik bakarrik ezagutzen dugunok, ezinbestean, Oteiza hutsaren estetikarekin lotzen dugu, hori izan baitzen, beharbada, bere ekarpen gorena. Baina esperimentazioaren bidean, bestelako ekarpen ugari egindakoa da: aitzineuskara zaharraren aitzindaria eta indoeuropar aurreko hizkuntzak lotzeko plazaratu zituen teoriak, adibidez. Kolokan jartzeko modukoak suerta daitezke, batzuk, baina nor gara gu kulturak utzi dugun totem handienetako baten gogoetak zalantzan jartzeko? Ziur nago, bizirik balego, ez ginela horretara ausartuko. Nori, eta Oteizari!

Argonautak, Kaukasoa edo urrezko ardi-larrua zerabiltzan aipatu dudan teoria azaltzeko. Ez naiz ni orain Kretaraino joango Minotaurotan; Sevillan egin nahiko nuke geldialditxo bat.

Lagun baten ezkontzak eraman ninduen, lehenengo aldiz, hiri zoragarri horretara. Larunbatez zen ezkontza, eta ostiral gauean modako zer batean geratu ginen tragoxka batzuk hartzeko. Baina haurdun geunden garai hartan, eta gainontzekoek baino goizago hartu genuen hotelerako taxia, beste bikote bat lagun.

Atsekabe txiki bat hartu genuen, hasieran, andaluziar taxilari txiste-kontalariaren ordez Europa ekialdeko gidari serio bat egokitu zitzaigunean. Baina, behin disgustua gainditu ostean, tertulia ederrean egin genuen laurok hotelerako bidea. Maestranzako Puerta del Principe aurretik igarotzearekin batera etorri zen ezustekoa.

Bat-batean, eta manera onak erakutsiz, taxi-gidari georgiarrak ea galdera bat egin ahal zigun esan zidan. Berehala konturatuko nintzen moduan, erabat lekuz kanpo harrapatuko ninduen: euskaraz ari ginen galdetu zidan!

Espainiara etorri orduko, kartvelieraren eta euskararen artean, hitz askotan behintzat, zegoen antzekotasunak harritu zuela behin aitortu zigun. Eta horretan saltseatu guran zebilela, Niko Marr delako baten liburu bat aurkitu omen zuen, hain justu ere, gai horren inguruko bere Teoria Jafetikoa plazaratuz, gerora galdu egingo zuena.

Harrezkero, eta gogotik saiatu naizen arren, ezin izan dut liburu hori aurkitu. Norbaitek bere berri balu, mesedez, jakinarazi. Aitzakia polita litzateke Sevillara emaztearekin beste ihesaldi erromantiko bat egiteko. Taxilariari eskura emango nioke eta, bide batez, Oteizak proposatzen zuen euskal arimaren berreskuratzea saldu.

Ego dixi.