Zarautz: Etxe hutsak, luxuak eta eskubideak
2.800 etxe huts inguru daude Zarautzen. Etxe hutsen herri bat da. Ohe txukunak dituzte, desegiten ez direnak, hilabete bat eta hurrengoa pasa. Argitzen ez duten lanparak. Inor berotzen ez duten berogailuak. Erabiltzen ez diren sukaldeak, esne briken bat ozpinduta, gogortuta, udatiarren batek ahantzi zuena desentxufatutako hozkailuan. Hautsa hartzen duten egongelak. Zimeldutako landareak balkoian, belztuta, edo batere ez. Hilda daude etxeok, pertsianak beti itxita. Gau bat etorri, bestea joan. 2.800 etxeetan hori da eguneroko errutina urteko hilabete ia guztietan: ez da ezer gertatzen.
Eta bitartean, ezagutzen ditut espainiar ‘demokrazia’ baino zaharragoak diren gazteak, eta ezin dutenak haien jaioterrian sabairik topatu. Joan behar dutenak Altzolara, inguruko herrietara, Lasartera… ezin baitute hilabeteko Zarautzen eskatzen zaien errenta ordaintzea amestu ere egin. ‘Aitaren etxea defendatuko dut’, zer erremedio, ez baitut beste etxerik. Ezin baitut independentzia desiratua lortu, ez eta niretzako ere, dependentziaz oka egiteraino ase garen garaiotan.
Zarauzko Udalak, Gipuzkoako beste hainbat udalen gisan, ohikoak ez diren etxebizitzen IBIan %100eko errekargua egin berri du jende on askoren aztoramenerako. Legebiltzarrari “etxe hutsa” juridikoki definitzea noiz okurrituko zaion itxaron gabe hartu du Udalak errekargu hau burura eramateko erabakia; beharrezko erabakia, arriskutsuki arrunt bihurtutako egoera bidegabe hau eraldatzeko. Bestela kanpora joatea beste aukerarik ez baikenuke izango, edo gurasoen bizkarroi izan in saecula saeculorum.
Etxe kaleratzeen gaia bolo bolo dabilen honetan, burla bat da bigarren edo eta hirugarren etxebizitza hutsa izatea. Luxu hutsa. Pobretzen gaituen luxua da, herriaren bizigarri behar genukeen gazte formatu eta aktiboak kanpora bizitzera joatera kondenatzen baikaitu. Orain kexu direnak ohartu beharko dira eskubide batez ari garela hitz egiten, etxebizitzaz ari garenean. Ohartu beharko, espekulazioaren garaiak amaitu direla. Ez dugula nahi jendea etxerik gabe. Ez dugula nahi etxerik jenderik gabe.
Lotsagarria da benetan oinarrizko eskubide bat, etxebizitza bat izatea alegia, luxuzko gauza bihurtu izana.
Espekulatzaile guztiei zerga asko handiagoak jarri beharko liekete, alokatzera behartuko lieketen zerga bat.
Aita gehiegitxotan aipatu dut (aitarekin bizitzearen ajeak 😛 ) eta aldaketaren bat gehitu diot testuari. ‘aitaren bizkarroi’ beharrean: ‘gurasoen bizkarroi’ jarriz. So sorry.
Baina nik ez dut IBI-a bikoiztearen eta etxe horiek alokairuan jartzearen arteko lotura hain garbi ikusten, hau da, IBI-a igotzeak espekulazioa murriztuko du ziur? Merke salduko dira etxeak? Merke alokatu? Etxe horien jabeek agian saldu beharko dituzte etxeak, baina ze preziotan? edozein gaztek ordaintzeko moduko prezioan? Neurri honek egoera nola aldatuko duen ez dut hain garbi ikusten.
Ba nik uste dut lasai asko ordainduko dutela IBIaren igoera. Zoritxarrez, zarautzen edo beste edozein tokitan etxe hutsak dituztenek ez dute estutasun ekonomikorik eta beraitzat diru hori pagatzea, bi pezta pagatzea bezala da.
Malekoi aurreko pisuetako jabeen %60a baino gehiago seguru jauntxo madrileño frankistenak direla. Zarautzeko pisu hori, dituzten 10etako bat besterik ez da. Etxe hutsen jabeek diru premia izango balute, saldu edo alokatuko zuteen onezgero.
Badakit zarauzko inmobiliaria batek duela 2 (edo 3 urte, ez naiz gogoratzen eta denbora azkar pasatzen da ) jaso zuela dei bat malekoi aurreko etxe horietako bat erosi nahi zuen batengatik eta edozien prezio onartzeko prest zegoena, eta inmobiliaria horrek ez zuen lortu jaberik etxea saltzea nahi zuenik (gehienak itxita egonda). Argi, hauek ez dutela ditu premiarik.
Niri ez zait gaizki iruditzen IBI-a igotzea. Baina sortzen zait zalantza:
Gipuzkoa erdialdean bizi diren gurasoek (abertzale euskaldunak), askoz merkeago zeudenean, etxea erosi zuten zarautzen. Ordutik, asteburu pasa eta udako oporrak pasatzera joaten gara. Bigarren etxea, “etxe hutsa”, ohe txukunak, tarteka esne ozpindua…
Hori burla egitea da?
Espekulatzaileak gara?
Abertzale euskaldunena datu kruziala zen, bai horixe.
Bada, ni Oierrekin ados nago, izan ere,
nire hurbileko lagun ugari, horietako abertzale euskaldun askoren erruz
kanpora joan behar izan du bizitzera.
Baina tira, segi dezatela asteburutan joaten,
baina ordaindu dezatela dena bezala, luxu burges bat.
Animo.
Tira, mesetakodolkiak eta Mirenek arrazoi parte badute.
Baina egia da ere, jende ‘on’ askoren aztoramena badela lorpen bat.
Lehen komodo ziren egoera aldatu da, eta orain poltsikoari begiratu behar diote.
Ez da soluzio onena, ez da perfektua… baina behintzat ekintza bat da bide onean.
Ea legebiltzarrak etxeko lanak egiten dituen, eta ‘etxe hutsa’ zer den definitzen duen.
Horrela Udalek tresna hobeak izango dituzte etxebizitza politika eraginkorrak bultzatzeko.
Bitartean halakoak nahiago mila aldiz, geldirik egotea baino, ala?
Berdin zait fatxa madrildarra edo Gipuzkoa erdialdeko abertzale sutsua izatea Zarautzen etxea duena, gero ideologia ezberdinetako gazte zarauztarrek Getariara joan behar badute bizitzera, nahiz han ere etxean bezala sentitu.
Zarautzen gertatzen dena larria da, baina ez dakit IBIaren %100eko igoeraren gai horrek zenbateraino konponduko duen arazoa, hortik aipatu duten bezala etxe bat baino gehiagoren jabe askok dirua soberan baitute. Diru arazoak dituzten Gainera, iruditzen zait Oierrek aipatu moduan “etxe hutsa” definitzeko dago exaktuki, kasu bakoitza ezberdina baita.
Gauzak diren moduan izanda, ni “Pariak Bai”-en arrazoiak gidatzen nau uneoro, eta honetan ere ezin zuen salbuespena izan: “Herrian lan egin, eta bizitzera nora alde egin? Herriko gazteei begira, etxebizitzak nun dira?”.
Barkatu, “diru arazoak dituzten Gainera iruditzen zait…” esaldian akats bat dago.
Esan nahi nuena zera da. Diru arazoak dituztenen artean, eta herentziagatik edo etxebizitza bat baino gehiago dutenen artean badagoela halako joera bat etxea saltzen edo alokatzen jartzeko, Zarautzen, Getarian, Donostian eta kasakriston. Baina kontua da IBIaren igoera horrek kalterik eragingo ez dion hori, normalean, malekoiko etxeetan bizi dela edo Gipuzkoa erdialdeko abertzale sutsuak direla, eta ez duela bigarren etxea husteko asmorik txikiena ere. Hori ez litzateke arazo agian beste herri batean, baina bai Zarautzen, non etxe huts asko jende honen eskuetan dagoen.
Ez dut daturik eta ez dakit exaktuki nola den, baina lepoa jokatuko nuke etxe hutsen gaineako IBIaren igoera ordaintzea gutxien axola zaienak trenbidetik iparraldera bizi direla…garai batean “Zarautz pijoa” bezala deitzen hasi zitzaion zonalde horretan.
Agurrak.
IBIarekin bildutako diru horri esker, beharbada garai hauetan udal guztietan ikaragarri murriztu den aurrekontua Zarautzen hobetu egingo da, besteak beste, etxebizitza politikan zerbait egin ahal izateko. Izan ere, udalak diruz larri daude edozer gauza egiteko. Gainera, asko ala gutxi izan, jabe batzuk bederen behartuak egonen dira urteko parte gehienean etxea hutsik ez edukitzera. Orduan alokairuaren prezioa litzateke arazoa, baina horren gainean legeak egitea uste dut ez dagoela Zarauzko udalaren eskumenean…
Donostian ere antzeko arazoa dago. Nire kuadrilla osoa Donostiatik kanpo bizi da, hemen etxea ezin erosita edo ezin alokatuta.
Niri oso ondo iruditzen zait “bigarren” etxe huts horiei zergen bidez egurra ematea. Eta askoz gehiago gainera. Kontzientziatu beharra dugu denok etxebizitza, eskubide bat izateaz gainera, arazo sozial ikaragarria dela. Beraz, luxu gisa etxebizitza huts bat izateak zergapetua egon behar du, gogor, arazo sozial hori areagotzen duenez.
Eta bai, maizegi, horrelako gaietan burgesak eta madrileñoak aipatzen dira, baina hemen presio handiena Gipuzkoako beste herrietako “dirudunak” dira. Ezkerrekoak omen diren zenbatek eta zenbatek dituen hemen bigarren etxeak, hutsik… edo asteburu batzuk pasatzeko.
Bi oilodun iraultzaile asko hemen ere:
http://www.eitb.com/eu/audioak/osoa/867527/erraza-da-besteen-poltsikotik-iraultzaile-izatea/
Bi oilodun iraultzaile gehiegi euskal herrian. Egi galanta!! ederra Ametsen hausnarketa.
Bere eguneroko ibilgailuaz gain hamar milaka euro balio dituen Mercedes Vitoa, Transporterra edo Autokarabana guai hori daukadanari noizko zerga hirukoizketa? Klima ozeanikoan bizi arren zergatik gastatzen ditugu kristoren dirutzak ternua eta norfeizetan? Gure camper coolak edo salomon oinetako himalayistei noizko zerga berezia?
Ni Arzallusekin bat nator. Oilodun sobera.
Bigarren etxebizitzari zergak handitzea oinarri – oinarrizko gauza da. Baina horrekin bakarrik ez da askorik egingo eta eskertzekoa litzateke ere adibidez Zarautzeko udalak esplikatzea zer egingo duen Talai-Mendin egingo dituzten txaletak bezalakoak gehiago eraiki ez daitezen, azken urteotan esleitutako VPOak desjabetzeko eta alokairu soziala bultzatzeko neurriak hartuko dituen, plangintza urbanoan jabetzapeko VPOak desagertaraziko dituen…
Bestalde, Zarautzek herri bezala problema bat du. Turismotik bizi da eta bizi nahi du baina batzuk turismorik ez balego lez jokatu nahi dute. Euskal Herriari gertatzen zaion antzeko gauza. Antikapitalismoa dugu helburu baina Europa kapitalistaren erdian gure ekonomiaren %99,99a eta diru-iturrien %99,99a, baita antikapitalisten %99,99ena ere, munduko kapitalismo zoroaren alde zapaltzailean kokatzen da.
Honi buelta emango bazaio, imajinazioa beharko da, baina baita gezurrik ez esatea ere. Hau da, madrildar pijo horiei eta gipuzkoar dirudun horiei esker jaten du Zarautzen zati handi batek gaur egun, eta horrela jan du azken urteetan. Etorkizunean ikusiko dugu.
Ildo beretik, irratian esan dute Donostian 1.000 etxebizitza berri doazela Martutene bota ezkero, planeamentuaren arabera gehienak Babes Ofizialekoak – VPO. Bada ea alde batetik Zubietako kartzela geldiarazten den, eta bestetik ea jabetzapeko ehunaka VPO egiteko astakeria gelditzeko gai den Donostiako Udala. Jabetzapeko VPO berri bat bera ere ez = 100% alokairu sozialera.
Bigarren etxebizitzari zergak handitzea ondo dago, baina meloiari eskua sartzen ez zaion bitartean (Lurraren legea, udal planeamenduak eta abar, hots, alokairuaren prezioak ez jaistea bermatzen duen makinaria guztia, eta jendea jabetzara bideratzen duen montaje guztia) demagogia usaina hartzeko arriskua dago guztiari (bai ustezko aldarriei, bai ustezko politika berritzaileei).